Cabrera lursagua Iberiar penintsulako karraskari endemiko bat da eta azkeneko hamarkadetako nekazaritzaren intentsifikazioak eta gehiegizko abeltzantzak bere banaketa eremuaren zatiketa eragin dute, espezie honen egoera zailduz.
Genero honetako espezien artean tamaina handienekoa da Cabrera lursagua. Burutik isatsaren hasierara 116-130 mm izan ditzake eta isatsaren luzera berriz, 33-46 mm-koa. Hankek 20-22 mm neurtzen dute eta belarriek 13-16 mm. Batez besteko pisua 40-68 g artean egoten da. Tamainari dagokionez, ez dago dimorfismo sexualik, baina pelbisaren dimentsioetan aldeak daude ar eta emeen artean. Ilajea luze eta dentsoa du, gris-oliba kolorekoa alde dortsalean eta krema ilunezkoa bentralean. Hankak arre kolorekoak dira baina behatzak argiagoak izaten ditu, eta isatsa berriz, horixka da azpialdetik eta arrea gainaldetik. Gazteen ilajearen kolorea uniformeagoa izaten da gorputz osoan, grisaxkak oro har. Lau ugatz pare dituzte, bi bularraldean eta bi iztaietan. Lursagu hauek kraneoaren goialdea nahiko ganbila dute, sudurreko hezurrak diastema baino luzeagoak dira eta atzealdean zabalak. Azkeneko bi ezaugarri hauek dira gainontzeko lursaguetatik bereizten dituztenak. Hortz formula 1.0.0.3/1.0.0.3.
Iberiar penintsulako espezie endemikoa da. Frantzia hegoaldean eta Iberiar penintsulako mediterraneo aldeko eskualdeetan fosilak agertu dira, beraz eremu oso murriztuan bizi da gaur egun. Banaketa zatikatua dauka eta eremu nagusiak Prepirinioak (Huesca eta Zaragoza), Iberiar sistemaren hegoaldea (Cuenca, Guadalajara eta Teruel), mendikate Betikoak (Albacete, Jaen, Granada eta Murtzia), Sistema Zentrala (Madril, Toledo, Ávila, Cáceres, Salamanca eta Segovia) eta Zamorako zenbait eskualde dira (Palomo 1999, Shenbrot & Krasnov 2005). Gainera, Espainiaren hegoaldeko populazioak desagertu egin dira oraintsu. Espezie hau Portugal erdialdean ere agertzen da.
Habitat guztiz mediterranearretan bizi da, Iberiar penintsulako klima eurosiberiarrak baztertuz. Lursagu honek, landare belarkaren dentsitate nahiko altua behar du urte guztian zehar, beraz, maila freatiko altuko eremuetara mugatzen da, hala nola, ihitzak, gramineo iraunkorreko eremuak eta neurri txikiagoan, lezkadi edo bide ertzetako landaredi nitrofilodun tokiak (Palomo 1999). 250-1500 m bitarteko altueran izaten dira koloniak, nahiz eta gehienak, 500-1200 m inguruan aurkitu (Palomo & Gisbert 2002). Hala ere, muga altitudinalak desberdinak dira klimaren arabera, Sistema Zentraleko populazioak, Iberiar sistemako edota mendikate Betikoetakoak baino beherago baitaude.
M. cabrerae-ren dieta batez ere hosto, zurtoin eta gramineo espezie desberdinen hazietan oinarritzen da eta batzuetan Ihi (Juncus sp.) edo landare belarkara dikotiledoneoek ere osatzen dute. Ornogabe txikiek dietaren proportzio oso txikia betetzen dute, noizbehinka bakarrik jaten baitituzte. Jaten dituzten gramineoen artean, Briza, Bromus, Holcus, Agrostis, Brachypodium eta Poa generoak daude eta dikotiledoneoen artean Plantago lanceolata eta beste zenbait espezie.
Cuencan aztertutako populazio basatietan, urte guztian zehar aurkitu dira emeak ernari. Kumatze garaia aldakorra izan daiteke urtero, izan ere, Microtus cabreraren ugalketa zikloan eragin handia dute baldintza klimatikoek. Adibidez, prezipitazio gutxiko garaietan ugalketa zikloa eten egiten da. Ernaldiak 23-24 egun irauten ditu. Populazioa basatietan, kumaldiko 3-7 enbrioi izan ditzake eme bakoitzak, eta gatibuan daudenetan aldiz, 3-5 enbrioi. Jaiotzean 2,9-4,2 g artean pisatzen dute eta ilajea guztiz garatuta dute 15 egunetara. Edoskitze garaian nahiko hazkuntza-tasa geldoa izaten dute gainontzeko lursaguekin alderatuta.
Populazioen dentsitatea beste lursaguekin konparatuz baxuagoa da, 17-350 ale/ha-ko (Palomo & Gisbert 2002). Dimorfismo sexual murritzak eta barrabilen tamaina txikiak, espezie honek egitura sozial monogamoa duela iradokitzen du. Helduak bikoteka elkartzen dira, eremu zehatzak hartzen dituzte eta kumeak bertan biziko dira ia heldutasunera iritsi arte. Oro har, eguneko nahiz gaueko bizimodua lurrazalean egiten dute, nahiz eta landaredi eskasa dagoen lekuetan lurrazpiko habiak eraiki ditzaketen.
Hegazti harraparien ohiko harrapakina dira lursagu hauek, nola hala, hontz zuriarena (Tyto alba) edo zapelatzarena (Buteo buteo), baita zenbait ugaztun haragijalerena ere, adibidez, azeriarena (Vulpes vulpes), bisoi amerikarrarena (Neovison vison), basakatuarena (Felis silvestris) edo ipurtatxarena (Mustela putorius).
Nekazaritzaren intentsifikazioak eta gehiegizko abeltzantzak espezie honen banaketa eremuaren zatiketa eragin dute azkeneko hamarkadetan (Palomo 1999). Gainera, lursagu honen habitatak diren ibai eta hezeguneen gaineko presioak ere gora egin du, arazoa gehiago larrituz. Bestalde, mendebaldeko ur-arratoiarekin (Arvicola sapidus) lehia interespezifikoak dituela uste da eta hau ere bere eremu mugatuaren arrazoia izan daiteke (Pita et al. 2006). Hau guztiagatik, bai Portugal eta bai Espainian babestutako espeziea da. Bernako hitzarmenak (2. eranskina) eta Europar Batasuneko Habitaten eta Espezieen (2. eta 4. eranskinak) zuzentarauak babestutakoa, hain zuzen.