Arratoi arrunta
Rattus norvegicus

Arratoi arrunta ia mundu guztian hedaturik dagoen arratoia da gune urbanoetan zein landa eremuetan aurki baitateke eta sarri bere populazioen kontrola burutzea zaila izaten da. Arratoi honek begi txikiak eta mutur borobilduak ditu. Gazteen ilea gris iluna den bitartean, helduena gris-arrea da alde dortsalean eta gris-horia alde bentralean.

Rattus norvegicus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Rodentia
Familia
Muridae
Deskribatzailea
Berkenhout (1769)
Estatusa
lc

Deskribapena

Arratoi arruntak begi txikiak eta mutur borobildua ditu. Belarriak luzatzen dituenean ez zaizkio begien ertzeraino iristen eta arratoi beltza (Rattus rattus) baino handiagoa da. Buruaren eta gorputzaren luzera 20-28 cm-koa da eta isatsaren luzera (17-23 cm) gorputzarena baino laburragoa da (arkive.org). Emeak arrak baino zertxobait txikiagoak izan ohi dira eta sei ugatz pare dituzte: hiru pektoral eta hiru inginal (Palomo et al. 2007). 

Indibiduo gazteen ilea gris iluna da gorputz osoan zehar, baina helduen alde dortsala gris-arrea izan ohi da eta alde bentrala gris-horia (Palomo et al. 2007).

Antzeko espezieak

Rattus rattus
Rattus rattus

Rattus rattus (arratoi beltza) tamainaz txikiagoa da, baina isatsa gorputza baino luzeagoa du. Begi handiak eta mutur zorrotza ditu.

Banaketa

Lurreko gune urbano guztietan zehar banaturik dago, gune tropikal eta subtropikal batzuetan izan ezik. Jatorriz Txinatarra da eta Europa eta Ipar Amerika XVIII. mendean kolonizatu zituen itsasontziei esker R. rattus-ekin batera, mundu guztia kolonizatzera iritsiz (Palomo et al. 2007).

Rattus norvegicus Rattus norvegicus

Habitata

Itsas-mailatik 1.000m-ko altueraraino gune urbano zein landatarrean aurki daiteke, batez ere zaborrontzi, estolda, alkantarila, soto eta lur-azpiko zuloetan. Portu eta kostako inguruetan ere maiz ageri da (Palomo et al. 2007).

Populazio basatiak ere aurkitzen dira, betiere ur ugariko guneetan, esaterako, sail ureztatuetan, paduretan eta arroz-soroetan. Igerilari ona denez, uretako arratoiaren (Arvicola sapidus) habitata ere ordezka dezake (Palomo et al. 2007).



Habitat bereko espezie gehiago

Strix aluco
Passer domesticus
Falco tinnunculus
Otus scops
Trachemys scripta
Myodes glareolus
Asio otus
Turdus merula


Elikadura

Omniboro oportunista da arratoi arrunta. Gune urbanoetan zabor eta hondakinez elikatzen bada ere, landan fruituak, barazkiak, hainbat ornogabe, sarraskia, ornodun txikiak, arrautzak eta habia lurrean duten hegati kumeak kontsumitzen ditu besteak beste (Pamolo et al. 2007). 

Ugalketa eta ontogenia

Gune urbanoetan, elikadura eta ingurune egonkorretan, urte guztian zehar ugaldu daiteke R. norvegicus. Landa eremuetako populazioetan ziklo sexuala urtarokoa da, arratoi beltzaren zikloaren antzekoa.

Ernaldiak 21-25 egun irauten ditu eta 11-14 kume erditzen ditu eme bakoitzak. Arratoitxoek 22 egunez hartzen dutenez esnea urtean 6-7 kumaldi izan ditzakete. Heldutasun sexuala 8-12 asterekin lortzen dute eta emeak soilik zaintzen ditu kumeak (Palomo et al. 2007).

Bizimodua

Nagusiki gautarra bada ere, egunez ere mugitu ohi da arratoi arrunta. Lurraren gainean ibili ohi bada ere, jauzilari, eskalatzaile eta igerilari oso ona da (arkive.org). Ar dominatzaileaz, menpeko ar batzuez eta emeen haren batez osaturiko familiatan bizi da. Arrek gordelekuaren ingurua zaintzen duten bitartean emeek habia zaintzen dute. Dentsitate altuko familietan hierarkiaren arabera elikatzen dira. Basatiek ez dituzte 18 hilabete gainditzen, baina kautibitatean 3 urte bizi daitezke (Palomo et al. 2007).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Gizakiarengadik oso hurbil bizi denez, predatzaile gutxi ditu. Gune urbanoetan katuak ehizatzen ditu indibiduo txikienak eta gune urbanoetatik kanpo, esaterako, hontz zuriak (Tylo alba) eta erbinudeak (Mustela nivalis) arratoi gazteak ehizatzen dituzte. Arratoi handienak, berriz, harrapari handiagoek ehizatzen dituzte, esaterako, hontz handiak (Bubo bubo) (Palomo et al. 2007).

Gizakiari eta beste ugaztunei eragiten dieten leptospirosiaren, salmonelosiaren eta toxoplasmosiaren eramailea da. Gainera, sifonapteroak, malofagoak eta akaroak bezalako ektoparasitoen eta zestodoak eta nematodoak bezalako endoparasitoen eramailea ere bada (Palomo et al. 2007).

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera kontserbazio arriskurik ez duen espeziea da. Are gehiago, populazio handiak eratzen dituenez, gizakiak antikoagulatzailez intoxikatzen du arratoi arrunta populazioak murrizteko.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . Arkive. http://www.arkive.org/ (2013/01/30)

Palomo L. J., Gisbert J., Blanco C.. 2007. Atlas y libro rojo de los mamíferos terrestres de España. Ministerio de España. Madrid
Egilea: | Sorrera: 2013/01/22 | Azken eguneraketa: 2013/02/20 | Bisita-kopurua: 2083 | Argazki nagusia: Losch

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...