Belatz gorria
Falco tinnunculus

Belatz gorria oso sarritan ikus dezakegun hegazti bat da. Izan ere, belatz gorria airean geldi ikustea arrunta da oso, haize gogorrenek jotzen dutenean ere harraparia behatu bitartean mugiezinik, zelatari. Adituak ez diren begientzat, ordea, uso batekin nahastu daiteke, oso tamaina antzekoak baitira biak. Edonola, hegazti liraina da, eta kolore gorria erraz ikus zatzaiokegu.

Falco tinnunculus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Falconiformes
Familia
Falconidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Belatz gorria tamaina txiki-ertaineko hegaztia da, 57-79 cm-ko hego-zabalera eta 27-35 cm-ko altuera daukana (Martinez-Padilla 2006). Arrak emeak baino apur bat txikiagoak dira eta nabarmen arinagoak. Gainontzeko belatzek bezala, belatz gorriak hegoak luzeak eta zorrotzak eta buztan luzea du eta, oro har, itxura liraineko hegaztia da. Airean geldirik mantentzeko gaitasunagatik erraz identifikatu daiteke.

Hego muturrak beltzak ditu eta goikaldea gorrixka, orban ilunez betea. Behekaldea, berriz, zurixka du. Arrak isatsa eta burua grisak dauzka, eta isatsa banda beltz batean amaitzen da. Emeek eta urteko gazteek ez ohi dute grisa izaten, eta orban ilunak ar helduetan baino nabarmenagoak dira, bai goikaldean bai eta behekaldean ere (Mullarney et al.).

Antzeko espezieak

Naumann belatza (Falco naumanni)
Falco naumanni

Kantua

Arrek zein emeek goi-erregistroko ohiu ozenak egiten dituzte, ki kii ki kii modukoak. Habiaren inguruan triiii trrriii trrriii moduko kantu errukarriak egiten dituzte, emeek batez ere.

Banaketa

Mundu mailan belatz gorriak oso hedatua dago (banaketa paleartiko, afrotropikal eta indomalayikoa dauka) (Village 1990). Iberiar penintsula osoan aurki daiteke baina hiru gunetan dago batez ere, eta gune horietako bat Euskal Herriko erdialdea da (Martinez-Padilla 2006).

Garaia

Europa iparraldeko populazioek Europa hegoaldera eta Afrika iparraldera migratzen dute bertan negua igarotzera. Mugimendu horietan espezie bereko ale asko ikus daitezke aldi berean bidaiatzen (Village, 1990). Europa erdialde eta hegoaldeko populazioek, ordea, ez dute migratzen. Halere, Iberiar Penintsulako populazioek egiten duten bezala, migrazio partzialak egiten dituzte horietako askok (hau da, kumatze garaia bukatutakoan bidaia laburrak egiten dituzte hegoaldera) (Glutz et al. 1971; Cramp & Simmons 1980; Village 1990).

Beraz, belatz gorri askok negua Iberiar penintsulan igarotzen dute; bertakoak direnak nahiz Europa iparraldetik hurbildu direnak. Azken hauek abuztu bukaeran hasten dira migratzen (azaroa arte oraindik ale batzuk bidaiatzen ikus daitezke) (Bernis 1974 eta 1980; Thyollay & Perthuis 1975).

Habitata

Habitatari dagokionez, belatz gorriak ez du beharrizan zorrotzik, alegia, espezie generalista da. Harkaitzetan, sasi-basamortuetan, landa eta abeltzaintza eremuetan, dentsitate baxuko basoetan, giza eremuetan... ikus daiteke. Edonola, ehizarako gune irekiak behar dituenez landare dentsitate handiko zonak ekiditen ditu. Neguan landa eta nekazaritza eremuak hobesten ditu (Del Moral et al. 2002; Martinez-padilla 2006).

Gainontzeko belatzek bezala, belatz gorriak ez du habirik eraikitzen eta habi gisa beste hegaztiek egindakoak hartzen ditu (batez ere belabeltzak egindakoak). Halaber, zuhaitzetako txokoak, harkaitzetako arrakalak, gizakiak egindako egiturak eta lurra bera ere balia ditzake (Balfour 1955; Fargallo et al. 2001; Martinez-Padilla 2006).



Habitat bereko espezie gehiago

Alauda arvensis
Galerida cristata
Lepus europaeus
Luscinia megarhynchos
Myotis emarginatus
Crocidura russula
Athene noctua
Circaetus gallicus
Passer domesticus
Milvus migrans
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Jynx torquilla
Rattus norvegicus
Rattus rattus
Fringilla coelebs
Accipiter gentilis
Prunella modularis
Phoenicurus ochruros
Phoenicurus phoenicurus
Talpa occidentalis
Erinaceus europaeus
Trachemys scripta
Myodes glareolus
Strix aluco
Otus scops
Troglodytes troglodytes
Milvus milvus
Microtus duodecimcostatus
Miniopterus schreibersii
Rhinolophus hipposideros
Plecotus austriacus
Lanius senator
Oryctolagus cuniculus
Neophron percnopterus
Buteo buteo
Ardea cinerea
Aglais urticae
Pica pica
Aquila chrysaetos
Tyto alba
Eptesicus serotinus
Pipistrellus pipistrellus
Falco peregrinus
Turdus merula
Ciconia nigra
Turdus philomelos
Pipistrellus kuhlii
Asio otus
Suncus etruscus
Mus spretus
Mus musculus
Micromys minutus
Tadarida teniotis
Myotis blythii
Anguis fragilis


Elikadura

Belatz gorria harrapari haragijalea da. Bere dieta ugaztun txikiek osatzen dute batez ere baina, egoerak hala behartzen badu, hegazti txikiak, intsektuak, narrastiak eta anfibioak ere jaten ditu (Cramp & Simmons 1980). Espainian narrastiek eta intsektuek garrantzia handia dute, eta kiropteroak ere jaten dituela ikusi da (Elosegui 1974; Carrilo & Gonzalez-Davila 2005; Negro et al. 1992).

Ugalketa eta ontogenia

Gurean belatz gorriek bikote sendoak osatzen dituzte, baina haien fideltasuna beste hegazti harrapariek dutena baino txikiagoa da (bikotez kanpoko kopulak ikusi dira) (Martinez-Padilla 2006). Belatz gorriaren ugalketa garaia martxoa eta maiatza artean hasten da, neguko migrazio mugimenduak amaitzen direnean (Martinez-padilla 2006). Orduan, arrak haien lurraldeengatik borrokatzen dira, eta ohikoak dira oihuak, deiak eta arren arteko borrokak.

Ez dago argi hautespen sexualik badagoen baina, hala balitz, badirudi arren hego-luzera, lumadi argitsuagoa eta koloreen bizitasuna ezaugarri positiboak direla (Palokangas 1994; Martinez-Padilla 2006). Bikoteak osatzen direnean hegaldi ikuskizunak egiten dituzte eta bikoteen arteko deiak areagotzen dira. Gainera, gorteiuetan arrek emeei harrapakinak eramaten dizkiete (jokabide hau beste hegazti harrapari askotan ere ikusia izan denez arraren kalitatearen adierazlea dela uste da) (Mougeot et al. 2002).

Arrautzak apiriletik ekainera arte erruten dira (3 eta 7 arrautz artean). Arrautz hauek 31 mm inguruko zabalera eta 40 mm inguruko altuera izaten dute (enbrioi arrak dituztenak handiagoak dira) (Martinez-Padilla 2006). Inkubazioaz emea arduratzen da batik bat (arrak denbora-tarte txikietan laguntzen dio), inkubazio-aldiak irauten duen 25 egunetan zehar. Arrautzak ez direnez aldi berean erruten kumeak ez dira aldi berean jaiotzen, eta horrek desabantaila bat suposatzen du azkenekoak jaio direnentzat. Izan ere, lehenago jaio diren txitekiko konpetentziak asko ahultzen ditu (Martinez-Padilla 2006).

Kumeak 26-30 egunez egoten dira habian, eta epe horretan zehar gurasoek elikatzen dituzte: arrak habira harrapakinak eramaten ditu, eta emeak kumeen artean banatzen ditu. Behin habia utzita kumeak gutxi gora behera 16 egunez gurasoen habiaren inguruan egoten dira eta azken hauek bazkatzen dituzte (Bustamante 1994).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bi espezieentzat habitata egokia denean belatz gorriak Naumann belatzen kolonietan ugaltzen ikusi da (Martinez-Padilla 2006). Bestalde, arestian aipatu bezala, belatzek beste hegaztien habiak erabiltzen dituzte. Horien artean karrakenak (Coracias garrulus) geroz eta gehiago erabiltzen ditu, eta zenbait ikerlarik belatz gorriek habitataren kalitatea karraken ugal arrakastarekin lotzen dutela uste dute (Parejo et al. 2005).

Azkenik, belatz gorriek haien predatzaile izan litezkeneen aurrean gogor defendatzen dute haien habia: zapelatzen (Buteo buteo), arrano sugezaleen (Circaetus gallicus), arrano beltzen (Aquila chrysaetos), miruen (Milvus sp.) edota azerien (Vulpes vulpes) aurrean, adibidez (Martinez-Padilla 2006).

Kontserbazioa

Mundu mailan IUCN erakundeak zahurkorra kontsideratzen du. Espainian, ordea, ez da mehatxatua kontsideratzen. Hala ere, estatuko legeak babesten du, beste hegazti harrapariak bezala.

Ez dirudi Euskal Herriko populazioak gainbeheran daudenik, baina Espainian beherako joera dute (Martinez-Padilla 2006). Hauek dira belatz gorrien populazioetan eragiten duten faktoreak (Aviles et al. 2001; Martinez-Padilla 2003; Del Hoyo et al. 1994; Jans & Ferrer 1999; Barrios & Rodriguez 2004):

  • Ehiza eta arrautzen lapurketak.
  • Habitat galera.
  • Nekazaritza tradizionalaren galera eta nekazaritza intentsiboan erabilitako intsektizidak eta pestizidak.
  • Elektrokuzioak.
  • Aerosorgailuen kontrako talkak.

 

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/01/02 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2282 | Argazki nagusia: Andreas Trepte

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...