Garai batean Europako hegazti harrapari ugariena zen baina, populazioak asko murriztu zirenez, egun askoz ere murritzagoa da. Ziurrenik, hori da naumann belatza ezezagun egiten duena. Hori bai eta belatz gorriaren antza handia duela ere. Edonola, belatzik lirain eta ikusgarrienetarikoa dugu espezie hau.
Naumann belatzak belatz gorriaren (Falco tinnunculus) oso antzekoa da. Halere, naumann belatza apur bat txikiagoa da: 58-72 cm-ko hego-zabalera, 29-32 cm-ko luzera eta 129-152 g bitarteko pisua (emeak arrak baino handiagoak dira). Halaber, belatz gorriak ez bezala, naumann belatzak hatzaparrak zurixkak ditu (Cramp & Simmons 1980).
Naumann belatzen dimorfismo sexuala koloreei dagokienez da nabarmena batez ere. Izan ere, ar helduek buztanaren alde dortsala, burua eta bigarren mailako arraun lema handiak urdin-grisak dituzte, bizkarra eta eskapularrak gorrixkak eta orbanik gabe, eta sabelalde gorri argia (ezaugarri hauek emeengandik eta gazteengandik ez ezik, belatz gorriarengandik bereizteko ere erabili daitezke). Gazteek eta eme helduek oso antzeko patroia daukate, eta bai beraien artean bai belatz gorriarengandik bereizteko ere eskarmentu handia behar da. Edonola, emeek, gazte zein helduek, ez dute kolore urdin-grisik eta lema lumetan zortzi marra beltz dauzkate (Cramp & Simmons, 1980; Tella et al. 1996; Mullarney et al. 2009)
Antzekotasun morfologiko oso handia dute bi espezieek, batez ere alde dortsalean. Urrutitik emeak bereiztea ia ezinezkoa da. Belatz gorri arrek orban beltzak dauzkate hegoetako eta bizkarraldeko lumetan.
Chiek-ek-ek moduko dei ozen eta garratz bat egiten du. Askotan kantu hau kolonietan dagoenean egiten dute. Batzuetan belatz gorriaren antzeko soinuak ere egiten ditu.
Naumann belatza Europan eta Asian igarotzen du udaberria eta uda, eta Europako aleek behintzat Afrikan ematen dute udazkena eta negua (Cramp & Simmons 1980: Rodriguez et al. 2009). Iberiar penintsulan hego-mendebaldean bizi da batez ere, baina iparraldean ere aurkitu da, Gipuzkoan eta Nafarroan besteak beste (Iribarren 1971; Elosegui 1985; Noval 1967).
Gazteak jaio eta denbora gutxira sakabanatzen dira Afrikarako bideari ekin baino lehenago (Bustamante & Negro 1994). Iberiar penintsulako populazioetan sakabanatze mugimendu hauek iparraldera egiten dituztela ikusi da (Olea 2001; Garcia 2000; Bustamante & Negro 1994). Mugimendu hauen zergatia harrapakinak bilatzean omen datza (Olea 2001). Bestalde, helduak ugaltzeko leku egokien bila ere mugitzen direla ikusi da, lehiari eta predazioari ihesi (Serrano et al. 2005).
Naumann belatzak gune irekietan bizi dira, zekale landen inguruan batez ere (Atienza eta Tella, 2004). Ehiza belardietan eta landare baxuez osatutako landetan egiten dute, eta zuhaitzez osatutako guneak ekiditen dituzte (Donazar et al. 1993; Garcia et al. 2006). Halere, Iberiar penintsulako iparraldean bertan behera utzitako landak ere sahiesten dituzte eta, gehienez, hauen ertzetan baino ez dira aritzen jaki bila (Tella et al. 1998; Ursua et al. 2005).
Ehunka aletako koloniak osatzen dituzte eta hauek giza eraikinetan kokatzen dira: elizetako kanpandorretan, eraikin zaharretako teilatuetan, herrigunetan… (Elosegui 1985; Negro et al. 2000). Zenbaitetan primilladiak deitutako eraikin bereziak egiten zaizkie kokalekutzat har ditzaten. Betiere, gogoratu belatzek ez dutela habirik eraikitzen. Ondorioz, zuloak, etxeetako teilen azpia edota habi-kutxak baliatzen dituzte.
Naumann belatza haragijale harraparia da, baina bere dieta nahiko generalista dela esan daiteke (Cramp & Simmon 1980). Gehien bat ornogabeak jaten ditu, eta hauen artean ortopteroak (matxinsaltoak, etab.) dira maizen aurkitzen zaizkion ehizakinak. Koleopteroak (kakalardoak), lepidopteroak (tximeletak, etab.), ugaztun txikiak (saguak, saguzarrak, satitsuak…), txori txikiak (karnabak, tarinak, txolarreak, enara azpizuriak…) narrastiak (sugandilak, suge txikiak…) eta anfibioak ere jaten ditu (Franco & Andrada 1977; Tejero et al. 1982; Rocha 1998; Rodriguez et al. 2006).
Elikagaia lortzeko hainbat estrategia erabiltzen ditu. Batzuetan belatz gorria bezala airean geldirik dagoela ehizakinen bila aritzen da baina, beste batzuetan (egunean zehar harrapakin gutxi daudenean batik bat), argi iturri artifizialetara hurbiltzen da bertako intsektuak jateko asmoz (Garzon 1974; Franco 1980).
Esan bezala, naumann belatzak otsaila aldera iristen dira gurera. Arrak izaten dira iristen lehenak eta habiak aurkitu bezain laster beste arrekin lehiatzen hasten dira. Emeak arra aukeratzen duenean habia babesten laguntzen dio eta estalketak hasten dira (kopula ugari egiten dituzte). Maiatzaren hasieran 4-5 arrautza erruten dituzte. Arrautzok 26-28 egun inguruz inkubatzen dira eta lan horretan arrek nahiz emeek parte hartzen dute (Elosegui 1985). Halere, arrek egunean zehar inkubatzen denboraren erdia ematen badute ere, gauetan lan hau emeen ardurapean uzten dute eta haiek lo-lekuetara beste arrengana joaten dira (Donazar et al. 1992).
Naumann belatza espezie monogamoa den arren, zenbaitetan bi emez eta ar batez osatutako hirukote poliginikoak ere ikusi dira (Hiraldo et al. 1991). Edonola, hirukote guztiak deusezten dira emeetako batek taldea uzten baitu kolonia berdineko beste ar batekin elkartzeko (Hiraldo et al. 1991; Tella et al. 1996). Halaber, bikotez kanpoko kopulak ere ohikoak dira, eta beste bikoteen txitak onartzen dituzte (Ortego 2010).
Txitak ekainaren hasieran jaiotzen dira. Jaiotzak ez dira guztiak aldi berean gertatzen, izan ere, lehena jaiotzen den txitaren eta azkenaren artean 5 egun igaro daitezke (Aparicio 1997). Jaiotza arrakasta % 80-90 ingurukoa da (Ortego et al. 2010), eta sexu banaketa 1:1 izaten da (Tella et al. 1996).
Jaio eta lehendabiziko egunetan emeak txitei arrak ekarritako harrapakinekin jaten ematen die. Gero, emeak nahiz arrak ibiltzen dira ehizan (Ortego 2010). Gazteak 30-37 egun dauzkatenean ateratzen dira habietatik (Elosegui 1985; Bustamante & Negro 1994).
Nauman belatzek haien artean bai eta beste hegazti batzuekin ere osatzen dituzte koloniak. Besteak beste bele txikiarekin (Corvus monedula), haitz usoarekin (Columbia livia) edota belatxinga mokogorriarekin (Pyrrhocorax pyrrhocorax) (Garzon 1968; Forero et al. 1996; Blanco & Tella 1997). Bestalde, zenbait bele txiki naumann belatzen habiak erasotzen ikusi dira gero beraienak bertan eraikitzeko (Blanco & Tella 1997).
Bestalde, naumann belatza bizi den guneetan beste predatzaile batzuk ere bizi direla ikusi da. Hauek, batez ere, habiak erasotzen dituzte (Blanco & Tella 1997).
IUCN erakundeak “zahurgarritzat” jotzen du naumann belatza bai mundu mailan bai espainiar estatuan ere (Atienza & Tella 2004; BirdLife 2010). Antza denez, naumann belatza Europako hegazti harrapari ugariena izan zen garai batean (Bijleveld 1974), baina atzerakada itzela jasan zuen 20. mendetik aurrera eta herrialde askotan desagertu ere egin zen, Austrian, Hungrian eta Polonian kasu (Cramp & Simmons 1980; Biber 1990). Iraun zuen herrialdeetan populazioak asko murriztu ziren. Atzerakada hori honako faktore hauek eragin zutela uste da:
Espainiar estatuan, 100.000 bikote estimatu ziren 60. hamarkadan, baina 50.000 bikotera jeitsi zen 70. hamarkadan (Bijleveld 1974; Garzon 1977). Euskal Herriari dagokionez, Nafarroan egindako ikerlanen datuak besterik ez dauzkagu. Horien arabera, 30-37 bikote estimatu ziren 2003. urtean eta, geroztik, populazioak gora egin du pixkanaka; egun 50 bat bikote daudela uste da (Tella 2004; Onrubia 2009).