Belatz handia
Falco peregrinus

Hegazti bikain hau munduko animaliarik azkarrena da, 400 km/h-ra iritsi daiteke ehizatzeko amiltzen denean. Bere gorputza aerodinamikarako diseinatuta dago: hego zorrotzek, buztan motzak, buru txikiak, eta bere arintasunaren eta sendotasunaren konbinaketak, abiadura ikaragarriak hartzea baimentzen diote norantza eta maniobraren kontrol handiarekin. Ehizarako modu honek ingurune ireki eta zabaletan jardutera behartzen du bere harrapakinek zuhaitz artean ezkutatzerik izan ez dezaten, bestela ezinezkoa litzaioke elikagaiak eskuratzea.

Falco peregrinus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Falconiformes
Familia
Falconidae
Deskribatzailea
Tunstall (1771)
Estatusa
lc

Deskribapena

Neurri ertaineko hegazti harrapakaria, 500 gr eta kiloa artean pisatzen du, sexu eta subespezieen arabera. Iberiar penintsulan arrek 852-916 mm-ko hego-zabalera dute eta emeek 965-1250 mm-koa (Zuberogoitia et al. 2002a). Emeak arrak baino nabarmen handiagoak dira, dortsalki ilunagoak izaten dira eta bularraldeko orbanak dentsoago eta estutuago kokatuta izaten dituzte.

Belatz handiaren ezaugarri garrantzitsuenak bibote markatua, masail zuriak markatzen dizkiona, kokotetik behera iristen zaion kasko beltza, gris-urdinxka eta beltzaren arteko bizkarraldea, eta tonu zuri eta okreak dituen sabelaldea dira. Kokotsaren eta eztarriaren artean lerro horizontal dentsoak, orban dentso edo laxoak, edo markarik ez agertzea gerta daiteke banakoaren arabera. Gazteak bizkarralde arrea izateagatik eta bularraldeko orbanak eredu bertikal batean kokatzen direlako bereizten dira.

Antzeko espezieak

Zuhaitz-belatza (Falco subbuteo)
Falco subbuteo

Kolorez nahiko antzekoak dira bi espezieok, baina belatz handia askoz ere handiagoa da. Hegan egiteko moduagatik ere desberdindu daitezke: belatz handiak hegakera sendoagoa du.

Banaketa

Espezie kosmopolita da, kontinente guztietan agertzen da Antartidan kenduta (Ratcliffe 1993). Europan, populazio nagusiak Espainian, Britania Handian, Frantzian, Italian eta beste lurralde mediterraneotan daude; bestalde, oso urria da lurralde eskandinaviarretan, eta egoera kritikoan dago edo ez dago Europa erdialdeko herrialdeetan, herrialde baltikoetan eta Islandian (Ratcliffe 1997). Euskal Herrian banaketa orokorra du baina nahiko urria da (Larrañaga 1996).

Iberiar penintsulako aleak sedentarioak badira ere, udan Europa iparraldeko belatz handiak etortzen dira, hangoak migratzaileak baitira.

Habitata

Ia habitat posible orotan ager daiteke belatz handia, baina ez da ezartzen basamortu handitan, beste belatz espezie batzuk ordezkatzen baitute, eta ezta oihan tropikal zabaletan ere; halere, lur artikoak, New York bezalako hiri handiak eta Alemaniako Oihan Beltza bezalako muturreko habitatetan bikote ugaltzaileak aurkitzen dira (Cade et al. 1988; Ratcliffe 1993; Fergusson-Lees & Christie 2001). Iberiar penintsulan mendigune karstikoetan, granitozko hormetan, ibaietako kainoietan, harrobietan… agertzen da (Zuberogoitia et al. 2002a). Bestalde, munduko zenbait lekutan harrapakinak ugari diren baina habiak egiteko hormak falta diren ingurune irekietan, posteen gaineko bele eta erroien habiak erabiltzen dituzte (Burnnell et al. 1997). Gauzak horrela, ikusi da banaketa mugatzen duen faktorea elikagaien eskuragarritasuna dela, eta oinarrizko eredutik aldentzen diren habiak ikusi dira elikagai-iturria arazoa ez den leku askotan (Olsen & Olsen 1988). Habia egiteko hormari dagokionez, zuloen presentzia eta hauen orientazioa funtsezkoa da, haize hotza iparraldean, eguzkiaren irradiazioa hegoaldean… saihesteko (Zuberogoitia et al. 2002a).

Azken hamarkadetan, populazioen gorakadarekin gero eta gehiago ari dira harrobietako hormak erabiltzen, horma naturalen antzekoak baitira (Moore et al. 1997). Dena den, kasurik harrigarrienak harrobi aktiboetan ematen dira, kumeak aurrera ateratzen dituzten kasuak ikusi baitira (Zuberogoitia et al. 2002a). Elikadurari begiratuz lekurik hoberenak harrapakin dentsitate altuak agertzen dituztenak dira: lotegiak, elikatze-lekuak, edateko lekuak… Padurak, estuarioak, lakuak, hezeguneak… hegazti kontzentrazio altua izaten dute, eta ondorioz belatzak erakartzen dituzte.



Habitat bereko espezie gehiago

Microtus duodecimcostatus
Milvus milvus
Passer domesticus
Circaetus gallicus
Pipistrellus kuhlii
Turdus philomelos
Asio otus
Turdus merula
Ciconia nigra
Milvus migrans
Falco tinnunculus
Alauda arvensis
Lepus europaeus
Luscinia megarhynchos
Galerida cristata
Crocidura russula
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Jynx torquilla
Athene noctua
Suncus etruscus
Myotis blythii
Buteo buteo
Neophron percnopterus
Rhinolophus hipposideros
Tyto alba
Aquila chrysaetos
Aglais urticae
Ardea cinerea
Pica pica
Miniopterus schreibersii
Plecotus austriacus
Mus spretus
Micromys minutus
Tadarida teniotis
Mus musculus
Pipistrellus pipistrellus
Lanius senator
Oryctolagus cuniculus
Eptesicus serotinus
Anguis fragilis


Elikadura

Dieta gehienbat ornitofagoa du, baina tarteka saguzarrak, mikrougaztunak eta lagomorfoak ere ehiza ditzake (Ratcliffe 1993). Hainbat ikerketak, belatzek espezie ugarienak eta eskuragarrienak ehizatzen dituztela baieztatu dute (Rosenfield et al. 1995). Ehizatzen duen hegazti barietatea ikusita harrapari generalista dela esan daiteke, txepetxa bezalako hegazti txikietatik lertxun hauskara bezalakoetaraino ehizatzen baitu, eta tarteko neurri guztiak (Zuberogoitia et al. 2002a). Espezieen hautapena aldatu egiten da bikotetik bikotera; kostako ingurune berean espezie limikoletan espezializatutako bikoteak, paseriforme txikitan espezializatutakoak eta turdidotan espezializatutakoak aurki daitezke (Zuberogoitia et al. 2002a).

Ugalketa eta ontogenia

Espezie monogamoa da baina poliginia kasuak eman dira, posible da arra bi emerekin batera ugaltzea, eta batzuetan, bigarren emeak kumeak zaintzen eta arrautzak inkubatzen ere laguntzea (Ratcliffe 1993; Zuberogoitia eta al., 2002a). Populazioaren egoeraren arabera bikote aldaketa kantitate desberdinak ematen dira, arazodun populaziotan % 20ko aldaketa-tasak neurtu dira, eta populazio egonkorretan edo hazkuntzan daudenetan % 30ekoak (Court 1986; Zuberogoitia et al. 2002a). Udazkenean eta neguan ikus daiteke nola arrak eta emeak amiltzen hasten diren elkarri deika, baina neguaren erdialderarte ez da hau sarri gertatzen. Denbora igaro ahala erritu hauen maiztasuna emendatzen da eta bikoteak hegaldian atzaparrak elkartzeraino hurbiltzen ikus daitezke. Errun baino hiru aste lehenago hasten dira kopulan, data hurbiltzen doan heinean maiztasuna igoz, emea arrautzak jartzen ari denean maximoa harrapatu arte. Egun batzuk beranduago ere jarraitzen dute.

Errutea otsaileko hirugarren astearen eta martxoko azken astearen artean ematen da Iberiar penintsulan (Zuberogoitia et al. 2002a). 2-4 arrautza artean jartzen dituzte normalean, bat gutxitan eta oso gutxitan 5 edo 7 ere (Ratcliffe 1993; Monneret 2000). Inkubazioa emearen kargu dago baina arrak egunean 20 minutu eta 5 ordu artean zaindu ohi ditu arrautzak bikotearen arabera. Batzutan bi sexuek inkubatzen dute.

Udazkenean edo neguan sartzen dira araldian, eta neguaren bukaeran edo udaberriaren hasieran jartzen dituzte arrautzak (Zuberogoitia et al. 2002a). Inkubazioak 28-33 egun irauten du baina luzatu egin daiteke baldintza txarretan (Zuberogoitia et al. 2002a). Jaio eta lehenengo hiru astetan emeak berotzen ditu kumeak arrak lagunduta, hauek ez baitira termoerregulatzeko gai (Zuberogoitia et al. 2002a). Kumaldi garaian euri asko egiten badu, kume gutxiago ateratzen dira aurrera, euriak gurasoen ehizarako ahalmena murrizten baitu (Elkins 2004). 24 egunetik aurrera, emeak oso baldintza klimatiko txarrak direnean bakarrik estaltzen ditu kumeak. Jaio eta lehen astetan gurasoek harrapakin zatitxoak ahora ematen dizkie kumeei guztiz lumatuta; denbora apur bat igarotakoan ondoan jartzen dizkie eurek hartzeko. 40 egunera lumak hazita dituzte eta 45 egunera beren lehen hegaldiak egiteko gai dira.

Hegan hasi eta bi aste ingurura euren kabuz ehizatzen hasten dira, baina ez dira gurasoen ondotik aldentzen lehen hegalditik bi hilabete igaro arte gutxienez. Gurasoekin hurrengo negura arte egondako kumeen kasuak ere ezagutzen dira (Zuberogoitia et al.  2002a). Lehenengo aldiz kumatzerako hiru urte behintzat izan ohi dituzte; populazio egonkorretan arraroa da hau baino lehen kumatzea, egoera okerragoan daudenetan aldiz normalagoa, gazteek ugaltzeko aukera gehiago baitute lurralde huts ugariko inguruetan (Tordoff & Redig 1997). Bizi itxaropena aldakorra da populazio desberdinetan. Montrealen 18 urterekin hil zen eme bat (Hall 1955).

Bizimodua

Belatzek atsedenean igarotzen dute egunaren zati nagusia, ingurura begira harrapakin posibleak begiztatuz, lumak txukuntzen… Egunero askotan eteten dute atseden hau lekuz mugitzeko edo ehizarako (Zuberogoitia et al. 2002a). Jarduera nagusiko orduak eguneko lehenak dira, eguna argitu aurretik jarduera agertu duten kasuak ere ikusi dira (Ratcliffe 1993; Zuberogoitia et al. 2002a).

Ehiza estrategia aldakorra da banakotik banakora. Erasoa airetik edo ezarlekutik has daiteke, baina ezarlekutik hasiak efektiboagoak dira normalean (Zuberogoitia et al. 2002a). Ezarlekutik erasotzean belatza harrapakinei begira egoten da bat hautatu arte. Harrapakina hurbil pasatzen denean belatza erortzen uzten da eta segundotan burutzen du ehiza, urrun pasatzen denean aldiz hegan egiten du harrapakinaren ibilbidea eskura izan arte eta goitik behera abiatzen da ia itsasoa edo lurra ukitzeraino. Distantzia handiagotan huts gehiago ematen dira (Zuberogoitia et al. 2002a). Hegaldian doazenean aldiz erasoak altueraren arabera aldatzen dira. Oso altu doazenean harrapakina begiz jo eta erasoari ekiten diote beren abiadura maximoak harrapatuz: kasu idealetan 320-403 km/h artekoak, eta 626 km/h-ra iritsi daitezkenak (Tucker 1998). Batzuetan harrapakina jarraituz ere ehizatzen dute baina ez da efektiboa harrapakin azkarrekin; bikotean ere ehizatzen dute, erasoak angulo desberdinetatik eginez harrapakin berari, eta hau oso efektiboa izan ohi da.

Belatz batek beste bat ikusten badu bere lurraldean jarrera mehatxatzailea hartzen du. Lehenik txilioka eta beragan hegan eginez, eraso gogor bat egiteko. Askotan bikoteko biak egiten dute erasoa arrotza txandaka kolpatuz, eta atzetik jarraitzen diote beren lurraldearen mugetatik haratago ere. Eraso hauek zauri handiak eta heriotza ere eragin ditzakete biktimarengan (Zuberogoitia et al. 2002a).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Belatzek lehia nabaria dute erroiekin, erroiek hildako belatzen kasuak (kumeak batez ere) eta alderantzizkoak ere ezagutzen dira (Zuberogoitia et al. 2005). Lurraldearen defentsan oldarkorragoa da belatza erroia baino, eta askotan aurreko urteetan erroienak izan diren habiak erabiltzen dituzte haiek bidaliz (Zuberogoitia et al. 2002a). Kaio hankahoriarekin labarrak partekatzen dituztenean beren habietatik uxatzen dituzte, harrapakinak lapurtzen saiatzen direlako, eta ehizatu ere egiten dituzte. Arrano handiek eta hontza handiak belatza ehiza dezakete, bere populazioa murrizteraino (Martinez et al. 1994; Serrano 2000; Sergio et al. 2004). Ugaztun harrapariek ere ehiza dezakete habiara iritsi daitezken kasuetan.

Ekto- edo endoparasito ugari daude belatz handian aurki daitezkenak, baina ez daude hauen inguruko lan asko. Zuberogoitia et al. (2002a)-ek hegazti harrapakarien bizkarroiei eta belatz handiarengan duten eraginari buruzko errepaso bat egiten du.

Kontserbazioa

Espainiako estatuan espezie mehatxatuen zerrendatik atera da duela gutxi, baina legeak babesten jarraitzen du. DDTren garaitik hona bere populazioak izan duen gorakada da honen arrazoia (Gainzarain et al. 2003).

Egilea: Iñaki Odriozola eta Garikoitz Perurena | Sorrera: 2012/01/02 | Azken eguneraketa: 2013/02/05 | Bisita-kopurua: 2975 | Argazki nagusia: Jari Peltomaki

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...