Belarrihandi grisa
Plecotus austriacus

Belarrihandi grisa Plecotus generoko Euskal Herriko hiru belarrihandietako bat da. 60. hamarkadan eman zitzaion espezie kalifikazioa, ordura arte belarrihandi arrearen (Plecotus auritus) subespezietzat jotzen baitzen. Izan ere, aipatutako bi espezieak eta pirinioetako belarrihandi alpetarrak (P. macrobullaris) oso antzeko morfologia dute. Euskal Herriko eremu guztian aurki daiteke, eta ez dago belarrihandi arrea bezain beste baso-inguruneei lotua; aitzitik, gizakiak eraldatutako eremuetan ohikoa da.  

Plecotus austriacus

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Vespertilionidae
Deskribatzailea
Fischer (1829)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko saguzarra da, gainerako belarrihandien tamaina berekoa. Besagainaren luzera 37-45 mm artekoa da, eta 6,5-15 gramo bitarteko pisua izan ohi du (Dietz et al. 2009). Plecotus generoko espezie guztiek bezala, oso belarri handiak ditu, besagainaren luzeraren adinakoak, ia-ia. Aktibo ez dagoenean –hibernatzen, esate baterako– bizkar aldera etzaten ditu, eta hegan egitean edo ekokokatzean besterik ez ditu tente jartzen. Belarrien aurrealdean trago luze eta erpin-zorrotza izan ohi du. Ilajea gris iluna da bizkarraldean, eta gris argia sabelaldean. Gazteen kolorazioa apalagoa izan ohi da.

Oso zaila da Euskal Herriko hiru belarrihandi-espezieak morfologikoki bereiztea. Zenbait ale itxura orokorraz espezie bati edo besteari atxikitzerik badagoen arren, badira hainbat ale oso ezaugarri nahasiak izaten dituztenak. Kasu horietarako hainbat neurri biometriko hartzea ezinbestekoa da. Belarrihandi grisa belarrihandi arretik bereizteko erabiltzen den neurri biometriko nagusia tragoaren zabalera da. P. austriacusen tragoaren zabalera 6,6 mm-tik gorakoa da, eta P. auritusena hortik beherakoa.  

Antzeko espezieak

Belarrihandi arrea (Plecotus auritus)
Plecotus auritus

Morfologia orokorrari begira, kolorean dago alderik handiena, Plecotus auritusen sabelaldea horixkagoa baita. Dena den, kolorea oso aldakorra izan daiteke, eta biometriak hartzea da gomendagarriena, era horretan nahiko erraz bereiz baitaitezke bi espezieak.


Belarrihandi alpetarra (Plecotus macrobullaris)
Plecotus macrobullaris

Morfologikoki antz oso handia dute bi espezieek, baina belarrihandi alpetarrak triangelu formako kuxina dauka beheko ezpainaren azpian, kokotsean. Gainerakoan, biometriak erabiliz bereiz daitezke bi espezieak.

Ekokokapena

Maiztasun modulatuko (FM) ekokokapen-deiak igortzen ditu, 70 eta 20 kHz bitartekoak. Bi harmoniko emititzen ditu, lehenengoa 35 eta 20 kHz artekoa eta bigarrena 70 eta 38 kHz artekoa (Dietz et al. 2009). Soinuen intentsitatea oso baxua izan ohi du, eta nekez iristen da 5 metro baino haratago. Ezinezkoa da ekokokapen-deien bitartez Plecotus espezieak bereiztea.

Banaketa

Europa mendebaldetik hasi eta Txina mendebalderaino hedatzen da espezie honen banaketa-eremua. Iparraldeko muga Ingalaterra eta Eskandinavia hegoaldean du, eta hegoaldekoa Sudanen, Etiopian eta Cabo Verde artxipielagoan (Dietz et al. 2009, IUCN Red List). 

Euskal Herrian eremu guztian aurki daiteke (Aihartza 2001), itsas mailatik 1800 metro arte.

Plecotus austriacus Plecotus austriacus

Habitata

Habitat ezberdin ugaritan aurki daiteke espezie hau, bere generokideak ez bezala. P. auritus oso basotiarra da eta P. macrobullaris mendietako larreetan bizi ohi da. P. austriacus, aldiz, basoetan, estaldura gutxiko inguruneetan eta zuhaitzik gabeko eremuetan ere bizi daiteke (Horacek et al. 2004). Gizakiak eraldatutako eremuetan ere ohikoa da, eta maiz hartzen ditu gordelekutzat giza eraikin zaharretako arrakalak eta teilatuetako habe-arteak. Itsas mailatik 2.000 metro arteko eremuetan aurkitu da.



Habitat bereko espezie gehiago

Luscinia megarhynchos
Lepus europaeus
Alauda arvensis
Galerida cristata
Aquila fasciata
Aquila pennata
Apodemus sylvaticus
Cervus elaphus
Dama dama
Sus scrofa
Jynx torquilla
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Ciconia nigra
Falco peregrinus
Turdus merula
Suncus etruscus
Milvus milvus
Passer domesticus
Falco tinnunculus
Milvus migrans
Circaetus gallicus
Rattus rattus
Sciurus vulgaris
Strix aluco
Trachemys scripta
Myodes glareolus
Rattus norvegicus
Erinaceus europaeus
Accipiter gentilis
Phoenicurus phoenicurus
Phoenicurus ochruros
Prunella modularis
Myotis emarginatus
Fringilla coelebs
Bubo bubo
Dendrocopos major
Picus sharpei
Martes foina
Chalcides bedriagai
Otus scops
Blanus cinereus
Dendrocopos minor
Caprimulgus europaeus
Tadarida teniotis
Lanius senator
Sorex coronatus
Sorex minutus
Microtus agrestis
Mus spretus
Microtus gerbei
Microtus lusitanicus
Athene noctua
Lymnocryptes minimus
Lacerta schreiberi
Microtus duodecimcostatus
Mus musculus
Micromys minutus
Pica pica
Vanessa atalanta
Vulpes vulpes
Myotis blythii
Tyto alba
Cyanistes caeruleus
Pipistrellus pipistrellus
Mustela erminea
Miniopterus schreibersii
Crocidura russula
Troglodytes troglodytes
Pipistrellus kuhlii
Myotis myotis
Eptesicus serotinus
Colias croceus
Rhinolophus hipposideros
Oryctolagus cuniculus
Neophron percnopterus
Aquila chrysaetos
Ardea cinerea
Crocidura suaveolens
Buteo buteo
Talpa occidentalis
Lepus granatensis
Mustela nivalis
Accipiter nisus
Talpa europaea
Asio flammeus
Anguis fragilis
Asio otus
Aglais urticae
Turdus philomelos


Elikadura

Noctuidae familiako sits handiak ehizatzen ditu batez ere, % 70 eta 100 artean. Dipteroak eta koleopteroak ere jaten ditu. Hegan doazen harrapakinak ehizatzen ditu normalean (Bauerova 1982, Swift 1998).

Ugalketa eta ontogenia

Araldia irailean izaten da, eta, negua kobazuloetan hibernatu ostean, emeak ekaina inguruan biltzen dira 10-30 ale inguruko ugal koloniatan (Horacek et al. 2004). Kume gehienak ekaineko bigarren hamabostaldian jaiotzen dira; banaka, normalean. Kumeek bi hilabete inguru igarotzen dute gordelekuan edo amaren sabelera itsatsita, eta abuztua erdialdean lortzen dute lehen hegaldia egitea. 

Ohiko bizi-luzetasuna 5 eta 9 urte artekoa da, nahiz eta 20 urtetik gorako aleak ere ezagutzen diren (Arthur & Lemaire 2009).

Bizimodua

Eme kumatzaileak alde batera utzita, gainerakoan espezie oso bakartia da, hil hotzetan batez ere (Schober & Grimmberger 1989, Aihartza 2001). Arrak eta emeak udaren amaieran (hainbat lekutan uztailean ere ziurtatu dira kopulak) eta udazkenaren hasieran besterik ez dira elkartzen, araldian, hain zuzen. Orduan gertatzen dira kopulak. Bakarka edo talde txikitan hibernatzen dute. Espezie sedentarioa da: oso gutxi mugitzen da gordelekutik, ehizatzean 5 km baino gutxiago (Kiefer & Veith 1998). Mugimentu ohikoenak udako eta neguko gordelekuen artekoak izan ohi dira. 

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bi kapar espeziek parasitatzen dute espezie hau: Ixodes vaspertionis eta Spinturnix plecotinus.

 

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera espezie honen kontserbazio-egoera ona da. EAEko katalogoan (2003) Kalteberako Espezietzat katalogaturik dago.

Erlazionaturiko artikuluak

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Krapp F (ed). 2004. Handbuch der Saugetiere Europas. Aula Verlag.

. . IUCN Red List. www.iucnredlist.org (2011/11/30)

Aiharza JR. 2001. Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: distribución, ecología y conservación. Doktoretza-tesia, EHU. Bilbo

Swift SM. 1998. Long-eared bats. Poyser Ltd. Londres

Schober W, Grimberger E. 1987. Bats of Britain & Europe.

Bauerová Z. 1982. Contribution to the trophic ecology of the grey long-eared bat, Plecotus austriacus. Folia Zoologica, 31: 113-122

Arthur L, Lemaire M. 2009. Les Chauves-souris de France, Belgique, Luxembourg et Suisse. Biotope. Paris
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2010/05/31 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 2283 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...