Belarrihandi alpetarra
Plecotus macrobullaris

Belarrihandi alpetarra Europako saguzarrik bitxienetariko bat da, mendikate nagusietan besterik ezin baitaiteke topatu. 2003an esleitu zitzaion espezie kategoria (Kiefer & Veith 2001, Spitzenberger 2001, 2003), antzekotasun morfologiko handia duten bi espezie generokidetatik bereizi zenean, Plecotus auritus eta Plecotus austriacusetik, hain zuzen. Duela gutxi ezagutu zenez, espezieari buruzko informazioa urria da, baina espezie bitxi hau gero eta hobeto ezagutzen dugu urteek aurrera egin ahala.

Plecotus macrobullaris

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Vespertilionidae
Deskribatzailea
Kuzjakin (1965)
Estatusa
lc

Deskribapena

Europako gainerako Plecotus espezieen oso antzekoa da morfologikoki, belarri eta trago luzeekin. Aurpegiko bereizgarri nagusia triangelu formako kokotseko kuxina da. Azpiko ezpainaren behealdean alderantzizkatutako triangelu formako kuxina du, zenbait kasutan pigmentazio iluna izaten duena; gazteetan batez ere. Gainerako Plecotusetan kuxin honen forma ez da triangeluarra izaten, borobildua baizik.

Ilajeari dagokionez, sabelaldea zuri-zuria izan ohi du, nahiz eta ileen alde proximala beltza den. Hau da, ileak banatuz ger, ileen behealdea iluna dela ikus daiteke. Ilajea gainerako belarrihandiena baino dentsoagoa eta luzeagoa da, eta kolore aldetik P. austriacusen antz handiagoa du P. auritusena baino.

Antzeko espezieak

Belarrihandi arrea (Plecotus auritus)
Plecotus auritus

Sabelaldean kolore horixkagoa du belarrihandi arreak, eta kokotseko kuxina ez du triangelu formakoa, borobildua baizik. Bestalde, tragoaren zabalera estuagoa izaten da azken honen kasuan P. macrobullarisenarenean baino.


Belarrihandi grisa (Plecotus austriacus)
Plecotus austriacus

Ilajearen kolorea oso antzekoa da, eta kokotseko kuxinaren forma da bi espezieak bereizteko ezaugarririk onena. Dena dela, ez da kasu guztietan baliagarria izaten, P. macrobullarisen kuxina puztuta dagoenean P. austriacusenaren antza izan baitezake. 

Ekokokapena

Gainerako belarrihandien antzeko ekokokapen-deiak erabiltzen ditu, frekuentzia modulatukoak, eta bi harmonikodunak (Dietz et al. 2009). Ekokokapen-deien intentsitatea oso baxua da, gainerako belarrihandietan gertatzen den bezala. Belarrihandi alpetarraren ekokokapen-deiek belarrihandi grisarenaren antz handia dute, antzeko inguruneetan eta antzeko animaliak ehizatzearen erakusle (Dietrich et al. 2006). 

Banaketa

Europako eta Asia mendebaldeko mendiguneetan eta haien inguruan bakarrik ezagutzen da espezie hau: Pirinioak, Alpeak, Alpe dinarikoak, Balkanak, Turkiako mendiak, Siriako mendiak, Kaukaso eta Kurdistango mendiak dira espeziearen bizilekuak (IUCN Red List). Itsas mailatik (Kroazian) 2800 metroko altueraraino (Pirinioetan) aurkitu da (Garin et al. 2003, Pavlinic & Tvrtkovic 2004), eta azken mendikate honetan ez da 1300 metrotik behera aurkitu.

Euskal Herrian Pirinioetako mendirik altuenetan bakarrik ezagutzen da, Larra-Belagua inguruko karstean, alegia.

Plecotus macrobullaris Plecotus macrobullaris

Habitata

Ingurune irekietan ehizatzen duen animalia da, eta mendi inguruetako larreak erabiltzen ditu, bai goi-mendietakoak zein baso artean altuera baxuagoan aurki daitezkeenak. Harkaiztiak moduko landaredia gutxiko eremuetan ere ehizatzen du.

Goi-mendietako erregina da espezie hau, Pirinioetan batez ere, baso-mugatik gora aurki daitekeen saguzar-espezierik ugariena baita.



Habitat bereko espezie gehiago

Talpa europaea
Aquila chrysaetos
Mustela nivalis
Bubo bubo
Aegolius funereus
Myotis nattereri
Rupicapra pyrenaica
Parnassius apollo
Sus scrofa
Chionomys nivalis
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Pyrrhocorax graculus
Mus musculus
Micromys minutus
Mustela erminea
Neophron percnopterus
Prunella collaris
Microtus agrestis
Sorex coronatus
Gyps fulvus
Gypaetus barbatus
Montifringilla nivalis
Hierophis viridiflavus
Microtus gerbei
Tichodroma muraria


Elikadura

Gainerako Plecotusen kasuan bezala, sitsak dira espezie honen dietaren osagai nagusia. Noctuidae familiako lepidoptero gautarrek dietaren ia % 95 osatzen dute, eta sitsak ez diren gainerako intsektuen presentzia oso baxua da. Pirinioetan kontsumitzen dituen espezie nagusiak Agrotis clavis, Apamea mallardi eta Autographa gamma dira (Alberdi et al. 2012).

Ehizatzeko 5 km baino gehiago mugi daiteke eguneko gordelekutik, gainerako Plecotus saguzarrek baino mugimendu luzeagoak egiteko gai da, beraz (Arthur & Lemaire 2009).

Ugalketa eta ontogenia

Emeek udaberriaren amaieran edo udaren hasieran sortzen dituzte kumatze-koloniak eta badirudi irailera arte-edo elkarturik mantentzen direla eme helduak eta urteko gazteak.

Ezer gutxi ezagutzen da espezie honen ugalketaren inguruan. Bitxikeria gisa, ez da sekula swarming leku batean aurkitu; hau da, ez da gainerako saguzar espezie gehienekin batera biltzen udazkenean kobazulo gutxi batzuetan bertan parekatzeko.

Bizimodua

Europan ezagutzen diren espezie honen gordeleku gehienak eraikin zaharretan daude: etxe zaharrak, elizak eta txabolak (Krapp 2004). Dena den, espezie honetako animaliak ez dira sabaitik eskegitzen; aitzitik, harrien eta egurrezko oholen arteko arrakaletan egon ohi dira gordeta. Ondorioz, ez da erraza izaten espezie honen presentziaz jabetzea. Kobazuloetan ere aurkitu izan da.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Mendi-inguruneetan Noctuidae familiako sitsak dira bere elikaduraren oinarria, beraz litekeena da horien populazioetan eragin nabarmena izatea. Ez da espezie honen harraparirik ezagutzen.

Eraikinetan Plecotus auritus eta Rinolophus ferrumequinum espezieekin batera aurkitu izan da.

Kontserbazioa

IUCN erakundearen arabera, espezie honen kontserbazio-egoera ona da.

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Arthur L, Lemaire M. 2009. Les Chauves-souris de France, Belgique, Luxembourg et Suisse. Biotope. Paris

Alberdi A, Garin I, Aizpurua O, Aihartza JR. 2012. The Foraging Ecology of the Mountain Long-Eared Bat Plecotus macrobullaris Revealed with DNA Mini-Barcodes. PLoS ONE, 7(4): e35692

Dietz C, von Helversen O, Nill D. 2009. Bats of Britain, Europe & Northwest Africa. A&C Black. Londres

Krapp F (ed). 2004. Handbuch der Saugetiere Europas. Aula Verlag.

Garin I, García-Mudarra JL, Aihartza JR, Goiti U, Juste J. 2003. Presence of Plecotus macrobullaris (Chiroptera: Vespertilionidae) in the Pyrenees. Acta Chiropterologica, 5(2): 243-250

Pavlinic I, Tvrtkovic N. 2004. Altitudinal distribution of four Plecotus species (Mammalia, Vespertilionidae) occurring in Croatia. Natura Croatica, 13(4): 395-401

Dietrich S, Dzameitat DP, Kiefer A, Schnitzler HU, Denzinger A. 2006. Echolocation signals of the plecotine bat, Plecotus macrobullaris Kuzyakin, 1965. Acta Chiropterologica, 8(2): 465-475
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2011/12/16 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 2712 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...