Harkaitz-txoria
Tichodroma muraria

Europako hegaztirik ederrenetarikoa da harkaitz-txoria, ingurune malkar eta harritsuetan aurki daitekeen txori berezia. Bere moko oker luzearekin, eta batez ere, hegoko luma gorriekin beste edozein hegaztirekin ezin nahas daitekeen espeziea da. Eurasia erdialde eta mendebaldeko mendiguneetan bizi da, eta Euskal Herrian leku oso gutxitan ezagutzen dira hegazti honen populazioak, batez ere Pirinieotan.

Tichodroma muraria

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Tichodromadidae
Deskribatzailea
Illiger (1811)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina txikiko hegaztia da, 30-35 cm bitarteko hego-zabaleraduna eta 25 gramo pisatzera iritsi daitekeena. Bizkarralde grisa du, ibili ohi den ingurunearen (labar kalkareoak) antzeko koloreduna, eta paparraldea ilunagoa izan ohi da udan. Mokoa ere beltza da, luzea eta beherantz apur bat okertua. Buztaneko lumak ere beltzak dira. Animalia honen ezaugarririk deigarriena hegoetako luma gorriak dira, eta ezaugarri hori dela eta, ezin da beste hegazti espezieekin nahastu. Hegoen ertzetan orban zuriak ere izaten ditu. Hanka handiak ditu, atzapar eta herpe luzedunak, arroketara eustea ahalbidetzen dizkionak.

Emearen eta arraren itxura antzekoa da, baina udan arraren koloreak markatuagoak izan ohi dira, kontraste handiagokoak.

Banaketa

Paleartikoko mendigune nagusietan aurki daiteke, Europako mendietatik hasi eta Himalayaraino; tartean Pirinioak, Alpeak, Balkanetako mendiak, Karpatoak, Kaukaso eta Iraneko mendiak okupatuz.

Pirinioetako mendebaldeko muga Erronkari haranean du, Larra-Belagua inguruko harkaiztietan. Neguan, ordea, banaketa zabaldu egiten da, eta Euskal Herriko hainbat mendigune gehiagotan ere ikusi ahal izaten da.

Tichodroma muraria Tichodroma muraria

Habitata

Estai alpetar eta subalpetarreko harkaizti kalkareoak dira espezie honen bizilekua txitatze-garaian, udaberri amaieran eta udan. Egutera nahiago izaten dute, tenperatura egokiagoak eta elikagai-eskuragarritasun handiagoa eskaintzen baitute (Saniga 1995). Neguan, aldiz, altuera baxuagotara dauden harkaiztiak erabiltzen dituzte bizileku gisa, arroilak edo itsas bazterreko labarrak zenbait kasutan. Eraikin zaharretan ere aurki daiteke neguan (Hume 2009).



Habitat bereko espezie gehiago

Plecotus macrobullaris
Aquila chrysaetos
Talpa europaea
Mustela nivalis
Bubo bubo
Myotis nattereri
Rupicapra pyrenaica
Parnassius apollo
Sus scrofa
Chionomys nivalis
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Aegolius funereus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Micromys minutus
Microtus agrestis
Mus musculus
Mustela erminea
Neophron percnopterus
Sorex coronatus
Microtus gerbei
Gypaetus barbatus
Pyrrhocorax graculus
Gyps fulvus
Montifringilla nivalis
Hierophis viridiflavus
Prunella collaris


Elikadura

Moko luzearen laguntzaz, arroketako arrakala eta zirrikituetako intsektuez (euliak, tximeletak, sitsak eta kakalardoak) eta armiarmez elikatzen da nagusiki. Landare-haziak ere jaten dituzte. (Cramp & Perrins 1993; Hernandez et al. 1993).

Ugalketa eta ontogenia

Habia amildegietako kobazulo txikietan edo arrakala handietan egin ohi dute. Emeak 4 edo 5 arrautza jarri ohi ditu maiatza eta uztaila bitartean (Hume 2009), eta 2 cm inguruko tamaina izaten dute orban ilun eta kolore zuriko arrautzok. Hiru aste inguruz inkubatzen ditu emeak, eta arra izaten da bazka lortzeaz arduratzen dena. Txitoak altrizialak dira; hots, garapen laburrarekin jaiotzen direnez, itsu eta lumarik gabe irteten dira arrautzatik. Txitoek hilabete inguru behar izaten dute lumak garatzeko.

Bizimodua

Txitotze-garaian, udan, 2000 eta 3000 metro bitarteko altueran aurki daitezke Pirinioetan, amildegi eta harkaizti bertikalen inguruan, batik bat. Talde txikietan elkartu ohi dira. Urte osoa, ordea, ez dute altuera horietan igarotzen. Sasoikako altuera-migrazioak  egiten dituzte, eta negua altuera baxuagoetan igarotzen dute. Kantabriar mendietako populazioetako aleak itsas mailaraino jaisten dira, esaterako.

Kontserbazioa

Europako populazioa 14.000- 28.000 bikote artekoa dela estimatzen da (EBCC 2000), eta IUCN erakundearen arabera espezie honen kontserbazio-egoera ez da kezkatzekoa.

Espezie honen txitotzegune gehienak babestutako naturguneetan daude, eta ondorioz, nahiko ondo kontserbatutako guneetan bizi dira. Kontuan izan behar da, ordea, espezie espezialista dela, eta naturalki dentsitate baxuak izaten dituenez, beste animalia batzuk baino zaurgarriagoa dela inguruneko aldaketen aurrean.

Nafarroako Espezie Mehatxatuen Katalogoan Interes Bereziko espezieen artean kokaturik dago.

Argazkiak

Harkaitz-txoria
( 2010/08/12 )
Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Bibliografia


Hernandez A, Salgado JM, Alegre J. 1993. Datos sobre la dieta del Treparriscos Tichodroma muraria en la Cordillera Cantábrica. Butll. GCA, 10: 51-53

Saniga M. 1993. Seasonal distribution, altitudinal and horizontal migration of the wallcreeper (Tichodroma muraria) in the Malá Fatra Mountais, Slovak Carpathians. Folia Zoologica, 4(3): 237-246

Cramp S, Perrins CM. 1993. The Birds of the Western Paleartic 7. Oxford University Press. Oxford

Hume R. 2004. Guía de Campo de la Aves de España y de Europa. Ediciones Omega. Barcelona
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/02/06 | Azken eguneraketa: 2013/02/04 | Bisita-kopurua: 2677 | Argazki nagusia: Andrew Easton

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...