Migrazioa jolas horren muturreko adibidea daukagu. Nola esan, bestela, migratzaile baten bizitokia zein den? Gure artean du bere bizitokia eta alde egiten duenean bidaiatzen ari da? Ala gure artean dagoenean bidaiatzen ari da eta kanpoan dagoenean bere bizitokian dago? Ez dakit. Ezta galdera horrek erantzunik izan beharko lukeen ere.
Edonola, urtean zehar ez daude beti izaki bizidun berdinak gure artean. Hori gauza jakina da. Eta jada antzinaroan horretaz konturatzen hasi ziren. Bada, jakintza hori hainbat esamoldetan islatuta geratu da: San Blas egunean amiamokoak direla, enarekin batera hotza datorrela… Zer dela eta, ordea, ez ditugu beti bizidun berdinak ikusten? Garai batean hibernazio eta metamorfosiz beteriko teoriak plazaratu zituzten galdera horri erantzuna eman nahian. Gaur egun badakigu hegaztiok migrazio izeneko bidai bat burutzen dutela. Halere, oraindik zenbait herritan kukuak udazkenean gabirai bihurtzen direla uste da. Zer esan dezaket? Nik ez ditut herri guztietako kuku guztiak ezta gabirai guztiak ere ezagutzen.
Erreportajearen izenburua “hegaztien migrazioa” izan arren, hegaztiak ez dira migratzen duten izaki bizidun bakarrak. Otiak, adibidez, soroetara bazkatzera joateko ehunka kilometro egiten dituzte. Bestalde, izokinek ibaietatik itsasora joaten dira bertan arrautzak erruteko. Anfibioek ere hibernazio lekuetatik arrautzak erruteko putzuetara bidaiatzen dute. Halaber, ugaztunen artean badaude animalia migratzaileak ere: elefanteak, ñuak, saguzarrak…
Baina, goazen harira. Zer da migrazioa? Hasteko, migrazioa mugimendu periodiko bat dela esango dugu, urtero eta gutxi gorabehera garai berdinean errepikatzen den bidaia bat. Hau distantzia handikoa eta iraupen luzekoa izaten da, eta joaneko eta itzulerakoa da. Migrazioak bi eremu lotzen ditu: migratzaileak batean ugaltzen eta bestean elikatu egiten dira; beraz migrazioa elikagaiak lortzeko zailtasunak bultzatzen duela esan genezake. Azkenik, bidaia hau populazio osoak edo behintzat zati handi batek egiten du.
Ikerlarien ustez tertziarioko hegaztiek jada migrazioak egiten zituzten, urte-sasoi bakoitzean onenak ziren eremuetan bizi omen baitziren. Halere, benetako migrazioa kuaternarioan hasi zela uste da. Garai hartako glaziazioetan hegazti asko hil ziren, eta soilik hotzagatik ihes egin zutenetako batzuek aurkitu omen zituzten bizitzeko eremu hobeak. Izotzek atzera egiterakoan berriro ere haien jatorrizko lurraldetara itzuli zirela uste da. Azkenean neguarekin batera goseak lurralde oparoagoen bila joateko beharra sortu zien hegazti horiei, eta horrekin batera migrazioa hasi omen zen.
Bidaiari ekiteko unea
Migrazioa belaunaldiz belaunaldi transmititu diren burmuineko mekanismoek bultzatzen dute. Eta mekanismook hainbat kanpo-faktorek kitzikatzen dituzte. Esaterako, egun eta gau orduen arteko erlazioak (hots, fotoperiodoak) hegaztien hormonak dantzan jartzen ditu, eta horrek hegaztiak elikagai asko eta oso azkar jatera bultzatzen ditu. Horrela gantza metatzen dute, hegan egiteko muskuluek behar duten erregaia alegia.
Bestalde, tenperaturak behera egitean intsektuen eta ornogabeen kopuruak murrizten dira, eta tenperatura beherakadarekin batera datozen elurrek fruituak eta haziak estaltzen dituzte. Modu batean edo bestean hegazti gehienek haien elikagaiak lortzeko zailtasunak izaten dituzte, eta elikagai horiek lortzeko bidaiari ekiten diote.
Elikagaien kantitatea urte-sasoiaren arabera desberdina da: sasoi batzuetan elikagai asko izaten da leku batean, eta beste sasoi batzuetan elikagaiek behera egiten dute. Bada, migrazioa oparotasuna bilatzean datza, garaian garaiko guneetara bidaiatuz.
Bidaia luzeak, baina ez guztiak
Hegazti migratzaile batzuek uda ipar hemisferioan igarotzen dute, eta negua afrika erdialde edo hegoaldean. Beraz, oso migrazio luzeak egiten dituzte eta distantzia luzeko migratzaile deitzen zaie. Ipar-txenadak (Sterna paradisaea), adibidez, 20.000 kilometrotako bidaia egiten du, Ipar-polotik Hegoafrikaraino. Amiamoko zuria ere distantzia luzeko migratzailea da, Europa erdialdetik Afrika tropikalera migratzen baitu, bidean Sahara basamortua zeharkatuz. Azkenik, harrigarria da benarriz arruntaren (Acrocephalus schoenobaenus) migrazioa. 11 cm-ko txoritxo honek 4300 km egiten ditu 3 egunetan!
Bestalde, urte osoa hemisferio berean igarotzen duten migratzaileak ere badaude. Hauek
distantzia laburreko migratzaile edo
migratzaile ez-osoak deitzen dira, populazioaren neguko eta udako eremuak gainezartzen direlako. Noski, hauek ez dute distantzia luzeko migratzaileek lortzen duten oparotasuna aurkitzen. Baina negua baliabide gutxiagorekin eta baldintza klimatiko gogorragoetan igarotzeko gai dira. Birigarro arruntak (
Turdus philomelos), adibidez, Europa erdialdean jartzen du habia, eta neguan Europa hegoaldera alde egiten du.
Azkenik, badaude mendietan zehar migratzen duten espezieak ere. Migratzaile hauek udak goi-mendietako gailurretan igarotzen dituzte, baina neguan mendian behera egiten dute elur-mailak hala behartuta. Hauen artean besteak beste mendi-tuntuna (
Prunella collaris) edota harkaitz-txoria (
Tichodroma muraria) aurki ditzakegu.
Gora bai, baina noraino?
Hegaldiaren altuera eguraldiaren arabera aldatzen da. Izan ere, kontrako haize gogorra daukatenean hegaztiek lurretik gertuago egiten dute hegan, marruskaduragatik haizea moteltzen baita lurretik gertu. Ordea, haizea alde dutenean hegaztiek altuera handietan migratzen dute. Bestalde, hegazti planeatzaileek korronte termikoak behar dituzte eta, beraz, ezingo dute korronte hauek igotzen diren altuera baino gorago bidaiatu.
Berez, hegaztiak altitude lausoetako eremuetatik bidaiatzen saiatzen dira, baina gehienetan hegaldia ibilbidearen erliebeari doitu behar dute; Radar bidez egindako ikerketa baten arabera hegazti migratzaileen %5 0ek 1000 metrotik behera egiten du bidaia, % 30ek 1000-2000 m artean, % 15ek 2000-3000 m artean eta %5ek 3000 metrotik gora. Antzarak azken hauen adibide dira, Everest gainditu behar baitute haien migrazioan.
Goazen azkar!
Migrazioaren abiaduraz mintzo garenean hegaztiak denbora luzez bidaiatzean daraman batez besteko abiaduraz ari gara. Abiadura hau espeziearen beraren araberakoa da, baina haizeak kontra edo alde edukitzeak eragin handia du. Horrela, espezie gehienak 50-60 km/h abiaduran migratzen dute. Migratzaile azkarrenak limikolak izaten dira; hauek hegoak etengabe astintzen dituzte 150 km/h abiaduran bidaiatzeko.
Edonola, bidaia osoaren abiadura hegaztiak egindako geldiuneen araberakoa ere bada. Alegia, hegazti batzuek izugarrizko abiaduran hegan egin bai, baina atseden denbora luzez hartu behar izaten dute. Kasu horietan bidaia motelagoa izan daiteke abiadura geldoagoan baina ia atsedenik hartu gabe bidaiatzen duten espezieena baino. Adibidez, enarak edota sorbeltzak hegan elikatzen dira eta ez dute ia gelditzeko beharrik izaten. Alderantziz, gainditu beharreko lurraldeak oztopo, espezie gehienek atsedenaldi luzeak egin behar izaten dituzte. Orokorrean eguneko migratzaile gehienek 50-200 km egiten dituzte egun bakoitzean, eta gaueko migratzaileek 400 km baino gehiago.
Hegaldiaren estrategia
Migrazioan hegaztiak luzaroan egoten dira hegan egiten, eta guztiek energiarik ez xahutzea dute helburu. Horregatik, espezie bakoitzak hobe doitzen zaion hegaldi estrategia erabiltzen du. Lur gainetik migratzen duten hegazti handienek, adibidez, korronte termikoak baliatzen dituzte hegoak astintzea saihesteko. Korronte termikoak behetik gorako aire-korronteak dira eta eguzkiak lurrazala berotzean harekin kontaktuan dagoen airea berotzen denean sortzen dira. Horrela, hegaztiok bultzada horri esker gora egiten dute eta behar besteko altuera lortzean bertatik irten eta nahi duten norabidea hartzen dute, altuera poliki-poliki galduz. Estrategia hau hegazti harrapari handiek, amiamokoek… erabiltzen dute.
Korronte termikoak ez dira edozein lekutan osatzen. Hori dela eta, korronte termikoa dagoen lekuetara hurbiltzen dira migratzeko haien beharra duten espezieak. Horrela, korronte termikoan gora hegazti pila biltzen joaten dira, eta bidaian zehar talde nahiko handiak osatzen dira. Horregatik, miru beltzak (
Milvus migrans), zapelatz liztorjaleak (
Pernis apivorus), amiamokoak (
Ciconia sp.), kurriloak (
Grus grus)… multzo handitan migratzen ikusten dira.
Itsaso gainetik migratzen duten espezieek, kontrara, ezin dute aurreko estrategiaren arabera hegan egin itsaso gainean ez baita korronte termikorik eratzen. Bada, hegazti itsastarrek hasieran haizearen kontra planeatzen dute horrela altuera irabazteko. Ondoren, buelta eman eta haizearen noranzkoan aurrera egiten dute. Arrano arrantzaleak (
Pandion haliaetus) estrategia hau erabiltzen du itsaso gainetik hegan egiten duenean eta korronte termikoak baliatzen ditu lur barnean dagoenean.
Hegazti txikienak edo pisutsuenak, ordea, haien hegoen formagatik dela edo pisuagatik dela ez dira planeatzeko gai (ubarroiak, usoak…). Horrenbestez, hegoak etengabe astindu behar izaten dituzte. Teknika honek energia asko behar du. Hori dela eta, energia aurrezteko txori askok hegoak astintzen dituzten faseak eta hegoak itxita daramatzaten faseak tartekatzen dituzte (txokak, txontak…). Era horretan, jauzika hegan egiten dutela dirudi.
Ibilbideak bidaian zehar aurkitutako oztopoak saihestuz osatzen dituzte hegazti migratzaileek. Eta, noski, oztopoak saihesteko beharrak ale gehienak zirrikitu berdinetatik igarotzera bultzatzen ditu. Adibidez, Europatik Afrikarako bidean itsasoa ekidin nahian hegazti asko batzen dira Gibraltarreko itsasartean. Era berean, Pirinioak mendi lausoenetatik igaro nahian mendilerroaren bi ertzetara jotzen dute hegazti askok.
Zenbait espezieren kasuan, taldekoiak izaten direlako biltzen dira multzoetan eta ez hegaldiak hala behartuta (usoak, karnabak…). Baina hauetako batzuek taldekatzea energia aurrezteko ere baliatzen dute. Kurriloak, adibidez, V itxuran antolatzen dira migratzen dutenean. Horrela, aurrekoak atzekoari lan erdia errazten dio hegoak astintzean sortutako turbulentziak haizearen marruskadura murrizten diolako.
Non gaude eta nora goaz?
Hasieran aipatu bezala, migrazioa bi eremu lotzen dituen bidaia da. Batean hegaztiak elikatu eta deskantsatu egiten dute, eta bestean ugaldu. Bada, nola dakite hegazti migratzaileek iritsi behar duten lekura iritsi direla? Antza denez, jada migrazioren bat egin duten ale helduek helmuga haien memoria bisualari esker ezagutzen dute. Arrano sugezaleak (
Circaetus gallicus) edota arrano txikiak (
Aquila pennata) adibidez, urte batetik bestera aurreko urteko habia ezagutzeko gai dira, baita lekua izugarri aldatu bada ere.
Ale gazteenei dagokienean, gehienak helduei jarraiki migratzen dutenez lehenengo bidaiarekin ikasten dute haien helmuga aurkitzen. Halere, gazte batzuek bakarrik bidaiatzen dute; jaio eta badakite nora eta nondik migratu behar duten. Oraindik ere gaitasun miresgarri honen jatorria ezezaguna da.
Egun, badakigu bidean zehar orientatzeko egunez migratzen duten hegaztiek gogoratzen dituzten erreferentzia geografikoak eta eguzkiaren kokapena aintzat hartzen dituztela, eta gauez migratzen dutenek, ordea, ilargia eta izarrak. Azalpen horiek hegaztiak gela berezi batzuetan zuten portaera ikertuz ondorioztatu ziren. Gela horietan errealitateko erreferentziak irudikatu zizkieten hegaztiei (egutarrei eguzkiaren mugimendua eta gautarrei izarren mugimendua), eta ikusi zuten hegaztion mugimenduak esandako erreferentzien arabera baldintzatuta zeudela.
Aipatutako mekanismoez gain, hegaztiek orientatzeko beste modu batzuk ere badauzkate. Adibidez, usoek egun lainotuetan lurraren eremu magnetikoen arabera bidaiatzen dutela uste da. Antza denez, gauez migratzen duen txantxangorriak ere eremu magnetikoak baliatzen ditu.
Bidaia latza leunduz
Ikusi dugu jada hegaztiek haien hegaldia haizeen arabera moldatzen dutela. Bada, baldintza meteorologiko gogorrak (alegia, euri zaparradak, haizete gogorrak, laino lodiak…) aurkitzen dituztenean migrazioa eteten ohi dute. Hala ere, batzuetan hegaztiek hodei geruzaren gainera igo eta eguraldi gogorraren gainetik migratzen dute.
Bestalde, erliebeak ere hegaztien migrazioa baldintzatzen du. Baina kasu honetan ez du migrazioa etetea lortuko, baizik eta hegaztiak migrazioa beste bide batetik egitera behartuko ditu. Eguraldia aldeko baldin badute, hots, korronte termikoak daudenean eta haizeak aurrera bultzatzen dienean, hegaztiak altitude handietan hegan egiteko gai dira eta mendiak aise gainditzen dituzte. Bestela, mendiak saihesten dituzte. Horrela, egungo migrazio bide garrantzitsuenak mendilerro handienen ertzetatik igarotzen dira, mendien magal ala lepoetatik.
Itsasoak ere oztopo izugarriak dira hegazti gehienentzat. Izan ere, arestian aipatu bezala, itsasoan ez dira migratzaile askok behar dituzten korronte termikoak altxatzen. Era berean, itsasoaren gainetik hegan egiten dutenean hegaztiek ezin dute atseden hartzeko lekurik topatu.
Nahiz eta bidean oztopo geografiko handiak aurkitu badaude ibilbide zehatzik jarraitzen ez duten espezieak. Hau da, haien ibilbidea lerro zuzen baten modukoa da, bihurgunerik gabe. Hala ere, orokorrean oztopoen eraginez hegazti migratzaileek biderik errazenak bilatu izan dituzte mendez mende. Horrela, egun migrazio gehienak bide orokor batzuetatik iragaten dira.
Ikerketak
Migrazio ikertzen duten ikerlariek oztopo geografiko handien inguruko eremuak hobesten dituzte. Izan ere, hegazti gehienak oztopo handi horiek saihestearren bide errazagoetan pilatzen dira. Bada, bide errazago horietan zehar kokatzen ohi dira migrazioa ikertzeko behatokiak. Hala ere, badaude migrazioa bidaian zehar aztertzen dituzten ikerketak ere: hegazkinekin hegaztiak jarraituz, hegaztiak gune desberdinetan markatuz, radar bidezko jarraipenak…
Behatokietan lan egiten denean baldintzarik garrantzitsuena da bertatik ikusten den zeru zati osoa zaindu behar dela. Gainera, hegaztiek gu gaudeneko puntua zeharkatzen duten ala ez ziurtatu behar da, bai eta gero berriro ere atzera egiten ez dutela (hala bada birritan zenbatzeko arriskua baitago). Behaketak egun osoan zehar luzatzen ohi dira, espezieek une desberdinetan bidaiatzen baitute. Halaber, hainbat egun jarraituetan egitea komeni da.
Ikerketaren helburuak hartu beharreko datuak baldintzatuko baditu ere, ohikoena honako datu hauek jasotzea izaten da:
- Data
- Ordua
- Baldintza meteorologikoak (tenperatura, haizearen abiadura eta norabidea, presioa, hodei motak eta estaldura…)
- Espeziea
- Adina eta sexua (identifikatu ahal direnean)
Erakunde askok ikerketa irekiak dauzkate abian: Espainiako SEO/BirdLife erakundeak, Frantziako LPO erakundeak… eta normalean jasotako datuak interneten zintzilikatzen dituzte (ikus
www.migraction.net edo
www.migraciondeaves.org/). Beraz, hegaztien migrazioa ikertu nahi izanez gero baduzue nora joan. Animo, prismatiko batzuk eta hegaztien gida on bat edukitzea besterik ez da behar eta!