Gurean oso ugaria den baina goria bezain ezezaguna den espeziea da zapelatz liztorjalea. Hegazti bitxia da gainera, izan ere ez da batere harrapari txikia, baina harrapari guztietan dietarik espezializatuena du, eta bere tamainarekin erkatuta elikagai txikienak jaten dituen hegaztia da. Euskal Herriko zeruetatik udan milaka ale ikus daitezke Afrikarako bidean.
51-59 cm luzeera eta 113-136 cm hego-zabalera duen hegaztia da zapelatz liztorjalea; zapelatz arruntaren antzera tamaina ertaineko hegazti harraparia beraz.
Zapelatz liztorjalea bariazio izugarria duen espeziea da. Horregatik, espeziearen identifikazio zuzena egiteko aldakuntza gutxien duten ezaugarriei erreparatu behar zaie, hots, hegaldiaren jokabide-ereduari, buruaren eta buztanaren proportzioei eta arraun lumei (hegaletako lumak) (Forsman 1999). Izan ere, zapelatz arruntak ez bezala, zapelatz liztorjaleak airean gora bueltaka dabilenean hegoak beherantza okertuta eramaten ditu (zapelatz arruntak horizontalki edo apur bat goraka), eta hegazkada mantsoak eta elastikoak egiten ditu; halaber, buztan eta lepo luzeak eta buru txikia du (uso baten tankerako burua duela esaten da) (Cramp & Simmons 1980; Forsman 1999; Svensson et al. 2010). Bestalde, zaila da hegazti hau pausatuta ikustea, baso itxietan ezkutatzen delako, baina kasu horietan bere buru txikiagatik erraz identifika daiteke (Forsman 1999).
Helduak eta gazteak euren artean oso desberdinak dira, bi espezie izango balira bezala. Helduak buztaneko hiru banda beltzei (zahartu ahala puntakoa beste bietatik banatzen joaten da) eta hego azpikoei esker identifika daitezke. Gainera, helduen hegoen puntak gazteenak baino zabalagoak dira, eta mokoa beltza eta begia horia dute (Forsman 1999; Ferguson-Lees et al. 2001; Svensson et al. 2010). Ar eta eme helduak ere desberdinak dira: arrak lumadia grisa du, burua batez ere, eta emearena marroixka da.
Gazteek, berriz, begia beltza eta mokoa horia dute. Lumadiari dagokionez guztiak arreak dira, buztaneko banda beltzak elkarretik gertu daude eta luma sekundarioak (gorputzetik gertuen daudenak, atzeraka begira) luzeagoak direnez hegoaren oinarria zabalagoa eta borobilduagoa da helduetan baino (Forsman 1999; Ferguson-Lees et al. 2001; Svensson et al. 2010). Gainera, gazteen hego azpiko banda beltzak ez dira helduenak bezain markatuak (azkeneko banda oso difuminatua izaten da).
Zapelatz arruntak bularraldean ilargierdi itxurako orbain argi bat du lumadian. Bestalde, zapelatz liztorjaleak lepoa eta buztana luzeagoak ditu eta burua txikiagoa. Gainera, korronte termikoetan ziklatzen ari direnean zapelatz arruntak hegoak altxatzen ditu eta liztorjalean horizontalki mantentzen ditu.
Hegazti isila da kumatze-garaian izan ezik. Kantu nagusia pii-lu edo glü-i-yiu moduko kantu negarti bat da. Habitik gertu kantu arrotz eta mekaniko bat egiten du.
Neguan banaketa afrotropikala du, hots, afrikan ekuatorearen inguruan igarotzen du negua (urtearen erdia baino gehiago). Gainontzean, kumatze garaian Europa ia osoan eta Asiako ekialdean bizi da, baina mendebaldeko kosta eta ipar-iparraldeko zonak ekiditen ditu (Ferguson-Lees et al. 2001; SEO/Birdlife, interneten). Iberiar penintsula mundu mailako banaketaren mendebaldeko ertza da, eta bertan iparraldean aurki daiteke batik bat: Galiziatik Kataluniara eta Sistema Iberikoaren inguruan (Prieta 2003). Halere, Pirinioen ekialdean dentsitate baxuagoa dago bertako klima eta pinu-basoengatik.
Euskal Herrian, Nafarroako hegoaldean izan ezik gainontzeko leku gehienetan bizi da. Hala ere, asko ezkutzatzen den hegaztia denez eta ikusten den gutxietan zapelatz arruntarekin nahasteko arriskua dagoenez, bere populazioa gure inguruan azpiestimatuta egon liteke. Edonola, azken datuek 140-200 bikote estimatzen dituzte Nafarroan eta EAEn (Prieta 2003).
Distantzia luzeko migratzailea da zapelatz liztorjalea. Izan ere, Europatik Sahara hegoaldeko Afrikaraino bidaiatzen du bertan negua igarotzera. Euskal Herritik Gibraltarreko itsasarterako bidean milaka ale pasatzen dira (Gibraltarretik egun batean 60.000-120.000 ale pasa daitezke), Europa mendebaldeko populazioetakoak. Besteak Siziliatik eta Turkiatik igarotzen dira. Bidaia horietan milaka ale biltzen dira itsasarteetan itsaso gainetik ahalik eta hegaldi laburrena egiteko asmoz, baina badirudi aleetako batzuek itsasoa bide luzeagoetatik zeharkatzen dutela, udazkeneko migrazioan batez ere (Leshem & Yom-Tov 1998; Agostini & Panuccio 2005). Smithen (2000) arabera, geroz eta zaharrago izan orduan eta bide errazagoak bilatzen dituzte (itsasoa ekidinez, alegia, bertan hegaldia errazten dieten haize korronte termikoak sortzen ez direlako); badirudi esperientziak migrazio bideak ikastea bermatzen diela. Hala ere, beste autore batzuk ez daude ideia horrekin guztiz ados (ikus Agostini & Panuccio 2005). Edonola, ale helduak gazteak baino lehenxeago migratzen omen dute, eta udazkeneko eta udaberriko migrazioaren artean, bai eta egunean zehar ere bideak aldatu egiten dira eguraldiak (haizeak batez ere) hala behartuta (Ferguson-Lees et al. 2001; Agostini & Panuccio 2005).
Oso bidaia sinkronikoa egite dute, Europatik Afrikara batez ere abuztu amaieran eta iraileko lehen 10 egunetan bidaiatzen baitute (Agostini & Panuccio 2005). Kontrako bidea batez ere maiatzan egiten dute (SEO/BirdLife, interneten).
Zapelatz liztorjalea soilguneak dauzkaten edota landazabaletatik gertu dauden baso epel eta borealetan bizi da (pagadietan batez ere, baina Eskandinavian baso mixtoetan eta Bretainian pinu-basoetan ere) (Cramp & Simmons 1980; Forsman 1999; Ferguson-Lees et al. 2001; Svensson et al. 2010).
Gurean, basoetan bizi da, hostorerorkorretan batik bat (pagadietan eta hariztietan batez ere, baina baita pinuz, gaztainondoz, urkiz, erkametzez eta artez osatutako basoetan ere…) (Elósegui 1985; Sampietro et al. 1988; Noval 2001; Prieta 2003). Halere, ibai ertzetan eta hezeguneetatik gertu ere ikusi da (SEO/BirdLife, interneten). Itsas-mailatik 1600 m arteko basoetan bizi da (Elosegui 1985).
Habia urtetik urtera berritzen dute. Horregatik estruktura desordenatu bat ematen ohi du. Berau zuhaitzaren adaburutik gertu egoten da hosto ugariz betetzen dute. Batzuetan, gainera, abaraskak bertara eramaten dituzte (txitei jaten emateko) (Ferguson-Lees et al. 2001; SEO/BirdLife, interneten).
Liztor eta erle larbak (bereziki) eta helduak jaten ditu, eta horretarako lurreko habiak aztakatzen benetan iaioa da. (Cramp & Simmons 1980; Forsman 1999; Ferguson-Lees et al. 2001). Izan ere, bere morfologia jarduera horretara moldatuda dago: moko motz eta zorrotza pupak abarasketatik ateratzeko, aurpegiko lumadia gogorra, narina txikiak intsektuak berauetatik ez sartzeko, eskamaz babestutako atzaparrak…
Bestelako ornogabeak (armiarmak, zizareak, intsektuak…) anfibioak, hegazti txikien txitak eta fruituak ere jaten ditu, batez ere denboraldi hotz eta hezeetan, (Forsman 1999; Svensson et al. 2010; SEO/BirdLife, interneten).
Zapelatz liztorjaleen ugal-garaia maiatzan hasten da eta beste harrapari batzuena baino motzagoa da harraparien ugaritasunaren menpe sinkronizatzen dutelako (Ferguson-Lees et al. 2001; SEO/BirdLife, interneten). Kolore txuriko eta orbain gorriz beteriko 1-3 arrautz erruten dituzte, eta hauek 37 bat egunez inkubatzen dituzte (arrak zein emeak). Jaio eta lehendabiziko egunetan arrak janaria eramaten du habira eta 40 egun dauzkatenean txitak hegan egiteko gai dira. 70-75 egun dauzkatenean migratzeari ekiten diote (Ferguson-Lees et al. 2001; SEO/BirdLife, interneten).
Oro har taldekoia da, ugal garaian izan ezik. Orduan bakartia eta oldarkorra bihurtzen da, batez ere gorteiuan (SEO/BirdLife, interneten). Gorteiuan oso dantza ikusgarriak egiten dizkio arrak emeari: hegan loop bat egiten du, lehenbizi behera eta gero ziztu bizian gora egiten du, eta goian dagoenean hegoak altxatu eta mugitzen ditu (Ferguson-Lees et al. 2001; behaketa pertsonala). Dantza edo display hauek migrazioan daudenean ere ikus daitezke.
Zapelatz liztorjalearen biologiari buruz informazio gutxi dago, eta ez zaizkio espezieen arteko elkarrekintzarik deskribatu. Hala ere, miru beltzekin batera migratzen ikusi ahal izan da (behaketa pertsonala).
Europan 100.000-150.000 bikote daudela estimatzen da (Prieta 2003) eta, informazio askorik ez dagoen arren, populazioak egonkorrak direla kontsideratzen da (BirdLife International, 2000). Arestian aipatu bezala, Hego Euskal Herrian 140-200 bikote estimatu dira, eta ez dirudi gainbeheran daudenik (Alvarez et al. 1998; Aierbe et al. 2001; P. Arratíbel, J. I. Deán & A. Senosiain, komentario pertsonalak).
IUCN erakundeak mehatxurik gabe sailkatzen du (Least Concerned) oso eremu zabalean aurki daitekeelako, populazioa nahiko handia delako eta ez delako beherakada nabarmenik ikusi. Hala ere, Hegaztien Zuzentarauak (79/409/CEE) eta Bonn, Berna eta CITES hitzarmenek babesten dute eta espainiar estatuko Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera Interes Berezikoa da. Gurean, EAEn katalogatu gabe dago eta Nafarroan Interes Berezikoa da.
Esan bezala, espezie hau horren ugaria izanagatik ere oso ezezaguna da eta horrek eragiten dizkion mehatxuak ezagutzea zailtzen du. Edonola, zenbait autorek habitataren eraldaketa jotzen dute faktore garrantzitsuenetarikotzat; batez ere hostozabalen basoak pinudiengatik edo eukaliptiengatik aldatzen direnean (Prieta 2003). Bestalde, berez oreka biologiko ezegonkorreko espeziea da zapelatz liztorjalea oso dieta espezifikoa eta ugal arrakasta baxukoa delako (Hagemeijer & Blair 1997; Prieta 2003).