Arrano arrantzalea
Pandion haliaetus

Euskal Herriko kostaldean pase garaian agertu ohi den hegaztirik berezi eta ikusgarrienetariko bat da arrano arrantzalea. Tamaina ertaineko hegazti harrapari hau, izenak berak dioen bezala, arrantzalea da eta batez ere paduretan harrapatzen dituen arrainak jatetik bizi da. Euskal Herrian Urdaibai eta Txingudi dira hegazti eder hau behatzeko leku egokienak. Gertuko ahaiderik ez duen erlikia taxonomikoa da, Pandionidae familiako espezie bakarra.

Pandion haliaetus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Accipitriformes
Familia
Pandionidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko harraparia da. Hegoen tamaina 46-50 cm ingurukoa da eta buztana berriz, 20 cm ingurukoa. Pisua 1,5 kg-ren bueltan egon ohi da. Emeak, gutxi gorabehera, arrak baino %20 handiagoak izan ohi dira eta sabelalde ilunagoa izaten dute.

Bizkarraldea marroi ilun kolorekoa izan ohi da, burua salbu. Sabelaldea, berriz, argiagoa, zurixka, nahiz eta hegoen puntak eta karpoen ingurua beltzak izaten diren. Lema-lumak eta arraun-lumek xingola transbertsal ilunak izaten dituzte eta sabelaldean intentsitate aldakorreko xingolak izan ohi dituzte. Erpeak marfil kolorekoak dira.
Aurpegian mokotik hasi eta bizkarreraino hedatzen diren antifaz iluna dute. Begiak horiak dira eta mokoa, berriz, oso zorrotza izan ohi da, urdin-gris kolorekoa.

Banaketa

Munduan zehar banaketa oso zabala duen hegaztia da, kontinente guztitako kostaldetan agertzen baita, Antartidan salbu. Hegoamerikan, berriz, migrazioan soilik agertu ohi da eta ez du bertan habiarik egiten.

Ipar hemisferioan, normalean, goi-latitudeetan egin ohi du habia eta bertan parekatzen dira. Bikote gehienek Europa eta Siberia iparraldean egiten dute habia. Negua, aldiz, ekuatore inguruan igarotzen dute. Tarteko latitudetan pase garaian soilik agertu ohi da, migrazioa burutzean. Australian, berriz, nagusiki sedentarioa da.
Europako populazioan 8.000-10.000 bikote inguru kalkulatu dira (BirdLife International/EBCC, 2000). Iparraldeaz gain badira Mediterraneo inguruan habia egiten duten bikoteak ere. Negua igarotzera gehienak Afrikaraino joaten diren arren, badira Iberiar Penintsulan gelditzen direnak ere. Espainia hegoaldeko eta Extremadurako urtegietan eta Ebroren deltan nagua igarotzen duten gero eta ale gehiago dago.

Euskal Herrian ez da bikote habiagilerik aurkitu eta behatzen diren gutziak migrazioan izaten dira, udazkenean Afrikara bidean eta udaberrian goi-latitudeetara bidean. Lehen aleak abuztuaren amaieran iristen dira eta urrira arte aleak behatzeko modua izan ohi da, Urdaibain batez ere. Zenbait udazkenetan estuarioan sei aleraino ere izan dira.

Garaia

Migrazioa abuztuan hasten da eta bidaia bakarrik burutzen dute, egunez. Bidaiak hilabete inguru irauten du eta emeak izan ohi dira migratzen duten lehenengoak. Arrak baino 2-3 aste lehenago abiatzen dira.

Habia lekuetara itzulera otsailaren amaieratik maiatzera bitartean ematen da eta bidaia hau azkarrago burutu ohi dute.

Habitata

Arrainak harrapatzeaz bizi den espezialista izaki, arrano arrantzalea ur-habitatei estuki loturiko hegaztia da. Ur garbiak izatea ezinbestekoa da, arranoak arrainak ikusi eta ehizatzeko modua izan dezan. Ur sistema kontinentaletan zein kostaldean bizi ohi da eta padura, laku eta urtegietako ur lasaiak bilatu ohi ditu.

Kostaldean habia egiten duten bikoteek labarrak hautatzen dituzte. Europa eta Asia iparraldean kumatzen dutenek, ordea, habitat kontinentalak hautatzen dituzte nagusiki, eta habia zuhaitzetan egin ohi dute (Cramp & Simons, 1980; Poole, 1989).



Habitat bereko espezie gehiago

Lymnocryptes minimus
Gallinago gallinago
Microtus cabrerae
Rattus norvegicus
Cuculus canorus
Mustela lutreola
Asio flammeus
Acrocephalus scirpaceus
Acrocephalus arundinaceus
Alosa alosa
Crocidura suaveolens
Gasterosteus aculeatus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Mus musculus
Uria aalge
Larus argentatus
Bubo bubo
Chalcides bedriagai
Miniopterus schreibersii
Buteo buteo
Ardea cinerea
Phoenicurus ochruros
Alca torda


Elikadura

Arrano arrantzarean dietaren %99 arrainek osatzen dute. Arrainok ur gazi zein gezatakoak izan ohi dira. Oso noizbehinka gertatzen diren hegazti eta narrastien harrapaketak ere dokumentatu dira (Poole, 1989). Urazaletik gertu ibiltzen diren arrainak hautatzen dituzte eta sakonera gutxiko eta ur garbietako inguruneetan ehizatu ohi dute. Harrapakinen tamaina oso aldakorra izan daiteke. Arrain txikienek 10 cm-ko tamaina izan dezakete eta handienak 60 cm izatera iritsi daitezke. Hauen pisua 100 eta 610 gramoren bueltan ibili ohi da (Green, 1976; Gil Sánchez, 1995; Francour & Thibault, 1996).

Arrantzarako hegan dabiltzanean, uretatik distantzia gutxira biraka planeatu ohi dute. Behin harrapakina lokalitzatzean zuzenean uretara erortzen uzten dute beren burua eta uretara sartu aurretik erpeak aurreratzen ditute oinekin arraina harrapatzeko.

Arrantzara ongi moldaturiko hegaztia da.  Aurreko kanpoaldeko behatza atzeragarria du erpeak luze eta kurbatuak dira. Ondorioz ez du arrain irristagarriak harrapatzeko arazorik izaten. Heste mehar oso luzea du digestioa hobeto burutu ahal izateko eta sudur-balbulek uretara zanbuila egitea ahalbidetzen diote.

Ugalketa eta ontogenia

Europa eta Asia iparraldeko popuazioak martxoa amaiera aldera hasten dira habia lekuetara iristen. Arrak emeak baino apur bat lehenago iristen dira. Zenbait kasutan hainbat bikoteren habiak elkarrengandik oso gertu (50-100 m) kokatzen dira, eta portaera erdi-koloniala erakusten dute.

Habia adar lehorrekin burutzen dute eta urtea joan urtea etorri tamaina handitzen joate dira. 2 metroko diametroa izatera iritsi daiteke eta 1,5 metroko altuerako habiak behatu dira, nahiz eta normalean 0,5-0,6 metroko altuera izaten duten (Thibault & Patrimonio, 1992; Cramp & Simmons, 1980).

Bikotea habian kokatzen denean goreiua hasten da. Bikoteak eztei-hegaldiak burutzen ditu eta arrek apeu deigarrian jaurtitzen dituzte. Garai honetan habia zaharra berritu edo berria eraikitzen dute. Goialdean material leun eta lehorrak jartzen dituzte: hostoak, lastoa, algak... Kopulak behin eta berriz gertatzen dira eta araldia 45 egun izatera iritsi daiteke.

Errunaldia udaberrian gertatzen da goi eta latitude ertainetan. Tropikoan, berriz, errunaldia neguan izaten da. Normalean 3 arrautza erruten dituzte, 2 edo 3 eguneko tartearekin. Inkubazioa bi sexuek partekatzen dute, nahiz eta emeak izaten diren denbora gehien igarotzen dutenak. Garai honetan emea arrak eikatzen du.

34-43 egunera arrautzak era asinkronikoan zabaltzen dira, errun ziren antzeko tartearekin (Green, 1976; Poole, 1989; Thibault et al., 2001). Kumeen lehen lumatxa motz eta ugaria izan ohi da, arrea goialdean eta zuria sabelaldean. Bi asteren buruan lumatxak gris ilun kolorea hartzen du. Kumeek jaiotzen direnetik izan ohi dute aurpegiko antifaza. 4. astean lehen lumak ateratzen zaizkie.

Txiten zaintza emearen esku egon ohi da eta arra familia guztia elikatzeaz arduratzen da. Arrainak emeari ematen dizkio eta hau izaten da zati txikiak kumeei ematen dizkiena. Kumeak hazten direnean arrainak habian uzten ditu arrak eta beraiek bakarrik elikatzen dira. Lehen hegaldia 44-59 egunen bueltan ematen da migratzaileetan eta 50-76 bitartean sedentarioetan.

Heldutasun sexuala 3 urterekin lortzen dute eta lehen gurutzaketa 3 eta 5 urte bitartean ematen da (Poole, 1989).  Arrak, normalean, emeak baino lehenago gurutzatzen dira. Bizi-luzetasuna 20 eta 25 urte bitartean izan ohi da (Thibault et al., 2001).

Bizimodua

Inguru tropikal eta subtropikaletan espezie sedentarioa da eta gainerako guztian, berriz, migratzailea. Europa iparraldeko populazioak migratzaileak dira eta Mediterraneoko eta Kanariar Uharteetakoak, berriz, sedentarioak (Poole, 1989; Thibault et al., 2001).

Iparramerikako populazio migratzaileek negua Amazonasen arroan eta Hegoamerikako iparraldeko kostan igarotzen dute. Europa iparraldean habia egiten dutenek berriz, Afrika erdialderaino burutzen dute migrazioa eta badira Hegoafrikaraino iristen direnak ere. Migratzaile transahararra den arren, gero eta gehiago dira negua Iberiar Penintsularen barnealdean igarotzen dutenak.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Europa eta Asian arrano arrantzaleek ez dute harrapari zuzenik, nahiz eta kumeak eta arrautzak hontz handia (Bubo bubo), azeria (Vulpes vulpes), belabeltza (Corvus corone) eta arrano beltza (Aquila chrysaetos) bezelako harrapariengandik babestu beharrean izaten diren. Iparramerikan, aldiz, hontz amerikarraren (Bubo virginianus) erasoak behatu izan dira.

Arrano arrantzalearen arazo handiena habia egiteko lekua iza ohi da. Mediterraneaoan kaio hankahoriek (Larus cachinnans) egiten dieten presioa aipagarria da (González et al.,1992; Triay, 1993; Thibault et.al., 2001; Siverio, 2003).

Kontserbazioa

Mundu mailan IUCN erakundeak "mehatxurik gabe" sailkatu du espezie hau oso banaketa eremu zabala duelako eta horrek ahultasuna murrizten duelako. Gainera, erakundearen arabera espezieak gorakada nabarmena izan du azken urteotan eta egun oso kopuru handiko popupazioa osatzen du (10.000 ale heldu baino gehiago). Europan 2009/147/CE Hegaztien Zuzentarauan jasota dago.

Espainian "Interes bereziko" espeziea izatetik zahurgarria izatera pasa zen 2006. urtean. Bestalde, estatuko zerrenda gorriak "Arriskuan" kategoriaren barnean sartzen du.

Argazkiak

Arrano arrantzalea
()
Arrano arrantzalea
( 2009/09/24 )
Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Egilea: Antton Alberdi eta Garikoitz Perurena | Sorrera: 2012/01/04 | Azken eguneraketa: 2012/10/25 | Bisita-kopurua: 2877 | Argazki nagusia: www.arkive.org

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...