Labarrak
Labarrak

Geografian eta geologian, labarrak kostaldeko eraketa bertikal edo ia bertikalak dira. Eraketa geografiko hauek meteorizazio eta olatuen erosio prozesuen ondorioz zizelatuak izan dira eta bizidun askok bertako bizi-baldintzei aurre egin ahal izateko egokiak diren moldaera biologikoak eskuratu dituzte, aniztasun handiko ekosistemak bilakatu direlarik.

Euskal Herriko labarrak, duela 145 milioi eta 65 milioi urte bitartean sortu ziren, Behe Kretazeoan. Garai horretan gaur egungo Pirinio mendilerroa eta Euskal Herria, Eurasiako plakatik banatzen zuen arro ozeanikoa zegoen. Ibaiek higaturiko materialak arro ozeanikoaren itsas plataforman eta ezpondan metatzen ziren. Tertziarioan, duela 65-2 milioi urte, Pirinioen altxamendua hasi zen eta itsas hondo hori gailentzen hasi zen. Pirinioak altxatzean, eskualde horretan fenomeno geologikoek 180 gradutako bira eman zuten, ordura arte itsas azpiko sedimentazio-ingurua zena kostalde bilakatu baitzen, higadura-agenteen eragina jasotzen hasiz.

Denboraren poderioz, itsasoak labarrak higatuz joan zen baina harriaren izaeraren arabera, higadura erritmo desberdinetan eman zen. Euskal Herrian, esate baterako, gutxi higatutako labarrak (Ogoño, Matxitxako edo Higer lurmuturrak; Billano, Izaro edo Urgul irlak) eta gehiago higatutakoak (Kontxa, Zarautz edo Bakioko badiak) aurki daitezke.

Olatuen higaduraren ondorioz, material gogor eta bigunak txandakatuak dituzten harkaitzak higatzen direnean, flyschak sor daitezke. Fenomeno geologiko hau labarra modu desberdin batean higatzen denean gertatzen da. Olatuek oinarri aldean harkaitza jo ahala, goiko aldea euskarririk gabe gelditzen joaten da, azkenik erortzen bukatuko duelarik. Higadura honek abrasio plataformak sortzen ditu (adibidez, Zumaiako Itzurun eta Algorri hondartzetan).

Biologiari dagokionean, ekosistema hauetan bizitza urria da eta bertan biziraun duten animalia eta landareek moldaera fisiologikoak pairatu behar dituzte. Izan ere, bi faktore nagusi daude itsaslabarretako bizidunengan eragina dutenak: itsasertzeko geomorfologia maldatsua bata eta itsasoarekiko gertutasuna bestea. Horren ondorioz, metro gutxitako tartean bi ekosistema desberdin agertzen dira: mareartekoa eta itsaslabarretakoa.

Gainera, gazitasun handiko urez zipriztintzeak bizidunei eta bereziki landareei osmosi arazoak sortzen dizkie. Horrez gain, lurzorua urria da eta haizeak gogor jotzen duenez, landare askok ezin dute bertan hazi, haizeak eta eguzkiak landareen transpirazioa areagotu egiten dutelako. Hala ere, faktore horien eragina ez da berdina itsaslabar osoan. Esate baterako, itsasotik hurbilen dagoen aldean, aldapa handiak eta itsasoaren eragina dira bizi-baldintzaren mugatzaileak eta itsasotik urrundu ahala, faktore horien eragina gutxiagotu egiten da eta haizeak protagonismo gehiago hartzen du.

Animaliak
Hontz handia
Bubo bubo
Eskinko bostatza
Chalcides bedriagai
Buztangorri iluna
Phoenicurus ochruros
Belatxinga mokogorria
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Etxe-sagua
Mus musculus
Kaio hauskara
Larus argentatus
Martina
Uria aalge
Arrano arrantzalea
Pandion haliaetus
Pottorro arrunta
Alca torda



Landareak

Betibizi, dolda-belar
Helichrysum stoechas subsp. stoechas
Itsas pinua
Pinus pinaster
Angelica razulii
Armeria euscadiensis
Biri-belarra
Pulmonaria longifolia



Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...