Elur-txonta
Montifringilla nivalis

Euskal Herriko paseriforme menditarrena dela esan daiteke elur-txonta, Nafarroa ipar-ekialdeko goi-mendietan besterik ezin baita aurkitu gure lurraldean. Kantauriar mendikatetik Txina erdialdeko mendiguneetaraino hedaturik dagoen arren, mendiguneetara  estuki loturiko espeziea da. Intsektuez, haziez eta fruituez elikatzen da, eta baso-mugatik gorako habitat alpetarretako ingurune harkaitztsuetan txitotzen du. Euskaraz elur-txonta izenez ezagutzen den arren, txolarren familian sailkaturiko espeziea da.

Montifringilla nivalis

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Passeridae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko paseriformea da 16-19 cm-ko luzera eta 34-38 cm-ko hego-zabalera duena. Pisua 30-40 gramo ingurukoa izan ohi da. Bizkarraldea marroia eta beltza da, eta sabelaldea, berriz, grisa. Hegoaren parte proximala zuria da, eta erditik ertzera beltza. Ondorioz, hegoak itxita dituenean marra zuria eta beltza nabarmentzen zaizkio gorputzaren alboetan. Burua gris kolorekoa da, sabela baino ilunxeagoa. Mokoaren kolorea sasoiaren arabera aldatzen da: udan iluna da neguan berriz hori-laranja. Udan moko ilunaren azpiadean orban beltz bat izan ohi du. Sexuen artean ez dago aldakortasun morfologiko nabarmenik.

Antzeko espezieak

Elur-berdantza (Plectrophenax nivalis)

Morfologikoki antzekotasun handia duten arren –gazteek eta neguko lumaiarekin-, elur-berdantza noizean behin soilik ager daiteke gure lurraldean, bere banaketa Eurasia iparraldeko inguruneetara mugaturik baitago. Arren udako lumajea askoz bereizgarriagoa da, burua eta sabelaldea guztiz zuriak baitira, eta bizkarraldea beltza.

Kantua

Gainerako txolarreek (Passeridae familia) baino kantu-dibertsitate handiagoa du, eta arroketan pausatuta edo hegan egitean kantatu ohi du. "zyiiih" marrantatsua, "myaih" kirrinkaria eta "ti ti zu" motzak, besteak beste.

Banaketa

Mendiguneei loturiko banaketa zabala du, Europa hego-mendebaldeko mendikateetatik Txina erdialeko mendiguneetaraino hedaturik baitago. Kantauriar mendikatean, Pirinioetan, Alpeetan, Kaukason, Himalayan eta Tibeten aurki daiteke, besteak beste.

Iberiar penintsulan Pirinioetan eta Kantauriar mendikatean daude elur-txontaren populazio bakarrak, eta Euskal Herrian Nafarroa ipar-ekialdeko goi-mendietan soilik aurki daitezke. Pirinioetan mendebalderen dagoen populazioa Orhi mendiaren inguruan dago.

Montifringilla nivalis Montifringilla nivalis

Habitata

Ingurune alpetarretara estuki loturik dago, eta nekez ikus daiteke 1000 metrotik behera, baita neguan ere. Elur-txonta gehienek 1500 eta 2800 metro bitarteko altueran egiten dute habia, baina 3000 metrotik gorako altueran ibili ohi da. Ganadurik gabeko larreak hobesten ditu (Laiolo et al. 2004). Normalean baso-mugatik gora bizi ohi da, eta ingurune alpetarreko harkaiztietan egiten du habia. Neguan ere elur-mailaren mugan ibili ohi da, eta udan baino altuera baxuagoetan mugitzen den arren, mendiguneetan mantentzen da. 



Habitat bereko espezie gehiago

Plecotus macrobullaris
Aquila chrysaetos
Talpa europaea
Mustela nivalis
Bubo bubo
Myotis nattereri
Rupicapra pyrenaica
Parnassius apollo
Sus scrofa
Chionomys nivalis
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Aegolius funereus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Mus musculus
Micromys minutus
Mustela erminea
Neophron percnopterus
Prunella collaris
Microtus agrestis
Sorex coronatus
Gypaetus barbatus
Pyrrhocorax graculus
Gyps fulvus
Hierophis viridiflavus
Microtus gerbei
Tichodroma muraria


Elikadura

Landareen haziez eta intsektuez elikatzen da nagusiki, nahiz eta neguko dieta ia guztiz hazietara mugatzen den. Elur-txontak taldetan mugitzen dira sarri, eta udaberrian haizeak  bailara hondoetatik gorantza bidalitako intsektuez elikatzen dira elurretan.

Ugalketa eta ontogenia

Ez dago espezie honen ugalkeraen inguruko informazio askorik. Emeak 3-4 arrautza erruten ditu.

Bizimodua

Izaera oportunista duen espeziea da, eta gizakia dabilen inguruetan aurkitzea ez da harritzekoa, eski estazioetan edo mendiko aterpetxeen inguruan, esaterako.

Normalean distantzia handirik gabeko altuera-migrazioak egiten ditu, baina jakina da lekualdaketa handiagoak ere egiten dituela, Alpeetan eraztundutako aleak Pirinioetan azaldu baitira, besteak beste.

Kontserbazioa

Kontserbazio-egoera ona duen espeziea da, banaketa oso zabala baitu, eta bere habitatean gizakiak egin dituen aldaketak oso txikiak izan baitira orokorrean, eski-pistak salbu. Populazioen dinamika egonkorra dela uste da, eta Europan 520,000-1,600,000 bikote ugaltzaile daudela estimatu da (BirdLife International 2004).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Laiolo P, Dondero F, Ciliento E, Rolando A. 2004. Consequences of pastoral abandonment for the structure and diversity of the alpine avifauna. Journal of Applied Ecology, 41: 294–304

BirdLife International. 2004. Birds in Europe: population estimates, trends and conservation status. BirdLife International. Cambridge, UK
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/05/31 | Azken eguneraketa: 2013/06/01 | Bisita-kopurua: 1415

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...