Ugatza
Gypaetus barbatus

Garai batean arrunta eta miretsia izan zen hegazti honek itxura eder bezain misteriotsua dauka, eta horrek kondaira ugari gauzatu ditu historian zehar. Ugatza, saien eta arranoen erdibidean dagoen harrapari handi hau, egun jada pairatzen ari garen biodibertsitatearen atzerakadaren isla bezala uler dezakegu. Egun Nafarroaren ekialdean baino ez du kumatzen, baina bere hegaldi luzeetan beste zona batzuetan ere ikus daiteke.

Gypaetus barbatus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Accipitriformes
Familia
Accipitridae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Ugatza saien artean handiena da (3 m-ko hego-zabalera eta 6 kg-ko pisua izan dezake) (Hiraldo et al, 1979). Hego luze zorrotzei eta erronbo itxurako isatsari erreparatuz gero, hegan egiten duenean erraz identifikatu daiteke. Bi ezaugarriok poliki eta maniobratzeko gaitasun handiz hegan egitea ahalbidetzen diote, eta horrek ugatzari bizi den haitz labarretan mugitzeko erraztasuna eskaintzen dio (Donazar, 1993).

Gainontzeko saiek ez bezala, ugatzek gorputz osoa lumaz estalita dute (Longares, 2003): hegoak eta isatsa beltzak, eta burua eta sabelaldea laranjak. Izan ere, burdin eta kareharritan aberatsak diren errekatan bustitzean lumetan oxidazio prozesua gertatzen da (Margalida, 2000; Arlettaz, 2002), eta hainbat autorek portaera hori estrategia kriptiko baten baitan kokatzen dute. Gainera, espeziebarneko lehian ezaugarri gainartzaile bezala ere uler daiteke eta, horrela, status desberdineko aleen arteko elkarrekintza ekiditen da (Margalida et al, 2002).

Mokoa oso garatua dauka, estua eta oso gogorra, eta bertatik begietaraino antifaz beltza luzatzen da. Hain zuzen ere, antifaz honen baitan, belarri inguruan ager daitezkeen filoluma beltzak barbatus eta meridionalis subespezieak bereizteko baliagarriak dira (FCQ-DGA-LIFE, 2002). Halaber, oso begi bereizgarria dauka ugatzak: iris horia eta esklerotika gorria (Hiraldo et al, 1979). Gazte, azpiheldu eta helduen arteko lumadiaren sekuentzia nabaria, eta horrek gazteek heldutasun sexuala lortzen duten artean (6 urte) euren adina identifikatzea baliatzen du.

Ugatzaren dimorfismo sexuala ez da oso nabaria, baina emeak gorputzaren eta mokoaren tamainari dagokionez handiagoak dira (Hiraldo et al, 1979; Donázar, 1993). Gainera, emeak 400 eta 1000 g gehiago pisatzen ohi dutela ikusi da (FCQ-DGA-LIFE, 2002).

Kantuari dagokionez, gehienetan isila da, baina ugalketa garaiko ugal-hegaldietan txistu ozen eta luzeak egiten ditu.

Banaketa

Ugatzaren banaketa potentzialak Asiako iparraldeko, Europako eta Afrikako iparraldeko mendiak hartzen ditu bere baitan (Hiraldo et al, 1979). Horietan barbatus subespeziea batik bat Eurasian agertzen da, eta meridionalis Afrika iparraldean (Brown, 1991).

Europako banaketari dagokionez, atzerakada nabaria eman da azken hamarkadetan eta lehen agertzen zen mendikate nagusietan populazio bakan isolatuetara mugatua geratu da (Alpeak, Balkanak, Karpatoak…)(Longares, 2003). Iberiar penintsulan ere, antzeko bilakaera izan du: garai batean mendikate nagusietan agertzen zen (Pirinioak, Kantabriako Mendikatea, Mendikate Betikoak…), baina egun Pirinioetara eta inguruko mendikateetara mugatua dago (FCQ-DGA-LIFE, 2002). Edonola, azken ikerketek Europako populazioaren %86a Iberiar Penintsulan ugaltzen dela jasotzen dute (FCQ-DGA-LIFE, 2002).

Euskal Herrian, ugatzak Nafarroan baino ez ditu habiak egiten (7 bikote 1999an), baina bikoteok berriki sortutakoak direla uste da eta, ondorioz, oraindik ez lirateke ugalduko (Heredia, 1991). Gipuzkoan ere sarri ikusia izan da ugatza, baina badirudi Aralar mendikateko Nafarroako aldean habia duen ale bat dela (Vazquez, 1987)

Habitata

Ugatza mendiari lotuta dago, eta bertako ekosistema ugaritan ikus daiteke (Longares, 2003), baina elikatzeko duen modua dela eta, ungulatuak ugari diren landazabalak hobesten ditu, betiere haitz-labarrak gertu badaude. Izan ere, erosioak sortutako erlaitz eta arrakaletan habiak eraikitzen ditu.

Levinsek (1968) dionaren arabera, habiak jartzeko ekosistema horien beharrak asko mugatzen du ugatza. Hala ere, oso eremu zabalak miatzen dituen espeziea da, elikatzeko animalien bila. Horrela, ugatzaren habitatari buruz hitz egitean, ezinbestekoa da erabiltzen duen eremu totalaz gainera, sarrien erabiltzen dituen eremuak ere zehaztea. Hain zuzen ere, ugatzak miaketan bidaia luzeak egiten baditu ere, gehienetan eremu txikiagoetara mugatzen da, batez ere ugalketa garaian.



Habitat bereko espezie gehiago

Plecotus macrobullaris
Aquila chrysaetos
Talpa europaea
Mustela nivalis
Bubo bubo
Myotis nattereri
Rupicapra pyrenaica
Parnassius apollo
Sus scrofa
Chionomys nivalis
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Aegolius funereus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Mus musculus
Micromys minutus
Mustela erminea
Neophron percnopterus
Prunella collaris
Microtus agrestis
Sorex coronatus
Gyps fulvus
Pyrrhocorax graculus
Montifringilla nivalis
Hierophis viridiflavus
Microtus gerbei
Tichodroma muraria


Elikadura

Ugatzaren elikadura hezurrez osatuta dago batik bat (%75), baina zenbaitetan haragi soila ere bazkatzen dute (Margalida et al, 1997). Ale bakoitzak eguneko 300-500 g elikagai behar du, eta beharrizanok handitzen dira ugalketa sasoian (Hiraldo et al, 1979). Elikagaiak ungulatu ertainetatik (ahuntzak, ardiak, sarrioak…), ugaztun txikietatik eta baztertuta utzitako abelburu hiletatik lortzen dituzte (Lorente, 1996). Hanketako hezur luzeak nahiago dituzte eta 255 mm luze diren hezurrak ere irentsi ditzakete. Baina hezurrak 255 mm baino luzeago direnean hain ezaguna duten portaera aurkezten dute: hezurrok hartu eta malda handiko zona harritsuetara botatzen dituzte hauek apur daitezen. Gainera, askotan botatako hezur horiek gordailu modura uzten dituzte (FCQ-DGA-LIFE, 2002).

Ugalketa eta ontogenia

Ugatzak bikoteak edota hirukote poliandrikoak (bi ar eta eme bakarra) osatzen ditu eta, taldeok osatu ondoren, hainbat urte behar ditu lehenbiziko errunaldirako (Donazar, 1993). Gero, ostera, 8-9 hilabeteko ugal zikloa daukate, errutea baino dezente lehenago hasten dena, habia eratzearekin batera. Kopulak azaroaren erdialdean hasten dira, baina elikagai urritasunak asko mugatu ditzake (Margalida et al, 2002). Errunaldia abendua eta otsaila bitartean gertatzen da eta, eme bakoitzak bi arrautza jartzen dituen arren, bakar batek baino ez du aurrera egiten (Hiraldo et al, 1979).

Inkubazioak 53-55 egun irauten ditu, eta bertan emeek bai eta arrek ere parte hartzen dute. Egunean lauzpabost aldaketa egiten dituzte eta, horrela, tenperatura oso konstante mantentzea lortzen dute (Donazar, 1993). 

Txitak otsaila eta apirila artean jaiotzen dira. Normalean jarritako bi arrautzetatik txito bakarra jaiotzen bada ere, bi txitak jaioz gero bietako bat gosez hiltzen uzten dela behatu da (Brown, 1988). Ostera, gatibutzan hazitako aleetan emeak edo anaiak hiltzen du (Hiraldo et al, 1979; Donazar, 1993). Jaio ondoren, helduek hilabete batez zaintzen dute txita, baina hortik aurrera zaintza asko murrizten da. Garai horretan arrak nahiz emeak elikatzen dute txita (larru, zurda eta hezur zati txikiak ematen dizkiote goizeko lehen orduetan), eta 75 egunetik aurrera txita gai da bere kabuz hezurrez bazkatzeko (FCQ-DGA-LIFE, 2002). Edonola, gazteak luze egoten dira helduen zaintzapean eta, hegan egiteko gaitasuna lortzen dutenean ere, ez dira habiatik asko urruntzen 96-240 egunetan zehar (Sunyer, 1990).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Ugatzak ez du harraparirik, baina bizi den haitz-labarretan lehia handia gertatzen da ugatzaren eta gainontzeko saien artean habiak eraikitzeko txokoak direla eta (Donazar, 1993). Horrek ugatza beste ingurune batzuetara mugitzera behartu du eta, zenbaitetan, beste harrapari batzuen habiak betetzen ditu, arrano beltzenak (Aquila chrysaetos) kasu (FCQ-DGA-LIFE, 2002).

Kontserbazioa

Ugatzaren mehatxuen artean honakoak aipa daitezke: argindar kableak, legez kanpoko ehiza, ehizarako erabiltzen den pozoia, elikagaien urritzea, ugal garaian lasaitasunik eza, habitataren eraldaketa… (Blanco et al, 1992). Hori dela eta, atzerakada nabaria jasan du azken mendean eta egun Galtzeko Arriskuan izendatua dago espainiar estatuan, bai eta Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Nazioartean, ordean, ikerketa gutxi egin dire eta IUCN erakundeak Arrisku Baxuko kategorian sailkatzen du, baina itun askok babesten dute: 79/409/CEE Hegaztien Zuzentarauak eta Berna, Bonn nahiz CITES Hitzarmenek.

Argazkiak

Ugatza Urkulu mendiaren inguruan
( 2013/05/06 )
Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2012/01/02 | Azken eguneraketa: 2013/05/31 | Bisita-kopurua: 2956 | Argazki nagusia: www.arkive.org

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...