Belatxinga mokohoria
Pyrrhocorax graculus

Korbidoen artean espezie menditarrena da belatxinga mokohoria, eta altuera handienetan ibiltzen den hegazti espezieetako bat da, Himalayan 5000 metroko altueratik gora egiten baitu habia. Dena den, askoz altuera baxuagoko mendietan ere ugaria da, eta Euskal Herriko mendigune nagusi guztietan aurki daiteke. Generokide duen belatxinga mokogorritik mokoaren koloreagatik eta kantuagatik bereiz daiteke.

Pyrrhocorax graculus

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Passeriformes
Familia
Corvidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1766)
Estatusa
lc

Deskribapena

Tamaina ertaineko hegaztia da, 35-40 cm-ko luzera eta 65-75 cm-ko hego-zabaleraduna. 200 gramo inguruko pisua izan ohi du. Lumajea guztiz beltza da, hankak laranja kolorekoak eta mokoa hori argia. Ez dago sexuen arteko aldakortasun morfologikorik, nahiz eta arrak emeak baino handixeagoak izan ohi diren.

Antzeko espezieak

Belatxinga mokogorria (Pyrrhocorax pyrrhocorax)
Pyrrhocorax pyrrhocorax

Antzekotasun morfologiko oso handia dute bi espezieek, bien lumajea eta forma ia berdinak baitira. Belatxinga mokogorria, ordea, mokohoria baino handixeagoa da, eta kolore gorri biziko moko luzea du. Mokogorria mokohoria baino altuera baxuagoetan bizi ohi da.


Zozo arrunta (Turdus merula)
Turdus merula

Bien lumajea -zozoaren kasuan arrarena- guztiz beltza izan arren, belatxinga mokohoria zozo arrunta baino dezente handiagoa da. Bien mokoak horiak dira, baina zozo arruntaren hanken kolorea ez da belatxingarena bezain bizia. Bestalde, bien banaketa-eremuak oso gutxi gainjartzen dira.

Kantua

Belatxinga mokohoria kantua deigarria eta identifikatzeko erraza da. Gainerako korbidoek baino kantu finagoa du. Maiz “zrrr” moduko soinu dardaratiak egiten ditu, baina normalean hegan doala igortzen dituen txistu erako soinu sendoek ohartarazten dute haren presentziaz.

Banaketa

Eurasia erdi eta hegoaldeko (Kantauriar mendietatik Altai mendigunera), eta Afrika ipar-mendebaldeko (Atlas) mendietan bizi den espeziea da. Iberiar Penintsulako banaketa Kantauriar mendiek eta Pirinioek osatzen duten mendikatera mugaturik dago. 

Euskal Herriko ingurune menditsu eta malkartsu guztietan aurki daiteke, batez ere, kareharri ugari azaleratzen den mendiguneetan; esaterako, Anboton, Aizkorrin, Aralarren edo Larran.

Pyrrhocorax graculus Pyrrhocorax graculus

Garaia

Espezie sedentarioa da, eta sasoiaren araberako altuera-migrazioak egiten dituen arren, txitotzeguneak eta negutzeguneak gertu xamar egon ohi dira.

Habitata

Habia egiteko ingurune harkaitztsuei lotuta dago, eta elikagaiak larre irekitan bilatzen ditu. Ondorioz, goi-mendietako inguruneak hobesten ditu, larre alpetarrak eta harkaiztiak, batez ere. Neguan altuera baxuagoetan aurki daiteke, baina normalean, ingurune harritsuei lotuta mantentzen da (Laiolo et al. 2001).



Habitat bereko espezie gehiago

Plecotus macrobullaris
Aquila chrysaetos
Talpa europaea
Mustela nivalis
Bubo bubo
Myotis nattereri
Rupicapra pyrenaica
Parnassius apollo
Sus scrofa
Chionomys nivalis
Myotis myotis
Tadarida teniotis
Aegolius funereus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Mus musculus
Micromys minutus
Mustela erminea
Neophron percnopterus
Prunella collaris
Microtus agrestis
Sorex coronatus
Gyps fulvus
Gypaetus barbatus
Montifringilla nivalis
Hierophis viridiflavus
Microtus gerbei
Tichodroma muraria


Elikadura

Ingurune irekietan bilatzen du elikagaia, eta maiz talde handitan biltzen da. Intsektuez eta landareen haziez elikatzen da batez ere, baina aukera denean, beste edozein elikagai aprobetxatzeko gai ere bada (Rolando & Laiolo 1997). Udako dieta kakalardoek, barraskiloek eta matxinsaltoek osatzen dute batez ere. Ornogabeen eskuragarritasunak behera egiten duenean, ordea, landaren fruituez eta haziez elikatzen dira.

Elikagai bila 20 km urrun daitezke habiatik, eta 1500 metrotik gorako altuera-aldaketak egin ditzakete.

Ugalketa eta ontogenia

Espezie monogamoa da. Emeak orban grisdun 3-5 arrautza zuri erruten ditu udaberriaren amaieran edo uda hasieran, eta berak inkubatzen ditu arrautzak bi edo hiru astez. Kumeak lumatxa ugarirekin jaiotzen dira, eta hilabete ingururen buruan garatzen dute hegan egitea ahalbidetzen dien lumajea. Txitoak bi gurasoek elikatzen dituzte, baina inguruan txitotzen duten beste bikote batzuk ere elikatu ditzakete.

Bizimodua

Espezie monogamoa izan arren, belatxinga mokohoriak talde handitan biltzen dira maiz habiak-multzoak ezartzeko. Batez ere amildegietako arrakalak eta erlaitzak erabiltzen dituzten arren, leizeetan ere topa daitezke. Nafarroako Pirinioetako hainbat kobatan ehunka belatxinga kontatu dira.

Goi-mendietako baldintza atmosferiko zailetan ondo moldatzeko moduko hegaldi arin eta maniobrakorra du. Haize handiarekin hegan egiteko gai da, eta planeatze luzeak zein bat-bateko amiltzeak egin ditzake.

Espezie honen bizi-luzetasuna 5-10 urte bitartekoa dela estimatzen da (Hume 2009).

Espezieen arteko elkarrekintzak

Bi belatxinga espezieak (horiak eta gorriak) elkarrekin bizi diren lekuetan baliabideengatiko lehia izaten dute. Kasu horietan, belatxinga mokohoriaren dieta mokogorriarena baino dibertsoagoa izan ohi da (Rolando & Laiolo 1997).

Kontserbazioa

Mundu mailako kontserbazio egoera ona da, banaketa oso zabala duelako eta leku gehienetan populazioen tamaina egonkorra delako. Ondorioz, IUCN erakundeak Least Concerned kategoriak sailkaturik dauka. Iberiar Penintsulan 10.000 bikote ugaltzaile inguru daudela estimatzen da, horietako gehienak Pirinioetan. 

EAEko espezie mehatxatuen katalogoan Interes Bereziko espezietzat jotzen da, 300 bikote ugaltzaile inguru bizi direla estimatzen baita.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Rolando A, Laiolo P. 1997. A comparative analysis of the diets of the chough Pyrrhocorax pyrrhocorax and the alpine chough Pyrrhocorax graculus coexisting in the Alps. Ibis, 139: 388–395

Laiolo P, Rolando A, Carisio L. 2001. Winter movements of the alpine crough: implications for management in the alps. Journal of Mountain Ecology, 6: 21–30

Hume R. 2004. Guía de Campo de la Aves de España y de Europa. Ediciones Omega. Barcelona
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2013/06/05 | Azken eguneraketa: 2013/06/10 | Bisita-kopurua: 1849

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...