Mozolo arrunta
Athene noctua

Euskal Herrian Strigidae familiako hainbat espezie daude, eta hauen artean guztiongandik ezaguna den mozolo arrunta dugu. Hegazti honek orbain zuriz beteriko lumaia marroixka, eta begi handi eta horiak ditu. Animalia hau larretan aurkitzen diren hesien zutabeetan ezarrita ikustea nahiko ohikoa izaten da.

Athene noctua

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Strigiformes
Familia
Strigidae
Deskribatzailea
(Scopoli, 1769)
Estatusa
lc

Deskribapena

21-23 cm-ko luzeera eta 105-260 gramo bitarteko pisua duen hegaztia da. Gorputzaren gainealdea marroixka da, krema koloreko orbainez beterikoa, eta behe-aldea berriz lerro bertikal zuri eta marroiz betea du. Buztanean, bestalde, lerro zuri eta marroi hauek horizontalaki daude kokatuta. Aurpegiari dagokionez begien inguruan disko zurixkak ditu, pileoa (buruaren gainaldea) orbain zuri eta txikiz betea du eta begi oso deigarriak ditu, handi eta horiak. Arrak eta emeak morfologikoki berdinak dira.

Antzeko espezieak

Tengmalm hontza (Aegolius funereus)
Aegolius funereus

Familia bereko bi espezie hauek oso antzekoak dira begi bistaz begiratzean: lumaia antzekoa dute, orbainez beterikoa, eta biek begi handi eta horiak dituzte. Baina Tengmalm hontzaren aurpegiko diskoak askoz nabarmenagoak dira, eta nahiz eta bi hauek morfologikoki oso antzekoak izan habitat eta banaketari dagokionez ez dute bat egiten.


Apo hontza (Otus scops)
Otus scops

Espezie honek mozolo arruntaren kolorazio antzekoa du, baina marroixka izan beharrean grisa da, eta kriptikoagoa. Apo hontzak belarri itxura hartzen duten lumak ditu buruaren gainealdean, baina batzuetan hauek ez dira ondo nabaritzen, eta gainera begi hori eta handiak ditu baita ere; beraz, bi espezie hauek nahastea nahiko erreza izan daiteke.

Kantua

Arraren kantua "gwooihk" antzeko bat da, segundo gutxiren barnean errepikatzen dena; hala ere gorteilu garaian, emetik gertu dagoenean, soinu hau pixka bat eraldatzen da. Emearen kantua arraren antzekoa da, baina zorrotz eta altuagoa.

Bai ar eta bai emea estresatuta edo eragotzita sentitzen direnean aldiz, "kwiff-kwiff-kwiff" antzeko soinu bat egiten dute.

Larrialdietarako ere soinu berezi bat dute; "kiu" antzeko bat, behin baino gehiagotan errepikatzen dena.

Banaketa

Europa erdi eta mendebaldean eta Afrika iparraldean oso hedatua dagoen espeziea da. Euskal Herrian ere oso arrunta da.

Athene noctua Athene noctua

Habitata

Gune irekiak gogoko ditu, hala nola laborantza lekuak, larreak edo otalurrak (landu gabeko lurrak), beti ere habia egiteko aukera badu zuhaitzen edo ezpondetako zulo, harrizko harresi, harri-multzo edo hesietan. Baso zein mendiak saihesten ditu.



Habitat bereko espezie gehiago

Suncus etruscus
Myotis blythii
Tadarida teniotis
Asio otus
Falco peregrinus
Milvus milvus
Pipistrellus kuhlii
Ciconia nigra
Mus spretus
Pipistrellus pipistrellus
Miniopterus schreibersii
Neophron percnopterus
Buteo buteo
Plecotus austriacus
Lanius senator
Eptesicus serotinus
Oryctolagus cuniculus
Passer domesticus
Circaetus gallicus
Lepus granatensis
Accipiter nisus
Lymnocryptes minimus
Talpa occidentalis
Talpa europaea
Myotis myotis
Asio flammeus
Lacerta schreiberi
Sorex minutus
Pyrrhocorax pyrrhocorax
Falco tinnunculus
Milvus migrans
Galerida cristata
Vulpes vulpes
Microtus agrestis
Vanessa atalanta
Aquila chrysaetos
Pica pica
Microtus lusitanicus
Microtus duodecimcostatus
Microtus gerbei
Microtus cabrerae
Myodes glareolus
Picus sharpei
Strix aluco
Turdus philomelos
Turdus merula
Rhinolophus ferrumequinum
Cyanistes caeruleus
Rhinolophus euryale
Mustela erminea
Micromys minutus
Sorex coronatus
Mus musculus
Dendrocopos major
Jynx torquilla
Crocidura suaveolens
Aglais urticae
Luscinia megarhynchos
Colias croceus
Rhinolophus hipposideros
Ardea cinerea
Anguis fragilis
Prunella modularis
Accipiter gentilis
Alauda arvensis
Crocidura russula
Otus scops
Troglodytes troglodytes
Mustela nivalis
Dendrocopos minor
Lepus europaeus
Tyto alba


Elikadura

Intsektu (batez ere matxinsalto eta kakalardoak), bestelako artropodo, narrasti txiki, igel txiki, ugaztun txiki (karraskariak esaterako) eta hegazti txikiez elikatzen da mozolo arrunta.

Ezarrita dagoen tokitik hegan hasi eta bere elikagaia harrapatzen du. Batzuetan, lurrera salto egin eta bertatik ibiltzen da janariaren bila.

2-4 x 1-1,5 cm-ko egagropilak ekoizten ditu, freskoak direnean kolore grisa dutenak.

Ugalketa eta ontogenia

Mozolo arrunta animalia lurraldekoia da; gorteiu garaian arrak bere lurraldeko hainbat poste edo zutaberen gainean dagoelarik abesten du emea erakarri nahian.

Laborantza lekuetan, parke edota larre irekietan kumatzen du. Habia edozein arrakalatan egiten du: zuhaitz edo eraikuntza zaharren zuloetan, harrizko harresietan, harri-multzoetan, etab. Batzuetan, beste hegazti batzuen habi zaharrak ere erabiltzen ditu. Kumatze garaia apirila erdialdean hasten da, nahiz eta batzuetan hilabete lehenago ere hasten den. Eme bakoitzak 3-5 (noizbehinka 2-8) arrautza jartzen ditu, forma eliptikoa dutenak. Arrautza hauek 35,6 x 29,6 mm-koak  dira eta liso eta mateak (disdirarik gabekoak) izaten dira.  

Emeak soilik inkubatzen ditu arrautzak, 28-29 egunez. Behin txitak jaiotzen direnean, txita hauek bai eme eta bai arrek zaintzen dituzte 4 aste inguruz. 5 aste betetzean hauek hegan ondo egiteko gai izaten dira. Txitek lumatxa ugari eta motza edukitzen dute, zuri kolorekoa (Harrison 1991). Ale gazteak kolorez ale helduak baino argiagoak izaten dira, eta ez dituzte hainbeste orbain edukitzen.

Urteko errunaldi bat ematen da normalean, baina janari askoko garaia bada bi errunaldi gerta daitezke urte berean. 

Bizimodua

Mozolo arrunta ilunabarrean dago aktiboen, baina egunez eta gabez partzialki aktiboa izaten da baita ere. Egunean zehar zuhaitzetako hostotzaren artean edo zuloetan egoten da lo. Hala ere, toki irekietan ikustea ere nahiko ohikoa izaten da, telefono posteetan, enbor hiletan edo harri multzoen gainean adibidez.

Hegaldi baxua du, ondulatorioa, hegaldian astintzeak eta hego-itxiko hegaldiak tartekatzen dituelarik. Larrituta dagoenean gorputza kulunkatzen du eta burua gora eta behera mugitzen du.

Kantuari dagokionez, mozolo arrunta ia urte guztian zehar da bokalki aktiboa, baina bereziki gorteilu garaian. Arrak ilunabarrean hasten dira kantuan, baina batzuetan egunez edo gauez ere entzun daiteke hauen kantua.

Esteka interesgarriak


Bibliografia


. . owlpages. owlpages. http://www.owlpages.com/owls.php?genus=Athene&species=noctua (2013/12/04)

Scott B, Forrest D. 1982. Clave del Observador de Aves. Omega S. A. Barcelona

Penas Patiño XM, Pedreira López C, Silvar C. 2012. Guía de Aves de Euskal Herria. Sua Edizioak.

Harrison C. 1991. Guía de Campo de los nidos, huevos y polluelos de las aves de España y de Europa. Omega S. A.

De Juana E, Varela JM. 2005. Aves de España. 2ª edición. Lynx Edicions. Barcelona
Egilea: | Sorrera: 2013/12/05 | Azken eguneraketa: 2014/08/20 | Bisita-kopurua: 1943 | Argazki nagusia: Wikimedia Commons

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...