Zuhaitz-belatza
Falco subbuteo

Sorbeltz baten tamainako ehiztari trebea da zuhaitz-belatza, gure basoetan pentsa baino arruntagoa den kidea, baina txori txikien atzetik ehizan dabilenean baino ikusten ez dena. Esan bezala, gutxitan ikusten bada ere, Euskal Herriko basoetan ohikoa da espezie hau; baita Bizkaian eta Gipuzkoan horren ugariak diren pinudi landaketetan ere.

Falco subbuteo

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Falconiformes
Familia
Falconidae
Deskribatzailea
Linnaeus (1758)
Estatusa
lc

Deskribapena

Zuhaitz-belatza belatz txikia da (30-36 cm-ko luzera eta 80-90 cm-ko hego-zabalera du) eta hegan sorbeltz (Apus apus) handi bat dirudi: mugimendu urduriak egiten ditu, hego luze eta zorrotzak dauzka (atzera botatzen ditu hegan egiten duenean) eta isats mehea eta motza du (Palacin 2010). Aurpegian belatz handiaren (Falco peregrinus) antza dauka, baina ez du azken honen itxura sendoa.

Alde dortsala arbel-gris kolorekoa du, garondo zuriak baino ez duelarik tonu gris uniforme hau eteten. Ostera, alde bentrala zurixka da eta banda beltz longitudinal batzuk ikusten zaizkie. Helduek izterretan eta sabelaldean luma gorriak dauzkate (Mullarney et al. 2009). Emeak arrak baino handiagoak dira, batez beste % 30 gehiago pisatzen dute eta haien alde dortsaleko lumadia arrena baino arreagoa da (Cramp & Simmons 1980; Palacin 2010).

Banaketa

Harrapari honek lurralde banaketa zabala du, erregio paleartiko osoan agertzen baita: Marokotik Txinara bitartean aurki daiteke (Txinakoa F. subbuteo streichi subespeziea da, hemengoa baino txikiagoa); Europan lurralde osoan zehar bizi da. (Pedro Perez 2003; Cramp & Simmons 1980).

Zuhaitz belatzak Sahara basamortua zeharkatzen du migrazioan (Afrikako hegoaldean igarotzen du negua) Brachystegia generoko zuhaixken eta termiten bila (Brown et al. 1982). Bertara irailean abiatzen da batez ere, baina badaude abuztutik urrira bitartean irteten diren aleak ere (Palacin 1990). Europara martxoan hasten dira irteten, berriro ere gurean uda igarotzeko.

Garaia

Euskal Herrian udan bakarrik ikus daiteke.

Habitata

Zuhaitz-belatzak basoetako habiak erabiltzen ditu (batez ere belabeltzek egindakoak) baina gertu landa gune irekiak behar ditu ehizatzeko. Basoei dagokienez, oso baso mota desberdinetan ikus daiteke espezie hau: artadietan, pinudietan, makaldietan, pagadietan… Izan ere, ez du zuhaitz dentsitate minimo bat besterik behar (Palacin 2010). Hori dela eta, oso espezie ohikoa da Euskal Herriko intsinis pinuaz (Pinus radiata) osatutako pinudietan (Iraeta et al. 2003).


Elikadura

Zuhaitz-belatzak hegazti txikiak jaten ditu batez ere (sorbeltzak, usapalak, txolarreak…) eta hauek bere hegaldi azkar eta trebeari esker ehizatzen ditu. Halaber, saguzarrak, intsektuak eta ugaztun txikiak ere aurki daitezke hegazti honen dietan. (Palacin 2010; Terrones 1988; Morata 1971). Bestalde, gehienetan bakarka ehizatzen badu ere, zenbaitetan taldetan ehizatzen ikusi da (batez ere intsektu hegalariak harrapatzen dabilenean) (Villarino et al. 2002).

Ugalketa eta ontogenia

Zuhaitz-belatza espezie bakartia da gehienetan behintzat, eta ugalketarako baino ez du bikotea osatzen (Glutz et al. 1971). Bi arrez eta eme batez osatutako hirukoteak ere ikusi dira (Zuberogoitia et al. 2003). Arren eta emeen arteko eztei-jarduerak Afrikatik gurera etorri bezain laster hasten dira, apirila bukaeran (Palacin 2010). Orduan, eguneko harrapari guztiek egiten duten bezala, zuhaitz-belatzek ere hegaldi akrobatikoei ekiten diete eta arrek emeei euren harrapakinak eskaintzen dizkiete (Pedro Perez 2003).

Emeek maiatzetik ekainera erruten dituzte arrautzak (normalean hiru arrautza), kolore argikoak eta orbain arre ilun edo gorriztak dituztenak (Palacin 2010; Pedro Perez 2003; Martinez et al. 1996; Iraeta et al. 2003). Arrautza hauek soilik emeek inkubatzen dituzte, 28-33 egunez, eta bitartean arrek jaten ematen diete (Morata 1971; Cramp & Simmons 1980).

Txitak ekainetik uztailera bitartean jaiotzen dira eta lehen egunetan amaren menpean egoten dira, oso ahulak baitira hasieran. Hamar bat egun igarotakoan emeak arrari elikagai bila laguntzen dio txitek 27-34 dituztenean habiak uzten dituzten unera arte (Morata 1971; Cramp & Simmons 1980; Pedro Perez 2003).

Kontserbazioa

Mundu mailan arriskurik gabe kontsideratzen da (Least Concern, LC) eta Espainian “ia mehatxatua” kategorian dago (Near Threatened, NT) (BirdLife 2009; Palacin 2004). Hala ere, “interes bereziko espeziea” da Espainian eta zenbait bildumatan jaso da (EAEn kasu). Gainera, nazioarteko itunek ere babesten dute, hala nola Berna, Bonn eta CITES itunek.

Zuhaitz-belatza batez ere bere habitataren galerak mehatxatzen du (suteak, etxebizitza berriak, paisaiaren eraldaketa…). Legez kanpoko ehizak, elektrokuzioek eta basogintzagatiko eragozpenek ere eragiten diote (Heredia et al. 1983). Hori dela eta, besteak beste belabeltzen ehiza gutxitzea eta basogintza arautzea proposatzen da espeziearen gainbehera gerta ez dadin (Palacin 2004).

Esteka interesgarriak


Egilea: | Sorrera: 2011/09/04 | Azken eguneraketa: 2013/03/12 | Bisita-kopurua: 2135 | Argazki nagusia: www.birdsofkuwait.com

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...