Oilagorra
Scolopax rusticola

Euskal Herriko ehiztariek ondo ezagutzen duten espeziea da oilagorra. Udazkenean iristen zaigu hegazti hau Euskal Herrira eta negua hemen pasa ostean, martxoan iparralderantz migratzen du berriro ere. Basoetan aurki daiteke baina orbel artean ezkutatzeko moduko kolore mimikoa du, ikusteko zail xamarra egiten duena. Bere ezaugarri bereizgarrietako bat mokoa da, luze eta estua, lurreko zizareak jan ahal izateko.

Scolopax rusticola

Phyluma
Chordata
Klasea
Aves
Ordena
Charadriiformes
Familia
Scolopacidae
Deskribatzailea
Linnaeus, 1758
Estatusa
lc

Deskribapena

Oilagorrak erdi-tamainako hegaztiak dira. Helduek 33-38 cm neurtzen dituzte eta hegoen zabalera 55-65 cm-koa da. 300-350 gramoko pisua dute eta moko luze eta estua, bere harrapakinak eskuratzeko erabiltzen dutena.

Lumaje kriptikoa dute oilagorrek, ingurunean kamuflatzea ahalbidetzen diena: arre-gorrixka kolorekoa, orban arre ilun eta beltzekin. Aurrealdea zuriagoa izaten da, hau ere marra arreekin. Burugaina ilunagoa azaltzen dute eta aurpegian marra beltzen bat azal dezake baina gehienetan, ez oso ondo definituak.

Hegazti hauek begi handiak dituzte, buruaren alboetara kokaturik, 360º-ko ikusmen monokularra ahalbidetzen dietelarik. Hegalak borobilduak dira eta mokoaren oinarria haragi kolorekoa da, puntaldea aldiz, ilunagoa. Hankak grisak edo arrosak izan daitezke (Álvarez et al., 1985). 

Oilagorra espezie dimorfikoa da eta arrak emeak baino askoz handiagoak izaten dira. Hala ere, begi bistaz soilik nahiko zaila suertatzen da bi sexuak bereiztea (Martí eta del Moral, 2003).

Antzeko espezieak

Gallinago gallinago
Gallinago gallinago

Oilagorrak baino hobeto definituak izaten ditu aurpegi aldeko marra ilunak eta gehienetan, buruaren gainaldea oilagorrak baino argiagoa izaten du. Gainera, istingor arrunta paduretan bizi ohi da.


Lymnocryptes minimus
Lymnocryptes minimus

Istingor txikia, izenak dioenez, bi espezie hauek baino txikiagoa da. Beste bietatik bereizteko ezaugarri nagusia buru gaineko marrazkia da: istingor txikiak, beste biek ez bezala, ez du marra argirik buruaren erdialdean, burua alde batetik bestera zeharkatzen diona. Bai aldiz, bi marra argi erdiko orban ilunaren inguruan, koro moduko bat osatuz istingorraren bururean aldeetara.

Kantua

Hainbat karranka sakon igortzen ditu eta horren ostean txilio altu bat.

Banaketa

Oilagorra Eurasiako eskualde epel eta subartikoetan zehar banatzen den espeziea da. Munduko oilagorren herena Europan ugaltzen da, eta bereziki Errusian eta penintsula eskandinavoan (oilagor guztien %90). Hala ere, oilagorren ugaltze-eskualdea penintsula eskandinavotik mediterranear itsasora eta Kanariar uharteetara zabaltzen da. Iparraldeko eta Asiako populazioek Europa hegoaldera edo Indiara, hurrenez hurren, migratzen dute. Aldiz, irla atlantikoetako, Europa iparmendebaldeko eta Europa hegoaldeko oilagorrek ez dute migraziorik burutzen eta urte osoan zehar bertan bizi ohi dira. Hegazti hauen migrazioa ugal-eskualdeetarantz udaberrian gertatzen da, otsaila eta martxoa bitartean; aldiz, neguko migrazioa urrian hasten da (edo goizenez irailean), ale gehienek azaroan egiten dutelarik neguko migrazioa (Vizoso eta Shorten, 1978).

Iberiar Penintsula oso eskualde garrantzitsua da Europa erdialdeko, iparraldeko eta mendebaldeko populazioentzat, ale askok bertan burutzen baitute hibernazioa (Aierbe et al., 2001; Galarza et al., 1989; Lobo et al., 1994).

Scolopax rusticola Scolopax rusticola

Habitata

Oilagorra eskualde zabaletan bizi ohi da, baso hostoerorkor edo mistoetan baina beti ere ohianpe trinkoa garatuta dagoen lekuetan (sasi, gorosti, hurritz etabarrekin). Ugaltze sasoian leku heze eta epelak bilatzen ditu, era berean inguruan hezeguneren bat dutenak elikatu ahal izateko, eta hegan egiteko argiguneekin.



Habitat bereko espezie gehiago

Salamandra salamandra
Rana dalmatina
Talpa europaea
Lepus europaeus
Rana temporaria
Dendrocopos minor
Accipiter gentilis
Coracias garrulus
Motacilla cinerea
Erinaceus europaeus
Accipiter nisus
Bubo bubo
Jynx torquilla
Dendrocopos major
Picus sharpei
Otus scops
Cuculus canorus
Troglodytes troglodytes
Crocidura russula
Caprimulgus europaeus
Erithacus rubecula
Fringilla coelebs
Canis lupus
Blanus cinereus
Chalcides bedriagai
Rattus rattus
Luscinia megarhynchos
Alauda arvensis
Prunella modularis
Talpa occidentalis
Lepus granatensis
Microtus duodecimcostatus
Suncus etruscus
Martes foina
Vulpes vulpes
Ursus arctos
Phoenicurus phoenicurus
Aquila chrysaetos
Dama dama
Lanius senator
Capreolus capreolus
Myotis emarginatus
Dryocopus martius
Dendrocopos medius
Cyanistes caeruleus
Buteo buteo
Tyto alba
Garrulus glandarius
Rhinolophus ferrumequinum
Miniopterus schreibersii
Mustela erminea
Cervus elaphus
Alytes obstetricans
Hyla molleri
Anguis fragilis
Myotis bechsteinii
Myotis nattereri
Plecotus auritus
Myotis myotis
Meles meles
Sus scrofa
Vanessa atalanta
Nyctalus noctula
Turdus philomelos
Oryctolagus cuniculus
Pipistrellus pipistrellus
Glis glis
Myodes glareolus
Hierophis viridiflavus
Microtus lusitanicus
Sciurus vulgaris
Pipistrellus nathusii
Lacerta schreiberi
Martes martes
Strix aluco
Microtus gerbei
Pipistrellus kuhlii
Apodemus sylvaticus
Apodemus flavicollis
Mus musculus
Nyctalus leisleri
Crocidura suaveolens
Sorex minutus
Nyctalus lasiopterus
Asio otus
Sorex coronatus
Barbastella barbastellus


Elikadura

Sastrakadietako lur bigunetan elikatzen dira, ezkutaturik daudela. Euren dietako osagai nagusia lur-zizareak dira baina intsektuen larbak, ur gezako moluskoak eta haziak ere jaten dituzte. Lurra miatuz elikatzen direnez, neguan lurra izozten denean nahiko sentikorrak dira eta askotan oilagor ugari topatzen dira hilda. Gauez, izoztu ez diren belardietan elikatu daitezken arren, basodun larreak egunez ezkutaturik egoteko nahiago izaten dituzte eta nahiko arraroa da oilagorrak belardietan elikatzen topatzea.

Ugalketa eta ontogenia

Arrek, emeak gorteiatzeko "roding" izeneko hegaldia egiten dute ilunabarrean, apirila eta ekaina bitartean. Zuhaitzen gainetik egiten dute hegan hegoak astinduz eta mokoa beherantz zuzenduta dutelarik, eta karranka sakonak igortzen dituzte, txilio altu batez jarraiturik.

Emeek lurrean egiten dituzte habiak, basopean edo txilardietan. Habiak hostoz estalitako zuloak izaten dira. Errutaldi bakarra dute, krema edo txuri koloreko 4 arrautzez osaturikoa eta arrautzek gehienetan orban grisak izaten dituzte, 44x34 mm-koak dira eta 26,5 gramokoak. Emeek arrautzak 21-24 egunez inkubatzen dituzte eta txitoek 15-20 egunen buruan uzten dute habia baina 10 egunekin dagoeneko gai dira distantzia motzetan hegan egiteko.

Mehatxatuta sentitzen direnean, oilagor emeek hankartean, bularraldean, isatsean edo bizkarraldean txitoak dituztela hegan egin dezakete. Hala ere jarrera hau ez da ikusteko erraza izaten.

Bizimodua

Oilagorrak ilunabarrean eta egunsentian dira aktiboen eta egunez arriskupean daudenean baino ez dute hegan egiten. Hegaldia hontzarenaren antzekoa: basoan daudenean asko astintzen dituzte hegoak baina migrazioan zehar azkar eta zuzen hegan egiten dute.

Hegazti bakartiak dira eta bakarka migratzen dute gehienetan, baina klima edo baldintza geografikoak txarrak direnean, migratzeko elkartu egin daitezke.

Kontserbazioa

Bernako hitzarmenaren barruan, populazioa arriskutik kanpo mantentze aldera, "ustiaketa araututa duten fauna-espezie babestuen" barruan dago sailkatuta eta Bonn-eko Hitzarmenean "Akordioen bidez babestu beharreko espezie migratzaileen" barruan. Euskal Herriko Hegaztien Zuzentarauaren barruan "Ehizan harrapa daitezkeen" espezie bezala dago sailkatuta.

Euskal Herriko populazioen tamaina ezezaguna, baina ez da bakantzat jotzen ugaltzaile gisa. Aldiz, negualdian eta paseetan ugariak dira. Penintsulan 3.000-4.000 ale inguru kalkulatzen dira (Blanco et al., 1992).

Esteka interesgarriak


Bibliografia


Blanco JC , González JL. 1992. El libro rojo de los vertebrados de España. ICONA, Ministerio de Agricultura Pesca y Alimentación. Madrid

Galarza A, Donínguez A. 1989. Urdaibai, Avifauna de la ría de Gernika. Bizkaiko Foru Aldundia.

Martí R, del Moral JC. 2003. Atlas de las aves reproductoras de España. Dirección General de Conservación de la Naturaleza-Sociedad Española de Ornitología. Madrid

Aierbe T, Olano M, Vázquez J. 2001. Atlas de las aves nidificantes de Gipuzkoa. Munibe. 52

Álvarez J, Bea A, Faus JM, Castien E, Mendiola I. 1985. Atlas de los Vertebrados Continentales de Álava, Vizcaya y Guipúzcoa (excepto Chiroptera). Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz

Lobo L. 1994. Inventario faunístico del municipio de Vitoria-Gasteiz: Atlas Ornitológico. Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, Centro de Estudios Ambientales. Gasteiz

Vizoso A, Shorten M. 1978. Más datos sobre la nidificación de la becada (Scolopax rusticola) en España. Ardeola, 24: 219-222
Egilea: | Sorrera: 2013/12/02 | Azken eguneraketa: 2013/12/04 | Bisita-kopurua: 2128 | Argazki nagusia: Libor Sejna

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...