Bechstein saguzarra
Myotis bechsteinii

Bechstein saguzarra baso zaharrei loturiko saguzar espeziea da. Banaketa zabala izan arren, populazioak oso lokalizatuak dira eta egungo eskasia nabarmena da Pleistozenotik Neolitikorainoko erregistro fosilean ikusiriko maiztasunarekin alderatuta. Zaurgarri kontsideraturiko espeziea da, eta baso zahar eta zuhaitz hilak mantentzea ezinbestekotzat jotzen da espezie honen biziraupena bermatzeko.

Myotis bechsteinii

Phyluma
Chordata
Klasea
Mammalia
Ordena
Chiroptera
Familia
Vespertilionidae
Deskribatzailea
(Kuhl, 1817)
Estatusa
nt

Deskribapena

Bechstein saguzarra tamaina ertaineko kiropteroa da, belarrien tamaina handiagatik generokideetatik erraz bereiz daitekeena. Belarriek 23-26 mm-ko luzera izan ohi dute. Besaurreak 40,6-44,5 mm-ko luzera izaten du eta emeak estatistikoki apur bat handiagoak direla frogatu den arren, begibistaz dimorfismo sexuala ez da nabarmena. Pisua  7 eta 14 gramo bitartean mugitu ohi da. Hortz-formula 2.1.3.3/3.1.3.3 da.

Bizkarraldea marroi kolorekoa da, sabelaldea baino askoz ere ilunagoa. Ileak kolore bikoitzekoak dira. Bizkarraldekoen oinarria marroi-beltz kolorekoa da eta punta apur bat argiagoa. Sabelaldeko ileen oinarria ere iluna da, baina punta askoz ere argiagoa izan ohi dute. Belarriek muxarradura txiki bat dute kanpo-ertzean eta, aipatu bezala, oso handiak dira. Aurrerantza tiraz gero, muturrerainoko distantzia halako bi inguru izaten dira. Tragoa ere handia da, belarriaren luzeraren erdia, gutxi gorabehera. Hegoetako patagioa oineko kanpoko hatzaren oinarrian txertaturik dago. Hatz honen luzera tibiaren erdia da. Ezproiak uropatagioaren atzeko ertzaren erdia inguru hartzen du. Tibian eta uropatagioaren ertz askean ez du apenas ilerik.

Gainerako generokideetatik bereizgarri egiten dituen ezaugarri asko ditu Bechstein saguzarrak. M. emarginatusen belarriak, esaterako, askoz ere txikiagoak dira, eta muxarradura askoz handiagoa. M. nattereriren kasuan ere, belarriak Bechsteinii-arenak baino txikiagoak dira, eta honez gain, uropatagioaren atzeko ertzean ileak izaten dituzte. 

Ekokokapena

Ekokokapenari dagokionez, generokideek bezala, intentsitate baxuko frekuentzia modulatuko pultsuak emititzen ditu eta, ondorioz, irispen eskasekoak izaten dira. Energia maximoa 50 kHz-tan lortzen da eta luzera 1,2-1,3 ms-koa izan ohi da. Pultsuen arteko batezbesteko denbora 2,2 ms-koa da. Ultrasoinu-detektoreekin gainerako Myotisekin erraz nahas daitekeen espeziea da.  

Banaketa

Europa ia guztian eta Kaukaso inguruan ezagutzen den espeziea da. Iparraldeko muga Eskandinavia eta Britainia Handia hegoaldean du eta, hegoaldekoa Mediterrano itsasoak ezartzen du. Ekialdeko muga, aldiz, Kaukason eta Iran iparraldean du. Banaketa-eremu osoan espezie arraro eta bakana da (Ryberg 1947).

Iberiar penintsulan oso leku gutxitan aurkitu den arren, banaketa-eremu guztira zabaldu ohi da, askotariko lekuetan aurkitu baita, Kantauri isurialdetik hasi eta Andaluzia hegoalderaino. Banaketa zabala baina etena du (Ibáñez 1998). 

Euskal Herrian Leitzako Tolarea mehazuloetan aipatu zen lehen aldiz espeziea, harik eta Aranzadi Zientzia Elkarteko bilduman gorde zen ale baten berrikuspenak, datuak M. emarginatus espezieari zegozkiela azaldu zuen arte. Egun,  Karrantza iparraldeko Jorrios mendizerran, Gorbeia inguruan, Araba Errioxan, Orgiko basoan eta Sakanan ezagutzen dira koloniak (Aihartza 2001). Hala ere, litekeena da populazio hauek aurkitu diren inguruetan, edota antzeko guneetan, kolonia gehiago izatea. 

Myotis bechsteinii Myotis bechsteinii

Habitata

Iberiar penintsulan baso hostoerorkorretan agertu ohi da, gimnospermo zein angiospermotan, baina normalean baso zaharrak izan ohi dira, zuhaitz zarpail eta arrakaladundunak. Gordelekuak kobazulo, mea, zuhaitzetako arrakala zein eraikuntzetan behatu izan dira, baina, baso zaharretako zuhaitzen arrakalak eta zuloak atsegin dituzte, pago zein haritzak (Schober & Grimmberger 1987). Itsas mailatik 1300 metroko altueraraino aurkitu izan dira.



Habitat bereko espezie gehiago

Jynx torquilla
Dendrocopos major
Picus sharpei
Scolopax rusticola
Bubo bubo
Cuculus canorus
Otus scops
Dryocopus martius
Dendrocopos medius
Sciurus vulgaris
Glis glis
Myodes glareolus
Pipistrellus nathusii
Strix aluco
Lacerta schreiberi
Martes martes
Caprimulgus europaeus
Crocidura russula
Coracias garrulus
Motacilla cinerea
Dendrocopos minor
Accipiter gentilis
Erithacus rubecula
Phoenicurus phoenicurus
Fringilla coelebs
Rana temporaria
Salamandra salamandra
Accipiter nisus
Troglodytes troglodytes
Erinaceus europaeus
Lepus europaeus
Rana dalmatina
Talpa europaea
Hierophis viridiflavus
Microtus lusitanicus
Garrulus glandarius
Hyla molleri
Anguis fragilis
Tyto alba
Buteo buteo
Rhinolophus ferrumequinum
Cyanistes caeruleus
Vanessa atalanta
Nyctalus noctula
Plecotus auritus
Myotis myotis
Myotis nattereri
Meles meles
Turdus philomelos
Sus scrofa
Miniopterus schreibersii
Alytes obstetricans
Sorex coronatus
Sorex minutus
Crocidura suaveolens
Asio otus
Nyctalus lasiopterus
Microtus gerbei
Pipistrellus kuhlii
Apodemus sylvaticus
Apodemus flavicollis
Mustela erminea
Cervus elaphus
Oryctolagus cuniculus
Pipistrellus pipistrellus
Mus musculus
Nyctalus leisleri
Barbastella barbastellus


Elikadura

Hegaldi motel eta maniobragarrian ehizatzen ditu intsektuak, lurretik altuera handira. Normalean 1-5 metroko altueran jardun ohi da, nahiz eta 15 metroko altueran ere ikusi izan diren aleak, zuhaitzen gainean ehizean. Hala ere, Europa erdialdean dietaren zati handiena intsektu ez-hegalariek osatzen dutela ikusi da eta, beraz, landareen gainean pausaturiko intsektuez ere elikatzen dela.  Dieta osatzen duten intsektu-talde nagusiak koleopteroak, dipteroak eta lepidopteroak dira. 

Ugalketa eta ontogenia

Araldia udazkenean hasten da eta parekatzeak udaberrira bitartean gerta daitezke. Emeek osatzen dituzten kumatze-koloniatan 30 ale inguru bildu ohi dira, nahiz eta ale bakartietatik 50 animaliak osaturiko taldeetara ere aurkitu izan diren. Ugal sasoian gordelekua behin baino gehiagotan aldatu ohi dute. Kumeen jaiotzak ekaina bukaeran eta uztaila hasieran gertatzen dira.

Bizimodua

Saguzar sedentariotzat kontsideraturik dago, lekualdatze ezagun luzeenak 35 km-koak izan baitira. Ingurune oso hotzetan hibernazioa lurpeko kobetan egiten du, sarreratik gertu, normalean. Tenperatura 3 eta 10 ºC ingurukoa izan ohi da eta hezetasuna ere altua. Neguak oso gogorrak ez diren lekueta, ordea, badirudi zuhaitz zaharretako arrakala eta gangak nahiago izaten dituela. Normalean bakarka edo talde txikitan hibernatzen dute baina badira talde handietan negua pasatzen duten animaliak ere. Kasu hauetan, maiz Myotis generoko beste hainbat animaliarekin batera hibernantzen dute. Hibernazio-garaia martxoa edo apirilean amaitzen da, neguaren laztasunaren arabera.

Kontserbazioa

Baso zahar eta konplexuei estuki loturiko espeziea denez, landaketen eta egurraren ustiaketaren ondorioz, egoera zailean aurkitzen da. Badirudi aldaketa klimatikoa eta deforestazioa direla espezie honen atzerakadaren eragile nagusiak (Corbet & Harris 1991).

Esteka interesgarriak


Erlazionaturiko artikuluak

Euskal Herriko saguzarrak: itzal hegodunak

Antton Alberdi | 2012ko apirila

Bibliografia


Schober W., Grimbererr E.. 1987. Bats of Britain and Europe. Hamlyn. London

Ryberg O.. 1947. Studies on bats and at parasites, especially with ragard to Sweden ant other neighbouring countries of the North. Svensk Naturvetenskap, Stockholm, :

Ibáñez C.. 1998. Los Quirópteros. Mamíferos de España. Editorial Planeta S.A.. Barcelona

Aihartza J.R.. 2001. Quirópteros de Araba, Bizkaia y Gipuzkoa: Distribución, Ecología y Conservación. Tesis Doctoral, Leioa, :

Corbet G.B., Harris S.. 1991. The Handbook of British Mammals. The Mammal Society by Blackwell Scientific Publications. Oxford
Egilea: Antton Alberdi | Sorrera: 2012/03/06 | Azken eguneraketa: 2014/08/21 | Bisita-kopurua: 2087 | Argazki nagusia: Antton Alberdi

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...