Apio zuria
Apium graveolens ssp. butronensis

Bizkaiko endemismoa da eta bertan aurkitzen da munduko populazio bakarra, Butroi ibaiaren bokalean, Plentzian (hortik datorkio, hain zuzen ere, subespeziearen izena). Gainera, bere habitata etengabe murrizten ari da, istingadien lehorteagatik eta urbanizazioagatik.

Apium graveolens ssp. butronensis

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Rosidae
Ordena
Apiales
Familia
Apiaceae
Deskribatzailea
(D. Gómez & G. Monts.) Aizpuru
Estatusa
lc

Morfologia

Landare belarkara iraunkorra da, tentea eta 1,5 m-rainoko altuera duten zurtoin ildaskatu oso adarkatuak ditu. Biurtekoak dira eta usain bereizgarria dute.

Hostoak

Hostoak txandakatuak ditu, behealdekoak 1 pinnatisektuak, azken 3-7 segmentuak obatuak, erronbikoak edo lantzeolatuak direlarik, horzdunak. Hosto kaulinarrak orokorrean trilobatuak edo trisektuak dira, 3 segmentu txikiago dituzte, hauek osoak. Berde ilunak eta lodi samarrak dira, eta pezioloak oinalde zabala dauka, lekatsua da bere luzera osoan.

Loreak

Loreak txikiak eta zuri-berdexkak dira eta unbela moduko infloreszentzia konposatuetan bilduta daude. Ez dute ez inbolukrurik ez inboluzelorik.

Orokorrean, unbelak hostoekiko oposatuki kokatzen dira, 6-12 erradio dituzte, 1-3 cm-ko tamaina, 3-18 mm-ko pedunkuluak (erradioak baino motzagoak) eta braktearik gabeak. Bigarren mailako unbelek (unbelulek) ere ez dute brakteolarik eta hauen erradioak 2-4 mm-koak dira fruktifikazio garaian. Kalizak ez du hortzik eta estiloak, fruktifikazio garaian, estilopodioa bezain luzeak dira eta formaz, kurbatuak.
 
Ohiko subespeziearekin (Kantauriko zenbait estuariotan arrunta da) desberdintzen da oinaldeko eta zurtoineko hostoak bipinnatisektuak direlako eta hostoek 1-3 mm-ko zabalerako lakain linealak edo lineal-lantzeolatuak eta ebaki-horztunak dituztelako. Bereizgarria da duen apio-usain handia loreak ematen dio landareari.

Fruituak

Fruituek bi akenio dituzte eta uztailetik aurrera hasten dira heltzen. 0,7-1,5 mm-koak izaten dira, oboideak eta zabalak. Merikarpoek sahiets oso nabariak dituzte baina oso finak. Mareen eguneroko mugimenduek zabaltzen dituzte fruituok estuarioan zehar.

Banaketa

Bizkaiako kostaldeko endemismoa da eta soilik Butroi ibaiaren bokalean aurki daiteke, Plentzian. Bertan, 1x1 km2-ko 3 UTMeetan baino ez da agertzen, Scirpus maritimus komunitateen gainetik.

Apium graveolens ssp. butronensis Apium graveolens ssp. butronensis

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Estuarioko ertz lohitsuetan agertzen da, Scirpus compactus komunitateen gainetik. Zonalde hau egunero egoten da ur azpian tarteka, eta apio zuria ugariagoa da mareak eramandako materia organikoa pilatzen den lekuetan. Cochlearia aestuariarekin batera hazten da, biak oso landare ugariak izatera iristen direlarik zenbait tarteetan. Beste landare batzuekin batera ere aurki daiteke, esaterako, Aster tripolium, Atriplex prostrata, Phragmites australis...

Horrez gain, lezkadi eta Elymus pycnanthusek eratuako belazeetan ere haz daiteke apio zuria, baina ez da horren arrunta istiltzen ez diren eskualde hauetan. Gainera, Juncus maritimusek eratutako ihitokietan ere hazi daiteke. Hala ere, habitat hauetan apio zurien ugaritasun urria dela eta, pentsatzen da hauek ez direla landarearentzako bizitoki optimoak.

Fenologia

Loreak ekaina eta abuztua bitartean garatzen dira eta hainbat intsektuk polinizatzen dituzte. Fruituek bi akenio dituzte eta uztailetik aurrera hasten dira heltzen. Mareen eguneroko mugimenduek zabaltzen dituzte fruituok estuarioan zehar.

Erabilerak

Apio zuria (Apium graveolens) antzitnatik erabili izan da bai sukaldaritzan, baita botikagintzan ere. Bere zapore berezia eta bere ehundura kraskaria direla eta, barazki preziatua da. Beste zenbait barazkirekin sukaldatu daiteke, esaterako azenarioa eta tomatea, eta esaten denez, apio zukuak propietate lasaigarriak ditu.

Horrez gain, funtzio diuretikoa dauka (apiol olio hegazkorrari esker). Nahiko digestiboa da eta mineraletan aberatsa. Gainera, hortzen esmaltea sortzen laguntzen du. Urdaileko azido urikoa neutralizatzeko ere balio du eta gaixotasun hepatikoen sintomak murrizten ditu, memoria hobetzen du eta zenbaiten arabera, libidoa igotzeko ere balio du. Hala ere, subespezie honen kontsumoa erabat debekatuta dago.

Kontserbazioa

2011. urtetik, apio zuria 'Galzorian' bezala sailkatuta dago Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan. Izan ere, 2001. urteko uzatailean egin ziren laginketetan 3.224 ale zenbatu ziren, horietatik 1.755 (%54,4) ale ugalkorrak zirelarik eta 1.469 (%45,6) egoera begetatiboan zeuden aleak.

Ale bakoitzak 70.000-190.000 hazi ekoizten dituela uste da. Hazi hauek mareak eraman ditzake, bokalaren gune desberdinetara. Bere hozidura-tasa oso handia da, bereziki detritusa pilatzen duten gazitasun gutxiko eremuetan, eskualde laiotzetan, belar estaldura eskasak hauen hozidura errazten baitu.

Populazio honek nahiko garapen indartsua du, paduraren ertz bietan ingurune desberdin ugari kolonizatuz, 0,35 ha-ko gainazala estaliz bertan, 2 km-ko luzera eta 1m-ko zabalerako bandetan.

Hala ere, landare honen habitata kaltetua izan da azken urteetan, paduraren urbanizazioa eta eskualde batzuen artifizializazioa direla eta. Gaur egun, subespezie honen mehatxurik handiena Spartina patens espezie exotikoaren ugaritzea da, masa monoespezifikoak sortzen baititu zonalderik halofiloenetan (Campos, 2003).

Nahiz eta populazio hau arrakastaz ugaltzen den gaur egun betetzen duen eskualde horretan, ez dago subespezie honentzako espazio egokirik inguruneko paduretan eta honek, populazioaren ugaritzea zailtzen du. Hori dela eta, subespezie honen biziraupena bermatzeko komenigarria litzateke Butroi Ibaia babes neurri legal baten bidez izendatzea.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/04/24 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1760 | Argazki nagusia: F. Silván

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...