Itsas getozka
Halimione portulacoides

Zuhaiska halofitoa dugu, gatz-lur eta dunetan hazten dena, eta maiz itsasgoran ur azpian gelditzen da. Eurasia epel eta Afrikako iparraldean zehar dago banatuta eta Euskal Herriko kostaldean ere azaltzen da. Bere izen generikoa 'Halimus' hitzetik dator (gazia), eta espezifikoak Portulaca generoarekin duen antzekotasunari egiten dio erreferentzia.

Halimione portulacoides

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Caryophyllidae
Ordena
Caryophyllales
Familia
Amaranthaceae
Deskribatzailea
(L.) Aellen (1938)
Estatusa
ne

Morfologia

Paduretako zuhaiska txiki eta grisaxka hau landare adartsua da. Altueran ez du inoiz metro eta erdia gainditzen. Oinarri zurkara du baina goialdea belarkara da, glabroa eta lepidotoa edo irintsua. Kimuak ez dira artikulatuak, familiako beste zenbait espezieetan bezala eta sustraikorrak dira, herrestariak edo tenteak.

Hostoak

Hosto lauak ditu, iraunkorrak, oposatuak, 30-50 x 3-6 mm-koak eta forma aldakorrekoak (espatulatutik lantzeolatura). Hostoek berde argi kolorea dute, ia zuriska eta glaukoak dira. Pezioloa hostoa bera baino argiagoa izaten da kolorez.

Loreak

Itsas getozka monoikoa da, hau da, bi sexuetako loreak ditu. Hauen polinizazioa anemofiloa da eta itsas-brisan oinarritzen da. Loreak horiak dira eta buruxka antzeko egituratan biltzen dira, infloreszentzia panikuliformeak sortuz.

Lore arrek 4-5 ataleko periantoa dute. Atalak elkarren artean nahiko antzekoak dira eta ez dute ez apendizerik eta ezta brakteolarik ere. Lore emeek aldiz, 2-3 estigma dituzte, ez dute periantorik eta bi brakteola akreszente dituzte, 2-4 x 2-4 mm-koak. Brakteola hauek forma obodeltoidea dute eta fruktifikazioan zehar elkarri lotuta egoten dira. Muturrean hiruki formako apendize terminal bat dute, alde bakoitzean bi lobulu dituena. Sesilak edo pedizelatuak izan daitezke eta azpialde leuna izaten dute, nahiz eta batzuetan luzakin kamuts batzuekin estalita egoten den.

Fruituak

Akenio motako fruituak ditu, hidrokoriara edo uraren bidezko barreiatzera moldaturik daudenak. Kaliz subsesilak dituzte, triangeluarrak eta hiru lobulu kamutsez eratutakoak (berdinak ala desberdinak). Haziak kolore gorrikoak dira.

Banaketa

Europako kostalde atlantiko eta mediterranearrean zehar agertzen da, baina Ipar Amerikako ekialdeko kostaldean eta Afrikako iparraldean. Kantaurialdean ez da oso arrunta baina ondo kontserbatutako paduratan aurki daiteke, esate baterako Bizkaian Urdaibain, Arrabetako paduran, Busturialdean, Gorliz aldean eta Artibai errekako azken irlatxoan, eta Gipuzkoan Plaiaundiko marismetan.

Halimione portulacoides Halimione portulacoides

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ekologia

Halimione Portulacoides-en agerpena paduraren egonkortasunaren erakuslea da. Talde handiak sortzen ditu lur areatsu gazietan, itsasgoratan hondoratua edo urez errez betetzen direnetan, azidoak (pH 3,5-5,5) eta nitrogenoan aberatsak. Ondo jasaten du gazitasuna, baina ezin du luzaro iraun ur azpian. Argitasun handia behar du eta tenperatura epelak.

Fenologia

Uztaila eta iraila bitartean loratzen da eta fruituak udazken hasieran heltzen dira, marea bizietaz baliatuz hobeto barreiatzen direlarik.

Erabilerak

Zuhaiska honen hostoak jan daitezke, bai gordinik entsaladatan, bai egosita. Gaziak eta samurrak dira.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Dendryphiella salina eta Ascochytula obiones onddoak, marismetako arruntak dira eta itsas getozkaren sustrai-azal gaineko kolonizatzaileak. Aldiz, zurtoin inguruko kolonizatzaile arruntenak hifomizetoak dira.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/22 | Azken eguneraketa: 2013/12/30 | Bisita-kopurua: 1471 | Argazki nagusia: es.wikipedia.org

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...