Arnika
Arnica montana

Arnika landarea dagoeneko XII. mendean aipatu zuen Santa Hildegardak. Izan ere, aspaldidanik dira ezagunak landare honen propietate anitzak eta hori dela eta oso erabilia izan da pomadak egiteko eta sendabelar modura. Landare honen gehiegizko erabileragatik, hala ere, bere populazioen gutxitze nabaria eman zen eta egun, Euskal Herrian 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago.

Arnica montana

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Asteridae
Ordena
Asterales
Familia
Asteraceae
Deskribatzailea
Linnaeus (1753)
Estatusa
lc

Morfologia

Landare iraunkor belarkara dugu. Lurpeko enbor sendoaren puntan  hosto-erroseta bat sortzen da eta zurtoin tentea du, 15-60 cm-ko garaiera lortzen duena.

Hostoak

Hosto luzangak eta lantza formakoak ditu, ertz osokoak. Hosto gehienak sinpleak dira eta basalak dira baina kaulinar batzuk ere egon daitezke, beti oposatuak. Basalek eta beheko kaulinarrek 6-17 x 2-4 cm neurtzen dituzte, obobatuak edo eliptikoak dira eta azpialdean, pubeszentzia hauskara dute guruinetan.

Loreak

Metro erdiko zurtoinen puntan kapitulu motako infloreszentzia ederrak sortzen dira, 8 cm-rainoko diametrokoak eta lore horiz osaturik daudenak. Infloreszentzia hauek 1-3 kapitulu izan ditzakete, pedunkulu iletsuak dituztenak eta txandakatutako bi braktea linear. Inbolukruaren brakteak gehienetan bi hileratan kokatzen dira eta lantzeolatuak eta belarkarak dira.

Errezeptakulua ganbila da, hau ere iletsuak eta honen kanpoaldean lore ligulatu emeak eta barne-lore hermafroditak kokatzen dira. Lore emeak 18-25 x 8-5 mm-koak dira, 2-3 mm-ko 2-3 hortzekin.

Fruituak

Fruituak, akenio txikiak dira. 6,5-9 mm-ko sahietsak dituzte eta korola bezain luzea den kardilauna dute, oso iletsua.

Banaketa

Banaketa boreo-alpetarra duen landarea dugu, hau da, mendi garaietan eta oso iparraldera dauden latitudeetan bizi da. Iberiar Penintsulari dagokionez, Pirinio mendietan zehar banatuta dago. Euskal Herrian ez da oso ugaria, 800 eta 1250 metro bitarteko iparraldeko mendietan baino ez baita bizi,  Legairen (Entzia), Askiolan (Urkila), Ordunten (Zalama) eta Aralarren (Amezketa), hain zuzen ere.

Arnica montana Arnica montana

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Erica tetralix
Txilar lauhostoa
Erica scoparia
Erratz-txilarra
Erica lusitanica
Portugal txilarra
Erica vagans
Txilar burusoila
Calluna vulgaris
Ainar arrunta
Arctostaphyllos alpinus
Azeri-mahats alpetarra


Ekologia

Pagadien artean hazten da, belardi eta txilardietan hain zuzen, euria eta lainoa nagusi diren substratu silizeoen gainean edo garbiketagatik azidoak diren lurretan. Tenperatura hotz-epelak gustuko ditu baina ez ditu izozteak jasaten.

Fenologia

Udan loratzen da, ekainetik abuztura bitartean, eta udazken hasieran heltzen dira fruituak.

Erabilerak

Arnika aspaldidanik erabili izan da sendabelar modura. Helenalina toxina du, pozointsua izan daitekeena landarea kantitate handitan janez gero, eta landarearekin kontaktuak azalaren narridura ere eragin dezake. Sustraiek timol toxina dute, fungizida eta kontserbante modura erabiltzen dena.

Gaur egun arnika oso erabilia da bihurgura eta kontusioen aurkako pomada modura, propietate antiiflamantorioak ditu eta.

Kontserbazioa

Arnika, 'Kaltebera' bezala sailkaturik dago EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan. Sendabelar gisa bildu izan du jendeak arnika, eta horixe izan liteke egungo mehatxu-egoeraren azalpena. Larreak sortzeko burutzen diren sasi garbitze eta luberritze-lanak oso kaltegarriak dira landare honentzat, beren bizileku diren txilardiak desegiten baitituzte.

Esteka interesgarriak


Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/06/06 | Azken eguneraketa: 2014/09/08 | Bisita-kopurua: 2314 | Argazki nagusia: Jean-Marc Planchon

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...