Turrumo belarra, Orkatxa
Hypericum androsaemum

Landare arrunta da Euskal Herriko basope hezeetan. Hostoak zauriak sendatzeko erabili izan dira, propietate sendagarriak omen dituelako. Dena den, kontuz fruituekin, pozoitsuak baitira.

Hypericum androsaemum

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Malpighiales
Familia
Hypericaceae
Deskribatzailea
L.
Estatusa
ne

Morfologia

1,5 m arteko zuhaixka. Zurtoin etzanak ditu eta gazteek, luzetara bi saihets longitudinal izan ohi dituzte. Ez ditu generoko beste hainbat espeziek izan ohi dituzten guruin gorri, beltz edo anbar-kolorekoak.

Hostoak

Hosto oposatuak eta dekusatuak ditu; zabalki obatuak edo obatu-lantzeolatuak, punta kamutsekoak, erdi besarkatzaileak eta azpialdean glaukoak.

Loreak

Loreak zurtoinaren muturrean, korinbo-erako zimetan elkartzen dira. Bost sepalo ditu, iraunkorrak, elkarrekiko desberdinak eta obatuak dira. Korola bost petaloz osatzen da, horiak eta askeak. Bost estamine ditu, gehienez petaloen luzerakoak. Ginezeoa hiru karpelokoa da eta estiloak obulutegia baino laburragoak dira.

Fruituak

Fruitua mamitsua da, hasieran gorria eta gero beltza, zabalki elipsoidala edo ia esferikoa. Barnean hainbat hazi hegodun izaten ditu, kolore arre ilunekoak.

Antzeko espezieak

Hypericum hircium
Hypericum hircinum

H. hircinumek 10-20 mm-ko petaloak ditu eta sepalo zorrotzak, H. androsaemumek aldiz, 5-10 mm-ko petaloak eta sepalo kamutsak. Fruitu heldua arrea eta dehiszentea du H. hircinumek, eta, beltza eta indehiszeneta H. androsaemumek. H androsaemumek hosto handiagoak ditu normalean. 

Banaketa

Europa mendebaldean eta hegoaldean oso hedatuta dago, eta, Asia erdialdera eta Afrika iparraldera iristen da. Euskal Herrian, oso arrunta da kantauriar isurialdeko muinoetan, baina hegoalderantz joanda gero eta urriagoa da, klima lehortuz joan ahala.

Hypericum androsaemum Hypericum androsaemum

Ekologia

Ibai-ertz, trokarte, heskai nahiz hainbat motako basoetan ager daiteke; beti ere gune laiotz eta hezeetan.

Fenologia

Maiatza eta abuztua artean loratzen da.

Erabilerak

Bere hostoak zauriak sendatzeko erabili izan dira, ezaugarri orbaintzaileak dituela argudiatuta.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2014/01/07 | Azken eguneraketa: 2014/09/13 | Bisita-kopurua: 1477 | Argazki nagusia: Kenpei (Wikimedia Commons)

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...