Zuhaixka txiki hau Europako erdialde eta hegoaldeko mendigunetako estai subalpetarrean bizi da, Sudeteak eta Karpatoetatik hasi eta Pirineotaraino hedatuz. Larrako karstean du bere hegomendebaldeko muga beste landare orofilo askok bezala.
1,5 m arteko zuhaixka. Adaskak lentizela luzatu ugariz hornituak ditu. Begiak dira koniko-oboideak, zorrotzak, 3-5 ezkata ziliaturekin, ia ilegabeak eta ez likatsuak. Azala leuna eta grisa du.
Bakunak, ertzean finki eta bitan zerratuak. Berdeak bi aldetatik, ilegabeak eta pixka bat lustredunak dira gainaldeatik, eta, mate eta ilegabeak edo pittin bat iledunak azpialdetik. Oso peziolo laburra dute.
Loreak korinbo txiki eta trinkoetan elkartuta. Errezeptakulua 2 mm ingurukoa eta ilupaduna. Sepaloak ertzetan hortzik gabeak, ilegabeak kanpoaldetik, eta ilupadunak barrualdetik. Petaloak arrosaxkak.
Gorri-laranjaxka da heldutakoan, lentizela gutxikoa eta mami irinkaraduna.
Europa erdialdeko eta hegoaldeko mendigunetako estai subalpetarretan bizi da. Zehazki: Pirineoak, Frantziako Erdialdeko Mendigunea, Alpeak, Apeninoak, Sudeteak, Vosgoak, Karpatoak eta Balcanak. Euskal Herrian Larrako karstean soilik aurki daiteke.
Izeidietan, mendi-pinuz osatutako pinudietan, eta, errododendro eta ipuruz osatutako sastrakadietan bizi da. Mota guztitako sustratutan eta 1550 - 2250 m arteko altitudetan.
Ekaina eta uztailean loratzen da, eta, fruituak iraila eta urrian heltzen dira.