Onddoak

Agaricus xanthodermus
Azpibeltz tinta usain-argia

Euskal Herrian arrunta den perretxiko hau pozointsua da. Txapel zuria 5-10 cm-koa da eta heldutan nahiko zapala. Hanka zuria eta luzea da, eta eraztun bikoitza du. Mamia zuria da baina igurtzitzean kolore horia hartzen du. Usain txarra du, fenol usaina. Uda eta udazkenean ateratzen da ongarriztatutako belardi, lorategi eta bide bazterretan. Koniferoen basoetan ere topatu daiteke. Kontu handia izan behar da Agaricus jangarriekin nahastu daitekeelako. Hala ere ez da arrunta perretxiko honek eragindako pozoindura, berotzean oso usain txarra igortzen duelako.

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Agaricus xanthodermus

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2011/12/01
Azken eguneraketa: 2011/12/19
Bisita-kopurua: 1477

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Agaricaceae
Deskribatzailea: Génev. (1876)
Sinonimoak
Agaricus meleagris var. grisea
Agaricus pseudocretaceus
Fungus xanthodermus
Pratella xanthoderma
Psalliota flavescens
Psalliota grisea
Psalliota xanthoderma
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Toxikoa
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

5 cm-tatik 10 cm-tara hel daitekeen txapela du. Ez da oso mamitsua eta hasieran esferikoa den arren, pixkanaka ganbil edo ezkil forma hartzen doa. Azkenik, txapela zapala da. Txapeleko azala zuria eta leuna da, pixka bat zetakara. Gero, kolore okre samarreko ezkatez estaltzen da. Agaricus jangarrietatik bereizteko garrantzitsua izango da igurtzitzean azalak hartzen duen kolore horixka. Ertzetan kolore hau nabarmenagoa da, eta askotan, errezel himenialak edota eraztunak utzitako kondarrak daude.

Estipea

6-8 x 0,8-1,5 cm-ko hanka erraboilduna du. Luzea, zilindrikoa eta zuria da, eta igurtzitzean hau ere horiz tindatzen da. Eraztun zuri handia du oinaren goiko aldean. Bikoitza da eraztuna, goikoa hauskorra eta behekoa sendoa eta horzduna.

Orriak

Orri mehe, estu eta hertsiak ditu. Hasieran kolore zuri-okrea izaten dute, gerora arrosa eta marroia, azkenik beltza.

Mamia

Mehea eta zuria da, oinaldea horixka. Usain txarra du; fenol, iodoformo edo sendaigai usaina. Usain hau nabarmenagoa egiten da perretxikoa egosterakoan.


Mikromorfologia

Esporak

Esporek arrautza forma dute, eta 3-8 x 3,5-5 μm-ko tamaina. Marroi-beltzaxka eta purpura kolorea izaten dute.


Ekologia

Habitata

Hostozabalen baso ertzetan, koniferoen basoetan, parkeetan eta zabortegien inguruetan ateratzen da. Normalean talde txikitan agertzen da, zirkuluan. Euskal Herrian espezie nahiko arrunta da.

Perretxiko-garaia

Udan eta udazkenean ateratzen da.

Jateko balioa

Pozointsua da.

Antzeko espezieak
Agaricus arvensis

Agaricus jangarri honekin ez nahasteko txapel ertzean eta oinaldean igurtzi behar da, izan ere, Agaricus xanthodermus bada, kromo-hori kolorea hartuko du. Gainera azpibeltz tinta usain-argiak oso usain bereizgarria du. 


Agaricus campestris

Agaricus arvensis perretxiko jangarriaren teknika bera erabili behar da Agaricus xantodermusetik bereizi ahal izateko. Txapelaren ertzean eta oinaldean igurtziz gero, kromo-hori kolorea hartzen badu, Agaricus xanthodermus espeziea da. Gainera igortzen duen tinta edo fenol usain desatseginak salatzen du.


Agaricus silvicola

Perretxiko honek igurtzitzean horitzeko joera du, baina fenol usaina izan beharrean, anis usaina du. 


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...