Onddoak

Clitopilus prunulus
Errotaria

Errotariari bere irin zapore atsegin eta nabarmenak ematen dio izena. Jangarria den agarikoide honek kolore zuridun basidioma garatzen du, Kolore bereko himenoforoa, laminarra eta dekurrentea da. Honen ezaugarri bereizgarri bat usainaz gain, eite hauskorrada, begiratu bezain laster apurtuko dela ematen duelarik. Sukaldean nahiko preziatua izaten da, baina kontu handia izan behar da Clitocybe zuriekin (toxikoak direnak) nahiko erraz nahasi daitezke eta.

Argazkia: Enrique Rubio Dominguez
Clitopilus prunulus

Artikuluari buruz
Egilea: erabiltzailea
Sorrera: 2014/05/01
Azken eguneraketa: 2023/02/04
Bisita-kopurua: 1720

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Entolomataceae
Deskribatzailea: (Scop.: Fr.) P. Kumm
Sinonimoak
Paxillopsis prunulus
Paxillus prunulus
Agaricus orcella
Pleuropus prunulus
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

13 cm izatera heldu daiteke, nahiz eta normalean 4-11 cm inguruko diametroa izaten duen. Gaztea denean forma ganbila izatetik, zapala izatera pasatzen da eta zahartzen dijoanean ahurra bilakatu daiteke. Kutikula lehorra dauka, pixkat distiratsua, mamitik erraz banatu daitekeena eta kolore zurixkaduna (grisa ere izan daiteke). Pileoaren hertzak finak dira eta kiribildu eta kurbatua izatetik inkurbatua izatera pasatzen da.

Estipea

Estipea estua, motza, zilindrikoa eta normalean zuzena eta zentrala izan ohi da, nahiz eta batzuetan kurbatua eta eszentrikoa izan daitekeen. Hanka, biguna eta hauskorra izaten du, pileoaren konsistentzia eta kolore berdina dauka. 2-5 x 0,5-1 cm-tako diametroa izaten du eta askotan estipe pruinatua oinaldean zabalagoa izan ohi da.

Orriak

Himenioforoko laminak elkarrengandik nahiko estuki kokatuta daude, hauek oso dekurrenteak eta lameluladunak izanik. Kolore zuria dauka hasieran eta gero larrosa bilakatzen da esporen eraginez (espora jalkina kolore hortakoa baita). Laminak hauskorrak eta ez elastikoak direnez, hatzamarrak pasatzean oso erraz banatzen dira mamitik.

Mamia

Pileoaren erdialdeko mamia beste guneetakoa baino trinkoagoa da, hala ere, oso hauskorra izanik. Kolore zuria dauka, zapore suabea eta espezie honen ezaugarri garrantzitsua den irin usain nabarmena, azken ezaugarri honek agarikoide honi izena ematen diolarik.

Sulfobainillinarekin erreakzionatzen du kolore biolazeoak hartuz.


Mikromorfologia

Esporak

Espora jalkina larros kolorekoa da. Esporak fusiformeak, hexagonalak, leunak, ez amiloideak eta hialinoak dira. Sei arista dituzte eta 10-14x5-6 µm-tako tamainakoak dira.

Basidioak tetrasporikoak dira.


Ekologia

Habitata

Sarritan ikusi daitekeen espezie mikorrizikoa da, nahiko berdintsu hazten da koniferoen zein hostogalkorren basotan, betiere taldetxotan. “Txibata” bezala ere ezaguna da, Boletuskodiziatuak irtetzen diren leku beretan irtetzen baitira. 


Habitat bereko espezie batzuk:
Lakaria ubela
Laccaria amethystina
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura
Ezko gibelgorria
Hygrophorus russula
Kukuma
Amanita ovoidea
Txakur-zakila
Mutinus caninus
Ganoderma pfeifferi
Lanperna horia
Amanita citrina


Perretxiko-garaia

Uda eta udazken hasieran agertzen da.

Jateko balioa

Espezie jangarria da eta onddo hau ezagutzen duten zaletuek, sukaldatzerako orduan kalitate hobereneko espezieen artean sailkatzen dute, bere zapore leuna eta usain atsegina direla eta. Baina kontu handia izan behar da Clitocybe zuriekin ez nahasteko, hauek oso toxikoak baitira.

Antzeko espezieak
Clitocybe rivulosa

Bi espezie hauek antzekotasun handiak dituzte, baina ñabardura txikietan begiratuz gero begi hutsez desberdindu daitezke. Esateko baterako Clitopilus prunulus-en usai nabarmena oso karakteristikoa da, larros ikutua duten  laminen kolorea, hauek dekurrenteak izatea eta izugarrizko hauskortasuna izatea. Laminetatik hatzamarrak pasatzerakoan mamitik oso erraz banatzen dira, kutikula pileotik ere. Clitocybe rivulosa-kordea, laminak askoz ere elastikoagoak dauzka, ez da hain dekurrentea eta kutikula ez da hain erraz banatzen mamitik. Azken honen estipeak fibrotsuagoa da, itxuraz zein texturaz.

Bideetako klitozibe zuria ( Clitocybe rivulosa )

Clitocybe cerussata

Clitocybe cerussata-ren usainak irinarena gogorarazi dezake, baina atsegina izan gabe, hau da, irin zaharraren usaina. Errotariaren usain atseginarekin konparatuz oso ezberdina da.


Clitocybe dealbata

Errotariarekin (Clitopilus prunulus) ,espezie estimatuarekin, nahasi daiteke. Usain ezberdina daukate, errotariak irin usain oso intentsua dauka, besteak berriz irin eta belar usaina duelarik. Himenioan ere ezberdin daitezke, espezie toxikoak zuria baitauka eta jangarriak izokin kolorekoa. Haragiaren kontsistentzia ere ezberdina da, goian aipatu bezala errotari faltsuak fibrotsua dauka, eta errotariak hauskorra.

Errotari faltsua ( Clitocybe dealbata )

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...