Amanita generoko espezie handienetarikoa da kukuma. Kolore zurikoa da eta kotoiaren eitea dauka. Onddo honek ez dauka inolako balio gastronomikorik, zapore ahula baitauka eta usain desatsegina, berezia. Koniferoen zein hostozabalen basoetan aurki daitekeen onddoa bada ere, ez da arrunta aurkitzea.
Onddo handia da, 8-25 cm bitarteko pileoa garatzen baitu. Hasieran hemisferikoa bada ere gero ganbil forma hartzen du eta alea zahartzen denean lautu egiten da. Kutikula zuria errez bereizten da. Txapel mamitsua duen onddoa da. Ertza ildaskatua dauka eta kotoi itxurako arrastoak izaten ditu kroskotik eratorrita. Txapelean ez dira ageri bolbaren arrastorik.
Tamaina handiko estipea garatzen du, bereziki zabala dena genero honetarako 7-20 x 2-5 cm. Estipeak kolore zuria dauka eta eite kotoikara. Onddoa biltzerakoan eta estipea ukitzerakoan irinez estalita dagoela dirudi. Espezie honetan bolba nabarmena da eta eraztuna iraunkorra izaten du, estipearen ehundura antzekoarekin.
Onddoaren tamainarekin bat datozen orri zabalak eta libreak ditu. Koloreari dagokionez zuriak dira.
Mami ugaridun onddoa da, eta kolore zurikoa izaten du. Usain bereziko onddoa da, nahiko desatsegina egiten dena kasu gehienetan. Zapore oso ahula dauka.
Generokide gehienek bezala kukumak kolore zuriko esporada dauka. Esporak globularrak dira, puntan erpin bat dutenak. 9-12 x 6-8 μm.
Konifero zein hostozabaletan aurki daitekeen onddoa da. Hala ere gure basoetan ez da oso ugaria.
Uda bukaeratik negu hasierara aurki daitekeen onddoa da, hala ere ez da oso arrunta.
Ez dauka jateko balio berezirik usai desatsegina eta zapore ahula baitauka. Horretaz gain kontu izan behar da Amanita zuriekin errez nahastu daitekeela, batez ere aleak gazteak direnean.
Bi espezie hauek oso errez nahastu daitezke, biak zuriak baitira. Ezberdintasun nabarmenena bien arteko tamaina da, kukuma askoz handiagoa izanik. Baina ezberdintasun honek ez du balio alea gaztea denean. Eraztuna ere ezberdina daukate, Amanita virosak eraztun mintzakara dauka.
Hiltzaile konkorduna ( Amanita virosa ) |
Bi espezie hauek ere zuriak dira, baina azken honen kroskoak kolore arrosa dauka. Era honetan bereizten dira bi espezie hauek.