Onddoak

Laccaria amethystina
Lakaria ubela

Euskal Herrian arrunta da. Kolore deigarria du, guztiz morea da, nahiz eta batzuetan esporen hauts zuriz estaliak agertu. Jangarria den arren, ez da batere preziatua eta txapela bakarrik erabiltzen da. Espezie toxikoekin nahas daitekeenez, kontu handiz ibili behar da identifikatzerako garaian. 

Argazkia: Asier Uribeetxebarria
Laccaria amethystina

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2011/12/01
Azken eguneraketa: 2013/12/26
Bisita-kopurua: 1511

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Agaricales
Familia: Hydnanginaceae
Deskribatzailea: (Huds.) Cooke (1884)
Sinonimoak
Agaricus amethystinus
Agaricus lividopurpureus
Collybia amethystina
Laccaria hudsonii
Laccaria laccata var. amethystina
Russuliopsis laccata var. amethystina
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Txapelak 2-6 cm bitarteko diametroa du. Hasieran ganbila da, gero zapaltzen joaten da, eta azkenik, lobulatu eta deprimitu forma hartzen du. Zilborduna izan daiteke, besteetan berriz, barrurantz sartua agertzen da. Ertza irregularra du eta higrofanoa da. Kolore morea du, baina adinarekin eta eguraldi lehorrarekin kolorgetu egiten da, orri moreekin kontrastea handituz.

Estipea

4-8 x 0,5-1 cm-ko luzera du hankak. Fibrotsua, gogorra eta zilindrikoa da. Ale gazteetan betea izaten da, eta zahartu ahala hodi modukoa bihurtzen da. Pileoaren kolore berekoa da, eta oinarrian mizelio urdin-bioleta du. 

Orriak

Orriak estipera itsatsiak edota pixka bat dekurrenteak dira. Lodiak, irregularrak, barrunbedunak eta elkarrengandik 3-7 cm bananduak daude. Tartean orrixkak dituzte. Txapelaren antzeko kolorea dute, eta esporak direla-eta, pixka bat zurixkagoak agertu ohi dira.

Mamia

Txapeleko mamia mehea den bitartean, hankakoa zuntzexkara eta gogorra da. Kolore morea izaten du, eta zapore gozokoa eta usainik gabea da.


Mikromorfologia

Esporak

Zuriak eta borobilak dira, 8-10,5 x 7,5-9,5 mikra ingurukoak. Hialinoak eta ez amiloideak dira, eta arantza ugari daude esporaren azalean.


Ekologia

Habitata

Espezie nahiko arrunta da. Koniferoen eta hosto erorkorren basoetako leku hezeetan topa daiteke. Normalean kolonia handiak osatzen ditu.


Habitat bereko espezie batzuk:
Kolibia gurinkara
Rhodocollybia butyracea
Errotaria
Clitopilus prunulus
kolibia hanka-bihurria
Rhodocollybia prolixa
Pinudi-gibelubela
Russula sardonia
Anis azpibeltza
Agaricus sylvicola
Hiltzaile konkorduna
Amanita virosa
Orri zurbileko lakaria arrunta
Laccaria laccata
Kanpaitxo arbiusaina
Mycena pura


Perretxiko-garaia

Udan eta udazkenean ateratzen da.

Jateko balioa

Laccaria taldearen barnean jangarriena da, baina haragi gutxikoa. Txapela bakarrik erabiltzen da, hanka bota egiten da. Beste onddo batzuekin nahastuz atsegina da.

Antzeko espezieak
Inocybe geophylla

Toxikoak da. More kolorekoa da baina orriak gris-okrexka kolorekoak dira -ez morexkak-, esperma usaina du eta ezaugarri mikroskopikoak ezberdinak dira.

 


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...