Abantzuaren enbata

Ardura zaitez! bloga | 2011/12/15 (azken aldaketa: 2011/12/15 ) | Egilea: | Bisitak: 1053

Egunotan olatu ikusgarriak ikus daitezke Donostiako pasealeku berrian. Ura indarrez altxatzen da haitz labarrean gora eta, hurrena, aparra eta umeltasuna geratzen dira zartakoaren lekuko.

Ikuskizun itzela da itsasoak lurrari nola astintzen dion ikustea. Berripapera gehienek ere hala jasotzen dute irakurlearen arreta bereganatu nahi duten goiburuetan. Guztietan lelo bera sumatzen da: itsasoa bat-batean erotu dela dirudi, ezohiko gertakari ikusgarria eskaintzera etorriko balitz bezala. Eta jendea tropelka inguratzen da gertatzen ari dena haien argazki-kameretan gordetzeko asmoz.

Begietan lilura bera ikusi ahalko zaie Donostiako pasealekuan biltzen diren ikusleei eta egunotan ATLAS eta CMS detektagailuen emaitzak irakurri zain dauden fisikariei. Distira bera. Gertakaria errepikatuko ez delako beldurrez. Eta, argazki kamera bailitzan, haien txostenetan ondorio guztiak ondo gordeta uzteko asmoz egongo dira hauek ere. Inork ez luke unibertsoaren lehen partikula izan daitekeenari argazkia atera gabe geratu nahi.

Afera ez da orain eman den pausoa pausorik garrantzitsuena den. Pausoak ematea da kontua. Gizakiok aurrera goazela antzeman behar dugu, atzerako bidean ez garelako ondo sentitzen. Horregatik eusten diogu une batez olatuak jo aurretik atzera egiteko pausoari. Horregatik esaten digute unibertsoaren jatorria ezagutzeko beste oztopo bat gainditzekotan gaudela. Aurrera, atzera begiratu ere egin gabe. Hori omen da gizarteak behar duena.

Hori sinestarazi digute, behintzat. Eta norabide horretan gaudela aldarrikatzen eroso sentitzen dira gure bidea ireki nahi dutenak. Abiaduran handian. Bidean mendez mende naturak eraiki duena txikituz. Aurrera egin behar dugulako. Ahaztu dezagun jatorrian zer zen hemen genuena eta batu gaitezen aurrera joateko.

Donostiako ikuskizuna argazki kameran bezala, gure ingurunearen aldaketa ere buruan gorde beharko genuke. Bestela, aurrera goazelarik ezingo dugu gure abiapuntua non zegoen jakin. Orain ez dugu detektagailu berezirik behar gure ingurunearen sakailaz jabetzeko. Egunkarietako goiburuetan gutxitan jasotzen da aiher nagusiaren kontrako hitzik. Gutxi dira bide okerrari argazki salatzailea ateratzera datozenak, jada ohiko irudia  bihurtu zaigulako, ziurrenik. Aurrerako bide honek ez du aparrik utziko hemen zegoenaren lekuko.

Ardura zaitez!



Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...