Bizitzan arrakasta izateko... ezkondu, seme-alabak eduki, hipoteka bat ordaindu eta... noski, kotxe bat erosi. Zaila da oso gizarteak agintzen digun bidetik aldentzea. Eta hori hiritar gehienen bizi-ereduan islatzen da. Are gehiago industria automobilistikoak bere marketing makinaria guztia martxan jartzen duenean; eta horrela kotxeak eta kotxeak pilatu zaizkigu gure hirietan.
Eguna esnatzearekin batera hiritarrok harat-honat hasten gara klasera edota lanera joateko. Izan ere, lo, lan egin, ikasi... bakoitza leku desberdin batean egiten ohi dugu, eta hirietan kotxea da bidai horietarako gehien erabiltzen den garraiobidea. Iruñeko Udalaren txosten baten arabera, Iruñerrian egunero lanera joateko mugitzen diren hiritarren %56ak kotxea erabiltzen du. Eta hirigunearen erdira ez doazenen artean %88ak. Ez da harritzekoa, beraz, hiriak kotxeentzat diseinatuta egotea: errei askodun kale luzez beteak eta espazio handi bat aparkaleku moduan sakrifikatuta.
Zalantzarik gabe, mugikortasun-eredu honek ondorio lazgarriak eragiten ditu. Iruñeko Agenda 21aren arabera, garraioak eragindako CO2 isurketek %27 egin dute gora. Gainera, hauts tamainako partikulen bidezko kutsadura ere eragiten du. OMEk adierazi duenez, horren ondorioz hirietan bizi diren pertsonen %94a kutsadura-maila kaltegarrien menpe bizi da, kutsatzaile hauentzat ezarrita dauden mugak gainditzen direlako. Halaber, IENAren arabera, Nafarroan urtero batezbeste 11 pertsona hil eta 70 zauritu egiten dira hirietan gertatutako istripuen ondorioz.
Egin al dezakegu zerbait egoera honi buelta emateko?
Ingurugiro hezitzailea naiz. Nire lanean egunero lantoki desberdin batera mugitu behar izaten dut eta, lanak bermatzen didan heinean, bizikletaz joaten naiz. Egunero 15 km inguru egiten ditut lanera bidean, eta joan-etorri horietan ez dut 30 min baino gehiago behar izaten. Egia da geroz eta jende gehiago dagoela erabaki bera hartzen duena. Baina oraindik gutxi dira mugikortasun-eredu desberdin baten beharra dakusaten gazteak. Izan ere, Iruñeko Udalaren arabera 30 urtetik beherakoen %9a baino ez doa egunero lanera bizikletaz.
Badakit Iruñean euria maiz egiten duela. Baita hotza, eta haizea ere. Badakit zenbait bide arriskutsuak izan daitezkeela. Baina bizikleta gainean sentitzen dudan askatasuna ez dut kotxez noanean sentitzen. Eta horregatik jarraituko dut egunero lanera bizikletaz joaten.