Akatsak. Gaizki ulertuak. Inozoak.

Ardura zaitez! bloga | 2012/09/22 (azken aldaketa: 2012/09/22 ) | Egilea: | Bisitak: 1107
Gako hitzak: telefono mugikor, wifi

Akatsak. Gaizki ulertuak. Inozoak.
Horren beharrezkoa al da uneoro mugikorra erabiltzea?

Orain egun gutxi Noruegako Osasun Publikoaren Institutoak kablerik gabeko teknologiak, hots, Wi-Fi edo telefono mugikorrak, osasunerako seguruak direla esan du. Baina, kalterik ez dagoela ikusi dute ala ez dute kaltea topatu? Baieztapen desberdinak dira, kontuz!

Wi-fi eta telefono mugikorren zale sutsuak zaretenak; lasai. Ni ez naiz Norvegiako ikerlarien parekoa, eta beraz nik hemen esaten ditudan hitzei ez-ikusiarena egin diezaiekezue lasai asko. Baina ikasle inozoenak ere badakien gauza bat ahaztu zaie izen handiko ikerlari hauei, edo albistea inolako baherik gabe hedatzera mugatu direnei: bi akats mota daudela, eta batek besteak baino askoz ere ondorio larriagoak ekar ditzakeela.

Bi akats mota. Bat, eragina baduen arren eraginik ez duela esatea (larria). Bi, eraginik ez duen arren eragina baduela esatea (inolako kalterik ez). Nik benetan ez dakit Wi-fiak edo telefono mugikorrak kaltegarriak diren. Dakidan gauza bakarra da ikerlarien artean ere ez dagoela adostasunik. Horren adibide honako txostena, alde batetik, eta Osasunaren Munduko Erakundeak wi-fia minbizi eragiletzat onartu izana (IARC-ren prentsa oharra), edo Europako parlamentuak osasunarentzak kaltegarriak direla adieraztea (1999/159/CE gomendioa) bestetik. Beraz, badirudi beste batzuek kaltea aurkitu dutela, baina Norvegiarrek ez. Eta, orduan, aurkitu ez dutenez existitzen ez dela ondorioztatu dute.

Europako Batasuna osatu zenean hainbat printzipio onartu ziren. Horietako bat ardura printzipioa da. Hau da, badaezpada ere, kaltea eragiten ez duela argi egon arte dena delako kalte-eragilea alboratuko dela. Niri iruditzen zait telefono mugikorren antenen inguruan minbizi kasu gehiegi egon direla zalantzarik gabe kalterik ez dagoela esateko (ikus hemen kasu batzuk). Eta zuek, wi-fi eta telefonozale itsuak, zer uste duzue, oraingoan zuen gustoko zerbait esanagatik ikerlari hauek ez dituztela sekula lerdokeriak esaten? Irakurri ezazue albiste hau oraindik ere hori uste baduzue. Edo, zuek uste duzue ikerlari guztiak helburu eta lotura ekonomikoetatik aske daudela eta, beraz, ez dutela haien gobernuak, enpresak, edo ikerketak finantzatzen dituzten telefonia enpresen kontra egiteko inolako arazorik? (Honen harira Miguel Jararen "Conspiraciones tóxicas: Cómo atentan contra nuestra salud y el medio ambiente los grupos empresariales" liburua gomendatzen dut).

Baina, tira, ni ez naiz izen oneko ikerlari ospetsu bat. Eta horregatik lasai. Ez ezazue nik hemen esandakoa aintzat hartu. Hemendik urte batzuetara kablerik gabeko teknologia honek eraginik ez duela ikusten bada damutuko naiz. Baina minbiziak eragin ditzaketela ikusten bada, ez da atzera bueltarik egongo.

Oharra: pena gehien ematen didana zera da. Objektiboa iruditzen zitzaidan Elhuyar aldizkariak nik hemen egindako bahetze eta hausnarketarik ez duela egin (artikulua ikusi).

Oharra 2: Kontuz "baieztatu" hitzarekin.



Comments (2)

  • Eneko Aspillaga

    Eneko Aspillaga

    27 September 2012 at 17:10 |
    Aupa Gari! Oso interesgarria iruditzen zait blogeko sarrera honetan komentatzen duzuna, baina ez daukat zure iritzi berdina. Eztabaida dezagun apur bat, blog hauek horretarako baitaude!

    Lehendabizi Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) prentsa oharrari buruzko hausnarketa bat azaldu nahiko nuke. Bere garaian oso deigarriak iruditu zitzaizkidan ohar honen emaitzen atalean kurtsibaz agertzen diren bi hitz: “mugatuak” eta “desegokiak”. Hitz hauek telefono mugikorren erabilera eta minbizi mota bat garatzeko arriskua erlazionatzen dituzten ebidentziei buruz mintzo dira. Telefonoen erabilera eta glioma kasuen artean nolabaiteko erlazio positiboa topatu den arren, horren frogak “mugatuak” dira, ez dutelako zoriaren edo ikerlarien joeren zein akatsen efektua baztertzea baimentzen. Gainera, froga hauek “desegokiak” ere badira, ikerketek ez dutelako ez kalitate eta ez sendotasun estatistiko nahikorik euren inplikazioak maila zabalagoetara hedatzeko. Eta hau guztia ez diot nik, prentsa oharraren orri-oin argitzaile batzuetan argitaratuta dago. Beraz, baliteke OME-ak telefono mugikorrek igortzen dituzten uhin elektromagnetikoak 2B agente kartzinogeniko modura sailkatu izana (agente kartzinogeniko “posible”), baina horretarako ez dira inongo froga zientifikoetan oinarritu. Horrek, nire ustez, zalantzan uzten du OME-aren “objektibotasuna”.

    Izan ere, ez dago wi-fi eta telefono mugikorrak osasunarentzako kaltegarriak izan daitezkeela aurkitu duen ikerketa zientifiko seriorik. Dauzkagun “froga” bakarrak oso eztabaidagarriak diren behaketa puntualak dira, bere baitan inongo esangarritasunik ez dutenak (edo izan beharko ez luketenak). Ebidentzia zientifikoen falta hau oso harrigarria iruditzen zait, batez ere hainbeste minbizi kasu “dokumentatu” egonda. Eta ez da ikerketa faltagatik, dexente egin baitira, hauetako batzuk urte askotako jarraipenekin. Norvegiako ikerlari taldeak lan hauen guztien berrikusketa egin du, azken finean lehenagotik ezaguna zena baieztatuz (kasu honetan hitz onen erabilera zilegi iruditzen zait), hots, orain arte ditugun frogek ez dutela wi-fi eta mugikorren kaltegarritasunaren ideia eusten. Egia da mundu honetan ezin dela baieztapen absoluturik egin, inoiz ez garela %100ean ziur egongo, baina ebidentzien gabezia honek kaltegarritasun honi buruzko susmorik ez izatera ere eraman gaitzake (honek jainkoaren existentziari buruzko eztabaida ekartzen dit gogora).

    Wi-fi sareak eta telefono mugikorrak, irratia eta telebista bezalaxe, uhin elektromagnetikoen bidez funtzionatzen dute. Ez dakit, baina batzuetan badirudi hitz teknikoek publikoa beldurtzeko gaitasun handia dutela. Nola ez da izango osasunarentzat kaltegarria “uhin elektromagnetiko” izena duen zerbait? Ba egia esan uhin elektromagnetikoetan murgilduta bizi gara. Esaterako, eguzkitik datozkigun edo bonbilla batek sortzen dituen argi-izpiak ere uhin elektromagnetikoak dira. Argi-izpien eta mugikorren uhinen arteko alde bakarrak euren uhin luzera eta maiztasuna dira, edo beste modu batera esanda, daramaten energia. Badaude oso arriskutsuak diren uhin elektromagnetikoak, energia asko izateagatik lotura atomikoak apurtu eta molekulen egitura eraldatzeko gaitasuna dutenak. Uhin hauek oso maiztasun altu eta uhin luzera txikiko uhinak dira, X- eta gamma-izpiak esaterako (uhin ionizatzaileak). Zorionez, argi ikuskorraren uhinek askoz ere energia gutxiago dute (maiztasun baxuagoak eta uhin luzera handiagoak), eta beraz ez digute inolako kalterik eragiten. Ba hara non, wi-fi eta mugikorren uhinek oraindik ere energia gutxiago dute. Fisikaren ikuspuntutik, uhin hauek zuzenean DNA-ren egitura aldatzeko gai direla esatea merenge-pastel batekin altzairuzko ate bat lurrera bota daitekeela esatea bezalakoxea da.

    Beraz, ez dut ondoegi ulertzen nondik datorkigun teknologia berriekiko izan ohi dugun beldur hau. Baliteke informazio falta izatea. Asko kezkatzen nauen beste kontu bat gure gizarteak zientzialariekiko duen mesfidantza orokorra da. Segituan baztertzen ditugu modu objektiboan lortutako emaitzak, baina ez dugu inongo zalantzan jartzen gure bizilagunak nonbait entzundakoa. Zalantza metodikoaren aldekoa naiz, eta baita zuhurtasun printzipioa aplikatzearen aldekoa, baina hauek zentzutasunez egin beharreko gauzak dira.

    Neu ez naiz inongo aditua gai hauetan, beraz, mesedez, nik esandako guztia zalantzan jar ezazue! (eta bide batez zuen iritziak hemen komentatu!). Eta fisikariren bati ez bazaio egokia iruditzen uhinei buruz emandako azalpenak, zuzendu nazala!

    Uff! Sentitzen dut emandako txapa! Erantzun labur bat izan behar zena eskutatik joan zaidala iruditzen zait!

    reply

    • Garikoitz Perurena

      Garikoitz Perurena

      29 September 2012 at 09:59 |
      Kaixo Eneko!

      Beno, lehendabiziko gauza da pozten naizela irakurtzen nautela jakiteak, eta are gehiago irakurri eta iritzi desberdinak lasai asko helarazten dizkidazutelako. Eskerrik asko, batzuen eta besteen artean jarrerak aberasten ditugulako.

      Esaten duzunari dagokionez, alde batetik ez dut uste jendeak zientziatasuna baztertzen duenik. Kontrakoa, uste dut esparru askotan zientziarekiko menpekotasuna ere badugula: medikuntzan, eta abar. Eta badirudi usteak ez direla sinesgarriak zientziak zeozer esan arte. Hori dela eta, medikuntza ofizialak ez du medikuntza alternatiboak dioen gehiena onartzen, adibidez.

      Bestalde, nik ez dakit eremu elektromagnetikoek eragina duten ala ez. Ez %100eko ziurtasunarekin behintzat. Baina orain arte irakurri dudanak esaten du ez dagoela erabateko fidagarritasunik esateko eremu elektromagnetikoek eragina dutela. Ados. Baina, ba al dago fidagarritasunik esateko eremu elektromagnetikoek eraginik ez dutela? Ezetz ulertzen dut. Eta, beraz, egin beharko genukeen gutxienekoa badaezpada ere kontuz ibiltzea da.

      Eta azkenik. Ni ez nago teknologiaren kontra. Eta ez dut uste eremu-elektromagnetikoekiko mesfidantza dutenak ere teknologiaren kontra daudenik (nik ezagutzen ditudanen kasuan behintza hala da). Neri beldurra ematen didana da etekin ekonomikoa lortzeko helburu bakarrarekin horrelako teknologia bultzatzen duenaren asmo ona.

      reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...