Autobuseko pentsamenduak

Ardura zaitez! bloga | 2012/06/17 (azken aldaketa: 2012/06/17 ) | Egilea: | Bisitak: 1169
Gako hitzak: atez ate, autobusa, eremu elektromagnetikoa, ghana

Autobuseko pentsamenduak
Argazkia: Patxi Cascante

Ez dut garraio publikoa erabiltzeko ohitura handirik. Normalean bizikleta erabiltzen dut hara eta hona ibiltzeko. Lanera ere bizikletarekin joaten saiatzen naiz, izerdi patsetan iristeko arriskua eduki arren. Ez dakit; gustatzen zait bizikletarekin sentitzen dudan askatasuna, edozein lekura edonondik eta edonoiz joateko sentsazioa. Gaur, ordea, autobusa hartu dut lanera joateko. Oraintxe bertan euririk egiten ez badu ere, zeruko hodei lodiek ez baitidate konfiantza handiegirik ematen. Euri zaparrada bat jasotzeko arriskuak Iruñerriko bidegorri lotsagarri eta zatarrak lortzen ez duena lortzen du.

Edonola, hementxe noa, eserita, lasai-lasai. Bat-batean gogoratu dut sanferminetako txupinazora igotzeko autobusa nola betetzen den, eta nire buruari esan diot uztailaren 6a autorik gabeko eguna izendatu beharko luketela. Behintzat horrela arrakasta gehiago izango zuen egun horrek. Gaur ez. Gaur autobusa erdi hutsik doa. Eta “erdi hutsik” esaten dudanean ez naiz “erdi betearen” sinonimo ezkorra esaten ari. “Ia hutsik”-en aldaera optimista bat baizik. Izan ere, autobus osoan 4 pertsona baino ez goaz. Eta horietako batek beste hiruak eramaten gaitu. Baina bat-batean itsuren bat sartuko balitz ez luke sinistuko 4 pertsona besterik ez goazela. Izan ere bik haien (eta gure) bidaia girotzen doaz sakelekoaren musikarekin ozen-ozen. Eta gogoratu dut (oroitzapenen bidaia ote?) garai batean erabiltzen nuen walkmana. Eta pentsatu dut: zenbat tramankulu sartzen ote dituzte oraingo sakelekoetan? Musika irakurgailuak, gps nabigatzaileak, argazki-kamerak…  garai batean horiek denak bereizita erabiltzen genituen eta orain denak batera.

Motxilatik aurrekoan norbaitek emandako panfletoa atera dut. Bertan sakelekoek eremu-elektromagnetikoak sortzen zituztela jartzen du. Eta eremu horiek eragin izugarria dutela izaki bizidunongan. Beraz, ez da musika bakarrik ondokoen sakelekoak igortzen didana. Une batez panfletoa ematea otu zait, baina ez dut egin. Ez dut uste sakeleko maitearen kontrako ezer entzun nahiko dutenik. Dena dela, eremu elektromagnetiko horiei izkin egitea erraza litzateke nire ustez: berreskuratu musika-irakurgailuak, argazki-kamerak…Total, iruditzen zait egun sakelekoa deiak egin eta jasotzeko gutxitan erabiltzen dela. Eta sakelekoak ez bezala, argazki-kamerak adibidez ez du eremu elektromagnetikorik sortzen. Ezta musika irakurgailuak ere. Aix. Non egongo ote dira gazte horiek sakelekoengatik alboratutako tramankuluok? Atzo ikusitako dokumentalarekin akordatu naiz. Ghanako zabortegi hartaz. Bertan egongo dira agian. Bertara herrialde “garatuen” hondakin teknologikoak eramaten dituzte bigarren eskukoak direlakoan. Hara heldutakoan, aldiz, zaborra besterik ez direla konturatzen dira. Eta horrela hain “garatuak” diren herrialde horiek zabor horien kudeaketa aurrezten dute, Afrikako zabortegi batera eramatearen truke.

Pentsamendu maltzur bat etorri zait burura: Gipuzkoan hainbeste liskar eta hainbeste kontu dagoen honetan, inori okurrituko al zitzaion Ghanara eramatea eta listo? “contigo Gipuzkoa-Ghana”. Ez atez ate, ez deus. hortxe bukatuko ziren askoren buruhausteak.

Eskerrak geltokira iritsi naizen. Euri tanta bakar bat ere ez. Hurrengoan bizikletan etorriko naiz.

Estekak

"Ciberbasura sin fronteras" dokumentala
ASANACEM elkartea


Comments (2)

  • Eñaut Izagirre

    Eñaut Izagirre

    20 June 2012 at 10:30 |
    Aupa Gari!
    Ikaragarri gustau jata ein dozun sarrera-gogoeta pertsonal hau, eta guztiz bat nator zurekin. 10 bat egun edo izango dia mobilik gabe nauala, eta egixa esan faltan ere ixa eztot botatzen... hala ere, madarikatuak "smartphone" edo horietakuak ideatzen ari dianak.
    Gaur egun, zuk autobusian ikusitxako panorama bera ikus daitxeke unibertsitateko klasietan! "Neodroga" deitzen diot nik, eztu ta beste izenik!

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    20 June 2012 at 13:00 |
    Aupa Eñaut!
    Eskerrik asko! Nik ere disfrutatzen dut mobila "nahi gabe" etxean ahazten dudanean. Pena da lanagatik edo dena delakoagatik mobilik gabe bizitzea zaila bihurtu dugula. Gogoratzen dut gazteagoa nintzenean mobilik gabe ibiltzen nintzen garaia...

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...