Eta zer ulertu behar dut nik?

Ardura zaitez! bloga | 2012/10/05 (azken aldaketa: 2012/10/05 ) | Egilea: | Bisitak: 1020
Gako hitzak: EFSA, Monsanto, Transgeniko, Zientzia

Eta zer ulertu behar dut nik?

Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den erakundeak (EFSA) arto transgenikoa minbizi-eragile dela ondorioztatzen zuen ikerketak akatsak dituela esaten du. Zer ulertu behar dut nik esaldi hau irakurtzean?

Bada, esaldi hori irakurri besterik ez badut egiten zilegi da pentsatzea norbaitek ikerketa bat egin zuela eta beste norbaitek ikerketa horretan akatsak aurkitu dituela. Eta, beraz, lehenengo ikerketak dioena ez duela ezertarako balio pentsa dezaket. Hori esaldi hori irakurri besterik ez badut egiten. Ordea, buelta bat gehiago ematen badiot ttak, badatorkit burura lehendabiziko gogoeta: orduan baliteke ikerketa zientifiko batek akatsak edukitzea? eta, ikerketa guztiak aztertzen ez badira nola jakin dezaket nik zein ikerketak duen akatsa eta zeinek ez?

Badirudi akatsetako bat erabilitako arratoietan datzala. Hain zuzen ere aurrekoan minbizi-eragile izan zitekeen produktuaren frogetan erabilitako berdinak. Orain, ordea, ez omen dute balio.

Ez naiz lasai geratu eta hirugarren buelta bat eman diot. Eta oraingoan kasuari buruz apur bat gehiago ere irakurri dut. Eta jakin ahal izan dut minbizia eragin zezakeen produktu hori zeinek eta Monsantok ekoizten duela. Umm, susmo txarra. Baina bada zerbait gehiago: EFSA erakundeko presidenta izandako Diana Banati ILSIko (International Life Science Institut) zuzendaritza taldean ere badago. Eta, badakizue zer? ILSIk Monsantoren dirulaguntza jasotzen du (Argentinan adibidez). Hara! Orduan, ez zait harritzen Monsantoren lagun batek Monsantoren kontrako ikerketa bat aztertu eta ikerketa horretan akatsak aurkitzea.

Aski da! Ez al gara konturatzen ezin dugula esaten diguten guztia sinestu behar?

Oharra 1: Ez iezaidazue esandakoa sinestu. Ikertu ezazue zuek zeuek.

Oharra 2: Elhuyar, non dago zuen objektibotasuna?

Oharra 3: Oraingo presidenta Catherine Geslain-Lanéelle da eta oraindik ez zaio nazioarteko lotura argirik aurkitu. Oraindik.

Estekak

Transgenikoak eta EFSA. Artikulu interesgarria.


Comments (4)

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    02 January 2014 at 15:01 |
    Iepa Gari,

    EFSAren erantzuna ez nuke esango Diana Banatiren iritzitik sortua denik, komunitate zientifikoaren eztabaidaren ondorio baizik. Ikerketan akatsak topatu dituzte, animalien tratamenduari eta tratamendu estatistikoari dagozkionak. Hemen ikerlarien erantzunak: http://www.sciencedirect.com/science/article/pii/S0278691512005637

    Ez ditut artikulua eta egozten zaizkion gabezia guztiak irakurri, kontuak duen transzendentziaren aurrean eszeptikoa izatea egokia iruditzen zait, baina irakurritakoak irakurrita kasu hau ez nuke esango transgenikoen eta Monsantoren aldeko konspirazio baten parte denik.

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    02 January 2014 at 16:07 |
    Kaixo Antton,

    Esandakoarekin ados. Hala ere, artikuluaren helburua ez zen Monsantoren balizko konspirazio bat salatzea. Baizik eta zenbaitetan entzuten diren adierazpenen erroaren objektibotasuna zalantzan jartzea. Hau da, batzuetan iruditzen zait artikulu batzuren gain begirada zorrotzagoa jartzen dela (polemikoak direlako edo botere handiko enpresaren bati kalte egin diezaieketelako), eta bizkitartean beste ikerketa batzuek ez dutela abian jartzeko dirurik ere lortzen.

    Nire ustez metodo zientifikoa erren geratzen da ez bada egiten diren ikerketa guztien gain presio berdina ipintzen lortutako emaitzak konfirmatu edo ukatu ahal izateko. Hori adierazi nahi nuen.

    reply

  • Antton Alberdi

    Antton Alberdi

    02 January 2014 at 16:18 |
    Uste det biok ados gaudela kontu honekin. Badakigu biok ere metodo zientifiko idilikotik praktika zientifikora jauzi handia dagoela, gizakiok egiten baitugu zientzia eta alborapen nabarmenak baitauzkagu guztiok.

    Bestalde garbi dago baita ere lupa ezberdina jartzen dela gaiaren, aldizkariaren eta egilearen arabera, besteak beste.

    Transgenikoei buruz, berriz, akatsa iruditzen zait guztiak zaku berean sartzea, baina hobe gai hori beste baterako uzten badugu...

    reply

  • Garikoitz Perurena

    Garikoitz Perurena

    02 January 2014 at 16:26 |
    Ados, bai. Ta eskerrik asko iritzia emateagatik!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...