Ez dadila ekimen herrena izan
Gaurko grebaren aldarrikapenek bizi-eredua aldatzeko beharra utzi dute agerian; baita ingurumenarekiko jarrera ere.

Ardura zaitez! bloga | 2012/03/29 (azken aldaketa: 2012/05/07 ) | Egilea: | Bisitak: 896
Gako hitzak: greba, greba orokorra

Lanaren etenaldia bera edukiz hezurmamitzeko etetea zilegi delakoan, aldaketaren jarraikortasunaren aldeko aldarria egin nahiko nuke gaurkoan. Egoera latzaren aitzakian egindako lege berrien kontrako mobilizazioak izan dira gaur. Salaketa honakoa: egoera hau sortu dugunok ez ditugula ondorioak ordainduko. Ordea, burua nahasten didan ideia baten hariari tiraka ezin naiteke mutu gelditu. Kalera ateratzeko arrazoia krisi ekonomikoa haiek sortu dutela izan daiteke; edo gizartearen eskubideak murrizten dizkigutelako; edo biak. Baina ezin esan gizarte-eredu honekin ez dugula zerikusirik. Ezin ukatu gu ere, hein handiago ala txikiagoan bada ere, bizi-eredu kontsumista eta xahutzaile baten partaide izan garela.

Aurrerakoi eta garatutzat dugun gure gizarte honen akats nagusia naturaren legeei muzin egin eta gure burua gainontzeko izakien gainetik dagoela pentsatzea izan da. Guk naturaren osotasuna natura atalka, zati isolatuak balira bezala ikertuz ezagutzen dugula sinestea. Badakigula zein den naturaren oreka, eta oreka horren gainean dantzan egiteko gai garela. Sinesmen horren ardatzetik eraiki dugu gure sistema xahutzailea. Baliabideak agortezinak direla uste duena. Ekosistemak kutsatzeari uzten ez diona. Erosketak milaka bonbilla dauzkaten leihorik gabeko merkatal zentroetan egiten dituena. Izaki bizidunak ondasun material bihurtzen dituena…

Zerrenda luzea da. Baina gure esku dago zerrenda hori laburtzea. Ez gaitezen demagogia hutsean erori. Ez dadila gaurkoa aldarrikapen burugabea izan. Alda dezagun bizi-eredua. Ez dadila ekimen herrena izan.



Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...