Ipar-mendebaldeko haizea nagusitzen da gurean. Baina, tarteka, hegoaldekoak ere jotzen du. Horrelakoetan haize zatarra izaten da, indartsua, erotzeko modukoa. Haize horren menpean egon gara azken egunotan, eta haize honek Saharako hautsa ekarri du berarekin batera. Bada, haizeak hautsa horrenbeste kilometro eraman badezake, zergatik ez du ba polenarekin gauza bera egingo?
Legeak ez du laborantza transgenikoaren eta gainontzekoen artean distantzia bat ezartzen. Baina Europar Batasunak badaezpadako distantzia bat egon beharko litzatekeela gomendatzen du. Europako herrialde batzuek 50 eta 400 metro bitarteko distantziak onartu dituzte (Espainiak ez). 50-400 metro laborantza kutsatu ez dadin. 50-400 metro. Saharako hautsak milaka kilometro egin ditu egun hauetan.
Izaki bizidun bakoitza desberdina da, informazio genetiko desberdina daukagu. Baina desberdintasun hori ez da laborategi batean eraldatzearen ondorio. Baizik eta milaka, milioika urtetan bat-bateko aldaketa txikiak pilatu direlako (pilatu diren bezala, beste batzuk alboratu dira). Landare transgenikoen eta gainontzekoen haziak ere desberdinak dira, baina transgenikoen DNA laborategi batean eraldatu dute. Milaka, milioika urteren gainbegiraturik gabe. Etekin ekonomiko hutsa bilatu nahian.
Jakina da landareek beraien informazio genetikoa gurutzatzen dutela. Horretan jardun izan dira, hori da euren helburua. Eta, hautsak milaka kilometro egin ahal baditu, nola ez ditu, orduan, polenak 50-400 metro horiek gaindituko? Nekazari batzuek landare transgenikoak landatzea erabakitzen dute. Baina beste batzuek landare transgenikoak landatzen bukatzen dute haiek erabaki gabe, ondoko laborantza transgenikoak beraiena kutsatu duelako.