Hondakinen kudeaketa Nafarroan

Ardura zaitez! bloga | 2013/03/21 (azken aldaketa: 2013/03/23 ) | Egilea: | Bisitak: 1589
Gako hitzak: atez ate, errausketa, hondakinak

Hondakinen kudeaketa Nafarroan

Nafarroan puri-purian dagoen gaia da hondakinen kudeaketarena. Orain dela gutxi Nafarroako Auzitegi Gorenak Nafar Gobernuak prestatutako Hondakinen Kudeaketa-plana baliogabetu du. Arrazoiak, besteak beste, ingurumen inpaktuaren balioespena epez kanpo egin izana eta errausketaren egokitasunari buruzko zalantzak (batez ere plan hark ez baitzuen erraustegia kokatzeko lekua zehazten) izan omen ziren (ikus Sustrai Erakuntzak idatzitako laburpena). Bien bitartean Olaztiko Portland-Valderrivas zementu-enpresak hondakinak errausteko baimenak jaso ditu eta, horregatik, hondakinen kudeaketa-plana bertan behera geratu eta gero Nafar Gobernuak Portland-eko errausketa aukera bakartzat aurkeztuko duenaren susmoa dago.

Honakoan Nafarroako hondakinen egoera gaur egun eta kudeaketa egoki baten helburuak zeintzuk izan beharko liratekeen izango ditut mintzagai. Badakit, hala ere, ez naizela gai honetan aditua baina gaiari buruz zenbait kontu argitu beharra dagoela iruditzen zait.

Nafarroako hondakinak. Nolakoa da gure zaborra?

Nafarroan sortzen diren hondakin guztien artean industrian sortzen direnak dira nagusiak, hondakin guztien %56,5a baitira (ikus irudia). Hurrengoak eraikuntzan eta eraispenean sortutakoak (%20,13a) eta hiri-hondakinak (%16,87a) dira, hurrenez hurren. Gainontzekoak %6,5 besterik ez dira.

Industria-hondakin ez arriskutsuei dagokienez, haien %67a birziklatu egiten da (Nafarroako Hondakin-planean jasotako datuen arabera, betiere), eta gainontzekoa zabortegietara bideratzen da, batez ere. Birziklapen-tasa altu hau ez da batere harritzekoa, industriako hondakinak oso hondakin espezifikoak baitira (lantegi bakoitzak zabor mota bat sortzen du) eta esan liteke hondakin-frakzioak jada jatorrian bereizita daudela. Horrela erraza da hondakin-mota bakoitzari dagokion kudeaketa aplikatzea. Eraikuntza eta eraispen hondakinen egoera, ordea, oso bestelakoa da; hondakin hauen %95,3ak zabortegian amaitzen du.

Bestalde, interes handiena pizten ohi duten hondakinak hiri-hondakinak dira, hauek direlako guk geuk egunero sortzen ditugunak. Hori dela eta, hurrengo puntuetan hondakin hauei arreta berezia eskaini nahi diet.

Hiri-hondakinak. Zer gertatzen da etxeko zaborrarekin?

Nafarroan hamasei dira hiri-hondakinak jasotzeaz arduratzen diren mankomunitateak. Horietatik handiena Iruñerriko Mankomunitatea da, Nafarroako biztanleriaren %54aren ardura baitu. Hori dela eta, Iruñerriko Mankomunitateak baliatutako datuetan oinarrituko naiz Nafarroako hiri-hondakinei buruz hitz egiteko.

Beheko irudian hiri-hondakinak nolakoak diren irudikatu da, eta bertan ikus daitekeen bezala etxean sortzen den zaborra batez ere materia organikoa da, hots, janari hondarrak eta abar. Hurrengoak papera eta kartoia, plastikozko ontziak eta brikak, beira, arropa eta tamaina handiko objektuak eta metalak dira. Badira, halaber, bestelako hainbat hondakin ere, hala nola pixoihalak, paper zikinak, zura… Aipatu behar da, bestalde, portzentajeak pisuaren arabera kalkulatu direla eta, horregatik, plastiko-hondakinak dutena baino garrantzia gutxiago islatzen dute. Izan ere, plastikoak gutxi pisatu bai baina bolumena handia betetzen duten hondakinak dira.

Hiri-hondakin hauek, egungo kudeaketaren arabera, frakzio desberdinetan jasotzen dira Iruñerriko Mankomunitatean: a) papera eta kartoia, b) plastikozko edukiontziak, latak eta brikak, c) beira, d) pilak, e) tamaina handiko objektuak ... eta gainontzekoa errefuxa moduan baztertzen da (goiko grafikoan ilunduta dagoen zatia). Errefuxa teoriko horrek hondakin guztien %54a osatzen du eta zuzen zuzenean zabortegira bidaltzen da. Hala ere, errealitatea oso bestelakoa da eta teorian zabortegira bidaliko beharko litzatekeen %54 horretatik urrun gaude. Izan ere biztanle guztiek ez dituzte hondakinak bereizten edo ez dute bereizketa ondo egiten eta, hartara, egun benetan zabortegira bidaltzen ari garen hondakinak %72,5a dira. Hau da, bereizketaren eraginkortasuna %60,3a da. Gauzak horrela, %27,5a da gaur egun birziklatzen den hondakin-kantitatea. Datu hau Europako gainontzeko herrialdeekin erkatzen badugu ezin esan liteke Nafarroan hondakinen aferan gauzak ezin hobeto egiten ari garenik (ikus beheko irudia):

Ikusten den bezala, Nafarroako birziklapen tasa bai eta Iruñerrikoa ere Europako batez bestekotik behera dago. Egoera, halaber, are okerragoa da. Izan ere, zer gertatzen da “birziklagarri” deitzen diegun hondakin guzti horiekin? Gehienak Ecoembes eta Ecovidrio estatuko kudeatzaileetara bidaltzen dira eta hauek arduratzen dira material hauek birziklatzeaz. Bada, Ecoembesen 2011ko datuen arabera haiei iristen zaien hondakinen %68,3a besterik ez dute birziklatzen. Ondorioz, benetan birziklatzen diren hondakinak ez dira bereizten diren %27,5 horiek, baizik eta %18 inguru besterik ez. Egoera kezkagarria benetan.

Hondakinen kudeaketa berri baterantz: testuinguru juridikoa.

Ikusi dugu honezkero egungo kudeaketaren arabera industria-hondakin ez-arriskutsuekin izan ezik gainontzeko hondakinen birziklapena oso kaxkarra dela, sortzen ditugun hondakinetatik oso gutxi bideratzen dugula birziklapen prozesuetara alegia. Beraz, besteak beste arazo horri buelta emango dion kudeaketa bat ezinbestekoa dela argi dago. Baina, kudeaketa horrek egungo legeak bete beharko dituela jakinda, lehenbizi hondakinak arautzen dituzten legeak aztertu behar dira horietara egokitu ahal izateko.

1. EUROPAKO HONDAKINEN 2008/98/CE ZUZENTARAUA

Gauza jakina da Europak onartutakoak ez direla zorrotz bete beharreko arauak, hots, gehienetan gomendio edo eskari hutsak besterik ez dira izaten (nahiz eta nolabait herrialde bakoitzak zuzentarauetan jasotakoak haien legedian barneratu behar dituzten). Edonola, komeni da Europan aintzat hartzen dituzten helburuak eta oinarriak zeintzuk diren ezagutzea. Honatx horietako garrantzitsuenak:

  • 2020. urtea baino lehenago paperaren (eta kartoiaren), metalen, plastikoen eta beiraren birziklapena edo berrerabilpena gutxienez %50ekoa (pisutan) izan beharko da.
  • 2020. urtea baino lehenago eraikuntza- eta eraispen-hondakinen berrerabilpena, birziklapena edota bestelako balioztatzeak gutxienez %70ekoa (pisutan) izan beharko da.
  • Hondakinen kudeaketak honako hierarkia hau onartu beharko du hondakinak prozesatzeko lehentasunak ezartzeko: 1. Hondakinak murriztea > 2. Hondakinak berrerabiltzea > 3. Hondakinak birziklatzea > 4. Hondakinak balioztatzea > 5. Hondakinak ezabatzea.
  • Errausketa hondakinak balioztatzeko prozesua dela onartzen da, eta ez hondakinak ezabatzekoa.
  • 2013. Urteko abenduaren 12a baino lehenago estatu kideek hondakinak murrizteko programak egin beharko dituzte.

2. ESPAINIAKO HONDAKINEN ETA KUTSATUTAKO LURREN 22/2011 LEGEA

Orain dela gutxi onartutako legea da honakoa eta, zuzentarauak ez bezala, honek agindu maila dauka. Hauek dira bertan jasotako betebeharrak (ikus daitekeen bezala zuzentarauan dauden zenbait puntu jasotzen ditu):

  • 2020. urtea baino lehenago paperaren (eta kartoiaren), metalen, plastikoen eta beiraren birziklapena edo berrerabilpena gutxienez %50ekoa (pisutan) izan beharko da.
  • 2015. urtea baino lehenago papera, metalak, plastikoa, beira eta bio-hondakinak (materia organikoa) bereizita jaso beharko dira.
  • Jasotako bio-hondakinak konpostatzera edo digestio anaerobikora bideratu beharko dira. Horrela, 2016. urterako %20a eta 2020. urterako %40a izan beharko da jasotako bio-hondakinen kopurua.

3. NAFARROAKO HONDAKINEN KUDEAKETA-PLANA 2010-2020

Orain dela gutxi Nafarroako Auzitegi Gorenak atzera bota arren, Nafar Gobernua plan honen bideragarritasunarekin tematuta dago, eta ezin esan liteke guztiz bertan behera geratu denik (oraindik helegiteak aurkeztuko ote dituzten itxaron beharra dago). Bitartean, hondakinen kudeaketa ez atzera ez aurrera dago Nafarroan Nafar Gobernuak zer erabakiko duen zain. Hauexek dira plan horrek jasotzen dituen/zituen puntu garrantzitsuenak:

  • Ontzien, metalen eta bio-hondakinen birziklapena %52koa izatera iristea (bio-hondakinen birziklapena konpostatze edo biometanizazio-lantegien bitartez izan beharko dela zehazten du).
  • 2015. urtea baino lehen martxan egon beharko den balioztatze energetikorako planta* bat eraiki beharko da hiri-hondakinen eta industria-hondakin ez-arriskutsuen errefuxak tratatzeko.

*Balioztatze energetikorako planta erraustegi bat da, Europako Zuzentarauaren arabera errausketa balioztatze energetikoa baita.

Nafarroako hondakinen kudeaketa-plana zentzugabea da guztiz.

Nafarroan hondakinen kudeaketa gaur egun nahiko kaxkarra dela esaten ari naiz, baina egoerak okerrera egin dezakeela uste dut. Eta hori Nafarroako Hondakinen Kudeaketa-planak jasotzen dituen helburuetan oinarrituta esaten dut. Beheko irudian Nafarroako hiri-hondakinen egungo kudeaketa eta Europako beste herrialdeenak konparatzen ditut. Ikus daitekeen bezala, Europan asko dira haien hiri-hondakinak errausketa bidez kudeatzen dituzten herrialdeak. Nafarroa erraustegirik ez duen bakanetako bat da, eta horien artetik gehien birziklatzen duena. Kudeaketa, beraz, ez da beste herrialdeotan bezain txarra, behintzat.

Aitzitik, Nafarroako Hondakinen 2010-2020 Kudeaketa-planak agintzen duena aintzat hartuz gero 2020. urtean izango dugun egoera oso bestelakoa izango da. Plan horren arabera, prebentzioari esker %10 hondakin gutxiago sortzea espero da, birziklapenera %47a bideratuko litzateke (154.500 tona hondakin), balioztatze energetikora (errausketara) %48a (128.000 tona hondakin) eta gainontzekoa (%5a) zabortegietara. Hau da planak ekarriko ligukeena. Bada, beheko irudian ikus daitekeen bezala, gauzak horrela 2020. urtean Nafarroako hondakinen kudeaketa oraingoa baino kaxkarragoa izango litzateke. Izan ere, hondakinak errausten dituzten herrialdeen zerrendan bigarrena izango da (erraustutako hondakinen portzentajean, betiere).

Agian errausketa hondakinak kudeatzeko modu ezegokia dela arinegi esan dudala irudituko zaio norbaiti. Ez da horrela, inondik inora. Erraustegiek azpiproduktu toxikoak isurtzen dituztela gogoan dudan bitartean ari naizelako errausketa bidez hondakinak kudeatzea erabaki okerra dela esaten. Eta oso leuna izaten ari naizela ere iruditzen zait. Zeren eta errausketa prozesuan sortzen diren azpiproduktu toxiko horiek ez dira nolanahikoak ez. Hondakinak oso tenperatura handitan erretzen direnean furanoak, dioxinak eta PCB (poliklorobifeniloak) sortzen dira, produktu izugarri toxikoak (ikerlari askoren esanetan dioxinak, esaterako, minbizia eragiteko ahalmen handiena duten konposatuak dira). Gainera, prozesuaren amaieran errauts toxikoak geratzen dira. Eta kontua okerragoa da jakin badakigulako ziurrenik hondakinak Olaztiko Portland-Valderrivas zementu-enpresan erraustuko dituztela eta berez zementua egiteko diseinatuta dauden galdaretan nekez saihestuko dela konposatu toxikook airera isurtzea. Gainera, isurketak 7000 biztanle baino gehiago dituen herri batetik, 3 Natur Parketik (Aizkorri-Aratz, Urbasa-Andia eta Aralar) eta Iruñeako eta Bilboko ur edangarrien iturrietatik (Iruñea hornitzen duen Artetako iturburuaren akuiferoa Andia mendizerran dago eta Bilbok Ullibarriko urtegitik hartzen du ura) oso gertu egingo dira. 

Kezkagarria da, era berean, hondakinen kudeaketa enpresa pribatu baten esku uztea. Are gehiago, sortzen diren hondakinen kantitatea ez da murriztuko enpresak geroz eta hondakin kantitate handiagoa erretzean orduan eta diru gehiago irabaziko badu. Horrela, beraz, birziklapen tasak ez du gora egingo. Greenpeacek argitaratutako hainbat txostenen arabera, gainera errausketa garesti atera zaio horren aldeko apustua egin duten udalerri eta erkidegoei. Beheko taulan ikus daitekeen bezala, errausketa duten udalerrietan hondakinak jasotzeko eta kaleak garbitzeko gastuak beste udalerrietan baino garestiagoak dira, eta hondakinak “balioztatzeagatik” lortutako mozkinek ez dituzte galerak ekiditen. Halaber, udalerri askotan errausketak diru-galera izugarriak ondorioztatu ditu errausketa errentagarri izateko hondakinak kanpotik inportatu behar izan direlako (diru publikoa gastatuz hondakinok ekartzeko eta onura enpresa pribatuak jasoz). Nafarroako Hondakinen Kudeaketa-planari erreparatuz, ez datoz bat teorian birziklapenera bidaliko ez diren hondakinen portzentajea (kontuan hartuz materia organikoaren %52a birziklatzeko helburua dutela %10 inguru besterik ez da geratzen errefuxa moduan) eta Portland-Valderrivas enpresari errausteko emandako baimenean onartzen den hondakin-kantitatea. Nondik ekarriko dute erreko duten gainontzekoa? Hondakinak birziklatu beharrean errausketara bideratuko al dituzte?

Era berean, esan izan da erraustegi batek lana sortuko lukeela (betiko leloaren betiko leloa). Baina aipatutako txosten horietan hori gezurtatu da (ikus beheko taula). Beraz, argi dago errausketa bidezko kudeaketa bat arriskutsua eta kaltegarria dela (azpiproduktu toxikoak sortzen baitira) eta ordainetan hondakinok kudeatzeko gastuak handitzen dira eta enplegua deusezten da.

Hondakinen kudeaketaren helburuak. Nire proposamenak.

Egia aitortzearren, nik ez dakit zein den hondakinak kudeatzeko eredurik egokiena, baina iruditzen zait oraingo ereduak gabezia asko dituela. Horregatik, uste dut eredu egoki batek egokia izateko ezinbestez oraingo ereduak dituen gabeziei erantzuna eman beharko liekeela. Bada, honako hauek dira, nire ustez oraingo ereduak dituen gabezia garrantzitsuenak:

  • Hondakin kantitate handia sortzen dugu: 2011ko datuen arabera urtero 400 kg hondakin biztanle bakoitzeko, eta hori hiri-hondakinei dagokienez soilik (hau da, industriek eta eraikuntzan sortutakoak kontuan hartu gabe).
  • Sortzen ditugun hondakinen birziklapen tasa oso baxua da (ikusi dugun bezala hiri-hondakinen birziklapena %18 ingurukoa da eta eraikuntza lanetan %5a baino ez da birziklatzen). Honen arrazoi nagusietako bat materia organikoa ez jasotzea da, are gehiago hiri-hondakinen frakzio handiena suposatzen duenean. Halere, hau ez da arrazoi bakarra. Izan ere, hondakinak bereiztearen eraginkortasuna baxua da oraindik ere (5 pertsonatik batek ez ditu hondakinak bereizten). Halaber, hondakinak osatzen dituzten materialetako askoren birziklapena oso zaila da (plastikozko poltsak, material desberdin ugari dituzten ontziak…).
  • Oraingo ereduarekin errefuxak zabortegian amaitzen du. Honek arazoak sortzen ditu inguruko lur eta uretan. Izan ere euria egiten duenean zabortegian barna filtratzen den urak hondakinak deskonposatzean sortzen diren azpiproduktu toxikoak (lixibiatuak) arrastatzen ditu eta, horrela, konposatu kimikook ondoko lurretan, ibaietan edo lur-barneko uretan amaitzen dute.

Beraz, aipatutako gabezia edo arazo hauek konpontzea da hondakinen kudeaketa on batek bere egin beharko duen erronka. Nola lortu, ordea? Hori esatea zailagoa da, batez ere biztanleriaren prestutasuna eta parte-hartzea eskatzen duelako, eta gaur-gaurkoz gizarteari hondakinekin zerikusia duen edozein lan nekeza eta izugarria dela saltzen zaiolako. Ni ez nago batere ados. Uste dut hondakinen aferan arazoei buelta ematea oso erraza dela, batez ere horretarako aukera zuzen-zuzenean gure esku dagoelako, ohitura kontua besterik ez dela. Eta hori belaunaldi gazteenei erreparatuta esaten dut, haientzako hondakinak bereiztea ez da inolako lana, pentsatu ere egin gabe egiten duten gauza bat da. Ez horrela belaunaldi zaharrenen kasuan. Baina konponbidea erraza da. Prestutasuna, besterik ez. Dena dela, administrazioak aurreko gabezi horiek konpontzeko honako puntu hauek jaso beharko lituzke hondakinen kudeaketan:

1. Sortzen den hondakin kantitatea murriztu; horretarako…

  • … beharrezkoak ez diren hondakinak baztertu (gehiegizko ontziratzea…).
  • … industriaren diseinu berritu: berrerabiltzeko errazagoak diren materialak erabil daitezela (ekoizleari bere produktuek sortzen dituzten hondakinengatik tasa esanguratsu bat kobratzeak lagundu lezake).
  • … hezkuntza eta sentsibilizazio kanpainak indartu.

2. Hondakinen birziklapen-tasa handitu; horretarako…

  • … industriaren diseinu berritu: birziklatzeko errazagoak diren materialak erabil daitezela (ekoizleari bere produktuek sortzen dituzten hondakinengatik tasa esanguratsu bat kobratzeak lagundu lezake).
  • … bio-hondakinak (materia organikoa) frakzioa ere jaso.
  • … hezkuntza eta sentsibilizazio kanpainak indartu.

3. Hondakinen kudeaketak ez dezala azpiproduktu toxikorik sortu, ez zabortegietako lixibiatu moduan ez eta erraustegietako dioxina, furano edo errauts toxiko moduan ere.

Bideoak


Estekak

La puerta de atrás de la incineración de residuos - Greenpeace
La incineración de residuos en cifras - Greenpeace
Incineración de residuos: una tecnología muriendo - Gaia


Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...