Karbonoaren hirugarren aroaren atarian gaude
Ez ezazue sinetsi energia berriztagarrien arorantz goazenik.

Ardura zaitez! bloga | 2013/08/26 (azken aldaketa: 2013/08/27 ) | Egilea: | Bisitak: 1413
Gako hitzak: energia

Klima aldaketari buruzko aferan ezer ez da dirudien bezalakoa. Edo hobe esanda, ezer ez da esaten diguten bezalakoa. Energia berriztagarriak petrolioaren aroa ordezkatzera datozela sinestarazi nahi digute. Obamak berak hala adierazi zuen ekainean eskainitako hitzaldi batean: "energia fosilak beharko ditugu oraindik, baina pixkanaka energia berriztagarriek ordezkatuko dituzte". Iritzi hori bera partekatzen dute hainbat adituk ere. Haien esanetan eguzki- eta aire-energiak pixkanaka atmosferara isurtzen ditugun negutegi efektuko gasak murriztea bermatuko dute. Ordea, egoera oso bestelakoa da. Energia garbietara hurbildu beharrean, karbonoaren hirugarren aroaren atarian gaude: ezohiko petrolio eta gasaren aroa.

Geroz eta herrialde gehiago dira petrolioa eta gasa erauzteko orain arte erabiltzen ez ziren metodoak erabiltzen hasi direnak. Gasa lortzeko, adibidez, haustura hidrauliko edo fracking izenez ezagutzen den metodoa baliatzen hasi dira leku askotan, eta gurean ere horretarako proiektuak badaude. Bestalde, Venezuelan eta Kanadan petrolio-hareetatik petrolio astunaren erauzketa prozesuak areagotzen ari dira. Izan ere, orain arte baliatutako gas eta petrolio iturriak agortzen ari omen dira, eta horrek orain arte etekingarriak ez izanagatik errefuxatutako metodoak erabiltzea eskatzen du erregai fosil hauek erabiltzen jarraitu ahal izateko.

Halaber, Energiaren Nazioarteko Erakundearen (ENE) esanetan munduan erregai fosilak erauzteko inbertsio metatua 22.870 bilioikoa izango da 2035. urtean; energia berriztagarriena, ordea, 7.320 bilioi (energia nuklearra barne). Hau da, energia ez-berriztagarrietan energia berriztagarrietan baino 3 aldiz diru gehiago gastatuko da. ENEren esanetan, gainera, mundu osoan erregai fosilen eskaria %26 handituko da 2035. urterako.

Datuek argi uzten dute, beraz, oraindik energia berriztagarriak nagusi izango diren eredu energetiko batetik oso urrun gaudela. Eta horrelako egoera batean geroz eta negutegi efektuko gas gehiago isurituko da atmosferara. Neurriak hartzen ez baditugu, laster Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen aurreikuspen ezkorrenak baino egoera latzago batean egongo gara.

Karbonoaren aroak
Karbonoaren lehen aroa XVIII. mendean hasi zen, lurrun-makina asmatu zenean. Izan ere, lurrun-makina martxan jartzeko erregai gisa ikatza erabiltzen zen. Hasieran soilik industrian erabiltzen bazen ere, laster garraiobideetara eta elektrizitatera iritsi zen.
Karbonoaren bigarren aroa, petrolioaren aroa, 2. Mundu Gerraren ondoren hasi zen. Hasieran argiztapenerako erabiltzen zen, baina kotxea ugaritzen hasi zenean laster munduko lehen energia-iturri bihurtu zen. 1950. urtean egunean 10 milioi upel kontsumitzen ziren; 2000. urtean, aldiz, egunean 77 milioi upel.

 

Estekak

International Energy Agency
La tercera era del carbono - Rebelión aldizkaria


Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...