Kontsumo ekologikoa? Ez, eskerrik asko.

Ardura zaitez! bloga | 2012/01/16 (azken aldaketa: 2012/01/16 ) | Egilea: | Bisitak: 1130

Zaila da Iruñean gertuko produktuak lortzea. Gehienetan urrunetik ekarritakoak kontsumitzera behartuta gaude Iruñea inguruan ez delako ia ekoizlerik geratzen. Produzitzea iada ez da etekingarria, ezin da kanpoko eskaintzari aurre egin eta lurrak bertan behera uzten dira.

Nik ezin dut ulertu. Nola liteke posible Malagatik ekarritako letxugak Iruñean bertan produzitutakoak baino merkeagoak izatea, adibidez? Produktu batzuen ekoizpena merkeagoa izan daiteke beste leku batzuetan (gehienetan produktu transgenikoak izaten direlako), baina gobernuek produktuoi distantzia-tasak ezarri beharko lizkiekete. Bestela, ez ginateke produktu horiengatik benetako prezioa ordaintzen ariko, produktu horiek ekoizteak eta gureganaino ekartzeak duen benetako kostua.

Gure etxetik gertu ere produzitu arren urrutitik ekarritako produktuak kontsumitzen baditugu ez dugu gure gertuko nekazarien lana balioesten. Eta ez da ekologikoa, kanpotik ekarritako produktuen garraioan negutegi efektuko gasak ekoizten direlako.

Baina zaila da kanpoko produktuak ez kontsumitzea. Sistema kapitalistak merkatu librea bermatu behar dela dio, produktuei ezin zaiela gainkosturik ezarri. Eta horrela funtzionatzen duen sistema baten kontra joatea benetan zaila eta nekagarria da.

Halere, zenbait lekutan lekuko ekoizleak geratzen dira oraindik ere. Guregandik gertu ekoiztu eta gertu saltzen dutenak. Ekologikoki kontsumitzea bermatzen digutenak. Eta Iruñean ere bazeuden (badaude) batzuk; Arantzadiko meandroko baratzak, adibidez. Baina Iruñeko Udalak Arantzadi hiri-parke bihurtzea erabaki du.

Nola egingo dugu kontsumo arduratsu eta ekologiko baten alde orain? Orain arte zaila bazen, orain are zailagoa izango da. Baina hiritar askok nahiago dute urtean bitan gehienez bisitatuko duten parke bat, eta ez ikustera (eta are gutxiago erostera) inoiz gerturatu ez diren baratz eremu bat.

Ardura zaitez!

Oharra. Egizu Arantzadiko baratzen alde ondoko helbidean:

http://actuable.es/peticiones/salvemos-arantzadi-y-sus-huertas-la-construccion-un-parque

 



Comments (1)

  • Marko Txopitea

    Marko Txopitea

    30 April 2012 at 11:00 |
    Artikulu interesgarria. Eskerrik asko.

    Jakitnzazu Actuableko esteka ez dabilela.

    Ondo segi.

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...