Zer da mugikortasuna jasangarria? Ba al dago mugitzeko modu jasangarririk? Iragarkietako kotxe ekologikoena al da garraio jasangarria? Zer da ekologikoa izatea? Eta hiriko garraio publikoa ekologikoa al da? Hirien eredu urbanistikoak kutsatu gabe bidaiatzea bermatzen al du? eta garraio-politikak garraio jasangarriaren alde egiten al du?
Energia elektriko nuklearra erabiltzen duten kotxeak berdeak direla saldu nahi digute; autobus zerbitzu xumeak edukitze hutsarekin hiritarrok kotxeak alboratuko ditugula sinistarazi nahi digute; espaloi galduetan marra ziztrin batzuk margotuta jendeak lanera txirrindularekin joateko nahikoa erraza duela esaten digute. Horrelakoak dioskuten ahotan mugikortasun jasangarria, garraiobide ekologikoak, berdeak... bezalakoek esanahia galdu dute. Ez baitakite zertaz ari diren. Ez dute zertaz ari diren jakin nahi.
Nire lanean Iruñerrian zehar gora eta behera ibili behar izaten dut, ikastetxez ikastetxe ingurugiroari buruz mintzatzen. Eta aspaldi konturatu nintzen ingurugiroa errespetatzeari buruz ezin hitz egin nezakeela neronek errespetatzen ez banuen. Horrek bultzatu ninduen txirrindula erabiltzera, eta orain nire bidaia gehienetan hori da nire garraiobide nagusia. Ordea, badakit jendearen jarrera oso bestelakoa dela.
Hori dela eta, honakoan egitasmo baten berri ematera natorkizue: egunero txirrindulaz, oinez ala autobus zerbitzu publikoan egiten ditudan kilometroak apuntatuko ditut, eta kotxea ez erabiltzeagatik aurrezten noan dirua kalkulatuko dut. Horrela, hilabetez hilabete kotxea ez erabiltzeko erabakiagatik irabazten dudan diruaren berri emango dizuet. Oso erraza da, erregaiaren prezioa, kotxeen batez besteko kontsumoa eta autobus txartelaren prezioa besterik ez da aintzat hartu behar.
Nire kalkuluetarako Iruñerriko Mankomunitatearen datuak erabiliko ditut. Horien arabera, ibilgailuek hirietan 0,1 litro erregai kontsumitzen dute kilometroko. Halaber, kotxe bakoitza batez beste 1,2 pertsonek erabiltzen dutela ere onartu dut, iturri bereko datuetan oinarrituta.
Animatu zaitezte eta parte hartu zeuok ere. Horretarako hemen uzten dizuet nik erabiliko dudan excel orria. Ez izan lotsarik eta eman zuen aurrezpenaren berri!