"Produktu ekologikoak ez dira osasungarriagoak ezta jasangarriagoak ere. Pijoak besterik ez"
Jose Miguel Mulet bioteknologoak iritzia lege bihurtu nahi izan du.

Ardura zaitez! bloga | 2012/05/13 (azken aldaketa: 2012/05/13 ) | Egilea: | Bisitak: 927
Gako hitzak: ekologia, ekologikoa, iritzia, produktu ekologikoa, ustea

Batzuetan ahaztu egiten zaigu pertsonak garela. Sentimenduak, pentsamenduak eta iritziak dauzkagula, alegia. Eta gainontzekoek bezalaxe geuk ere akatsak eta gaizki ulertuak ere izan ditzakegula. Horregatik kontu handiz, ondo zehaztu behar dira zeintzuk diren egi borobilak eta zeintzuk gure usteak.

Hori da kontua. Nik, esaterako, iritzi asko dauzkat. Batzuk ikasketetan oinarrituta eta beste batzuk ez.. Eta badakit iritzi horietako asko ez dituztela nire ikasketa berdinak egin dituztenek partekatzen. Are gutxiago nik ikasi ditudanak ikasi ez dutenek. Nire usteak direlako hain zuzen ere. Eta hori dela eta ez dut besteek nire usteak (guztiak bederen) partekatzerik espero.

Eta hori aberasgarria da. Bakoitzak bere iritzia edukitzea, eta gizartearen usteak guztion iritziekin hezurmamitzea. Baina badago jendea haien iritzia besteenaren gainetik kokatzeko nahia izaten duena. Egia, bat eta bakarra. Larriena zera da, iritzia lege bihurtzeko, iritzi izaera hori deusezteko argudio hutsalak erabiltzen direla zenbaitetan.

Banoa harira. J. M. Mulet bioteknologoa da. Berak eskainitako elkarrizketa batean honako esaldi potoloak bota ditu: "produktu naturalak, hori iruzurra", "ustiapen ekologikoak besteak baino txikiagoak direnez kontrolatzeko zailagoak dira", "higienikoki arriskutsuak dira azoketan saltzen direlako"...

... . Mutu geratzen zara hitzok irakurtzean. Baina, tira, bere iritzia da. Beste iritzi bat besterik ez. Zurea eta nirea bezain zilegia. Horren zilegia ez dena bioteknologo izaera erabiltzea da iritzi huts bati oihartzun handiagoa atxikitzeko. Jendeak pentsa baitezake bioteknologoa denez horri buruz besteok baino gehiago dakiela.

Beraz, eutsi iezazue zeuon iritziari, iritzia den horretan zilegia baita. Baina, kontuz, ez itzazue iritziak egi bakarraren jantziarekin mozorrotu, usteak usteltzeko arriskua baitago.  Hori da, behintzat, nire iritzia.

Estekak

http://www.elmundo.es/elmundo/2011/07/08/valencia/1310121673.html


Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...