Uholdeei buruz gauza bat argitu behar dizuet

Ardura zaitez! bloga | 2012/10/26 (azken aldaketa: 2012/10/27 ) | Egilea: | Bisitak: 918
Gako hitzak: ibai, uholde

Uholdeei buruz gauza bat argitu behar dizuet
Baztan ibaia gainezka Elizondon. | Irudia: Diario de noticias

Jainkoaren haserrea dela dioenari ez naiz ni oker dagoela esango diona. Ezta Amalurra euskal jainkosaren indar erakustaldi bat dela dionari ere. Egia esan, hala ere badela pentsatzea gustatzen zait. Baina egunotan ikusi (edo ikusiko) ditugun uholdeek bestelako azalpen bat ere ukan dezakete.

Hilabete batzuk badira Iruñerriko eskolekin ingurumen hezkuntzan lanean nabilela, eta askotan ikasleekin ibaira hurbiltzen naiz. Horrelakoetan ibaiko ura nondik datorren galdetzea gustatzen zait, eta asko dira ur hori hodeietatik euri moduan jausi dela esaten dutenak. Hurrena ibaiaren ubidea beti berdina ez dela azaltzen diet, ibaiak ez dakarrela beti ur-kopuru bera eta ur gehiago dakarrenean ibaiak lur gehiago hartzen duela. Eta hori urtero gertatzen dela, edo bi urtetan behin, edo auskalo noiz. Baina ez dela gauza berria, beti gertatu izan den dinamika natural bat dela. Horrelakoak entzuten dituztenean aho bete hortz geratzen dira: nola, urtero (edo hainbat urtetan behin) ibaiak gainezka egiten duela gauza jakina al da?

Arrazoia dute. Ez dirudi jendeak ibaiak gainezka egiten duela dakienik. (Ezta agintean daudenek ere) Are gutxiago agintean daudenek. Egunotako irudiek herriak urez inguratuta erakutsi dizkigute. Baina irudi gutxik salatzen du herri horietan gehienetan/guztietan ibaia zeharo kanalizatu egin dela etxeak ibai bazterreraino bertaraino egitearren. Lehen ibai-bazterretako lurretan baratzak edo landa-soroak izaten ziren, eta ibaiek baratzak edo soroak hartzea ez zuen sarraski handiegirik ondorioztatzen. Kontrara, uholdeek ibai inguruetako lurrak ongarritzen zituzten. Orain, ordea, ibaiaren ubidea kanal barregarri batekin mugatzen da. Ez al dakite ibaiak hainbat urtetan behin gainezka egiten duela (baita kanalaz gaindi ere)?

Euri-ura mendietatik, basoetatik, lurretik labaindu eta ibaietan pilatzen dela ere esaten du ikasleren batek. Azken hori gutxiagok ordea. Ekosistemek nola funtzionatzen duten lehen hezkuntzan ikasten hasten dira: izaki bizidunak, haien arteko harremanak, ekosistemen energia eta materiaren fluxuak... Beraz badakite euriarekin jausten den ura ekosisteman sartu eta bertako izakiek (landareek batez ere) probesten dutela. Euri-uraren zati handi bat ekosisteman bertan geratzen dela. Ez dela ibaira joaten. Gustatuko litzaidake une batez telebistan gainezka egin duten ibaietan gora dauden lurren irudiak ikustea. Ziur nago haietan ekosistema naturalak oso gutxitan ikusiko ditudala. Haien ordez lur-biluziak, pinuz bakarrik osatutako sasi-baso edo zuhaitz-landaketak, goraino beteta dauden urtegiak... ura xurgatu eta ibaira doan uren kopurua gutxituko duen ekosistemarik ez ordea.

Eta agintariek? Noiz ahaztu dituzte haiek oinarrizko gauza hauek? Enpresa eraikitzaileek neurrigabe ibairaino bertaraino eraikitzeko baimen eske mahai gainean sekulako dirutzak jarri dizkietenean? Bertako basoak mantendu beharrean etekin ekonomiko hutsa helburu duten pinu-landaketak euren lurretan baimentzeko legeak moldatu behar direla ohartzean?

Badago galdera bat ikasleek egiten didatena eta sekula erantzuten jakin izan ez dudana. Agian ez naizelako ni galdera horren erantzuna duena. Hau guztia gauza jakina bada, zergatik ez dituzte agintariek gauzak aldatzen uholdeak sarraski ez baizik eta dinamika natural izaten jarrai dezaten? Hori aldatzen ez den bitartean telebistan sarraskien irudiak besterik ez ditugu ikusiko.



Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...