Zentzugabekeriak

Ardura zaitez! bloga | 2012/08/17 (azken aldaketa: 2012/08/18 ) | Egilea: | Bisitak: 917
Gako hitzak: bardeak, haize-errota, tiro-poligonoa, zentzugabekeria

Zentzugabekeriak

Petrolioak enegiarekin aberastu nahiaren zentzugabekeria argi utzi du. Baina ustelkeria energia berriztagarrien alorrera ere iritsi da aspaldi. Azken pasartea bardeetako egitasmoa da: haize-energiaren irudi berdea naturaren kalterako erabiliko da.

Energia berriztagarriek etorkizuna bermatzen dutela esaten ohi zaigu; ez direla agortzen eta ez dutela berriztaezinek adina kutsatzen. Baina ez daude asmo txarretatik babestuak. Izan ere, salerosketa bilakatzen diren gauza gehienetan bezala hauekin ere mozkinak dira helburu bakarra. Eta honakoan badirudi mugak inoiz baino meheagoak direla: natura babesten dutela esan natura besteek bezainbeste kaltetzeko.

Bardeak Biosferaren Erreserba dira. Baina ez ohi dira hainbestetan goraipatzen geurean. Ez behintzat Urdaibaiko Biosferaren Erreserba adina. Ez dut ingurune bat beste baten kaltetan laudoriotu nahi, baina zona hura ahaztuta daukagula iruditzen zait. Ez litzaioke inori Euskal Herriaren mapa irizpide politikoekin kamustea irudituko. Alegia, aldarrikapen geografikoetan ongi markatuta zehazten dugu Nafarroaren hegoaldeko muga ere. Baina balio naturalak mendialdetik edo atlantiar eremutik haratago gutxitan aipatzen zaizkigu, eta bardeak ere euskal eremu direlaren aitorpena nazio arrotz baten tiro-praktikak kentzeko eskaeran amaitzen zaigu.

Ordea, bardeetako paisaia lehen begiradan basamortu bat baino gutxi gehiago iruditu ahal bazaigu ere, bertan Euskal Herrian beste inon aurkitu ezin daitezkeen animali eta landareak bizi dira. Eta horregatik bardeak Biosferaren Erreserba izendatu ziren (bai eta Hegaztientzako Babes Bereziko Gune ere, besteak beste).

Zentzugabekeria eremu horrean tiro-poligono bat jartzearekin hasi zen. Bai, tiro-poligono bat! Eta bertan tarteka bonbak botatzen dituzte. Balizko Guggenheim berri batera doazen turista axolagabeek baino askoz ere kalte gehiago egiten duten bonbak. Ez dut esan nahi lehenengoa hutsaren hurrengoa denik. Baina tiro-praktikak egin behar dituztelako bapatean, eskola-irteera baten erdian, eremutik botatzen dituztenean haurren izu-aurpegiek ondo irudikatzen dute bardeetan egiten ari diren basakeria. Haur horiek autobusa izango dute babesleku. Bitartean, bardeetako flora suntsitzen jarraituko dute. Eta hegan alde egiten saiatzen diren hegaztiak bardeetako haize-errotetan hilko dira.

Albistea: Bardeetan haize errotak jartzeko asmoa du Nafar Gobernuak



Leave a comment

Please login to leave a comment.

Ardura zaitez!

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...