Hasteko, ilunabar bat
Eta agur bat guztioi

Objektibotik bloga | 2011/11/30 (azken aldaketa: 2011/11/30 ) | Egilea: Antton Alberdi | Bisitak: 1604
Hasteko, ilunabar bat
Añelarra iluntzean; ortzimugan Ori mendia.

Ilunabar bat. Hasteko, ilunabar bat. Kursia batzuentzat, agian; egokia, besteentzat, akaso. Biak aldi berean eta bietako bat bera ere ez, niretzat.

Ilunabarrak zentzu berezia du niretzat, udan eguna hasten baitut orduan, eta neguan eguna bukatu. Urtaroaren arabera zentzu antagonikoa duela esan daiteke; udan lanean ilunabarrarekin batera hasten bainaiz, eta neguan ilunabarrarekin batera bukatzen baitut. Bi kasuetan, hala ere, gustuko dut ilunabarra, eta horrexegatik aukeratu dut duela hiru bat urte Añelarran (Nafarroa) ateratako argazki hau ibilbide berri honi ekiteko.

Asmoa, noizean behin argazki baten inguruan hitz egitea da. Argazkiari tripak atera, eta non, nola, zergatik, zer teknikarekin... aterata dagoen azaltzea. Postprodukzioari ere arreta berezia  jarriko diot, paisaien kasuan, batez ere.

Horrenbestez, hitz egingo dugu kamerez, hitz egingo dugu animaliez, hitz egingo dugu HDR-az, hitz egingo dugu bit-ez, hitz egingo dugu CMOS-az eta CCD-az, hitz egingo dugu hodeiez, hitz egingo dugu jpg-az, tif-az eta exr-az, hitz egingo dugu eremu sakoneraz; hitz egingo dugu, azken finean, natura-argazkilaritzaz.

Eta gustatuko litzaidake, zaila dirudien arren, zuen parte-hartze aktiboa: zuzenketak, galderak, iruzkinak, dudak, bronkak, jaleoak... zenbat eta gehiago, hobeto. Izan ere, garai digital honetan argazkilaritzak izan duen gorakada ez da makala izan, eta guztion artean guztiontzako zerbait egin bagenezake, ezin hobeto. Nik nire konpromisoa hartu dut; hazia jarriko dut hainbat egunean behin, eta ea zer ernetzen den bertatik.

Bitartean, ondo izan.

 


Leave a comment

Please login to leave a comment.

Objektibotik

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...