Melitea trivia eta flasharen sinkronizazio-abiadura
Zergatik dago obturazio-abiadura mugatuta flasha erabiltzean?

Objektibotik bloga | 2012/04/29 (azken aldaketa: 2012/04/29 ) | Egilea: Antton Alberdi | Bisitak: 1623
Melitea trivia eta flasharen sinkronizazio-abiadura
Melitea trivia tximeleta kameraren flasha erabiliz erretratatuta

Argazkiak atera zale garen guztiok galdetu diogu inoiz geure buruari zergatik dagoen obturazio-abiadura mugatuta flasha erabiltzean. Gauez arazorik sortzen ez duen arren, egun argitan buruhauste bat baino gehiago sortu izan dio noiz edo behin kontu honek argazkilari orori. Melitea trivia tximeletaren argazki bat lagun hartuta, flasharen sinkronizazio-abiaduraren zergatien inguruan jardungo gara blogeko sarrera honetan.

Flashak askotan gauarekin lotzen ditugun arren, egunez ere balio handia dute argazkilaritzan. Eguzkiaren argia nagusiki norabide bakar batetik jasotzen denez, itzalak sortu ohi dira argazki askotan, eta detaile asko ezkutuan geldi daitezke argi falta hori dela eta. Kasu honetan, tximeletaren hegoen azpialdeko koloreak eta formak argitzeko Nikon D90 kameraren flash inkorporatua erabili nuen TTL moduan (automatikoa). Flasha erabiltzeko, ordea, obturazio-abiadura 1/200 segundora (sinkronizazio-abiadura maximora) jarri behar izan nuen kamerak hala behartuta. Baina, zer dela eta dago mugatuta flasharen sinkronizazio-abiadura?

Flasharen sinkronizazio-abiadura (F-sync)

Flasharen sinkronizazio-abiadura maximoa, flasharekin erabil daitekeen obturazio-abiadura azkarrena da, normalean 1/200 edo 1/250 abiaduran egon ohi dena. Flasha erabiltzean obturazio-abiadura mugatua izatearen arrazoia Single-Lens Reflex (SLR) edota Digital Single-Lens Reflex (DSLR) obturadoreen –gaur egungo reflex digital ia guztiek darabilten sistema- funtzionamenduaren ondorioa da. Obturadore horiek bi kortinaz osaturik egon ohi dira –irekieraren eta itxieraren erantzule dira bakoitza-, eta biek tandem gisa jokatzen dute kameraren sentsorera igaroko den argi kantitatea mugatzeko (ikusi obturazio-abiadura eta diafragmaren irekidura).

Kortina horien funtzionamendua ezberdina da sinkronizazio-abiadura maximoa baino abiadura motelagoetan eta abiadura azkarragoetan.

Abiadura moteletan (1/4)

Esposizio luze bat egitean, demagun 1/4 segundo, lehenengo kortina oso azkar irekitzen da argia bastidore osoa zeharkatuta sentsorera iristea ahalbidetuz. Segundo laurden bat (1/4) pasa ostean, bigarren kortina oso azkar ixten da, eta hala esposizioa amaitzen da. Mekanismoak horrela funtzionatzen du edozein obturazio-abiaduran, harik eta sinkronizazio-abiadurara iritsi arte; hots 1/250 (adibidez) baino azkarragoak diren obturazio-abiaduran aipaturiko mekanismoak ez du esan bezala funtzionatzen.

Abiadura azkarretan (adb. 1/1000)

Sinkronizazio-abiadura maximoa 1/250 den kasuetan, kortinek irekitzeko eta ixteko 4 milisegundu (1/250) behar dituztela esan nahi du. Hori baino obturazio-abiadura azkarragotan, ondorioz, bigarren kortina lehenengoa guztiz irekita egon baino lehenago hasten da ixten. Hala, azkenean sentsore osora argia igaro arren, momentu batean ere ez da bastidore osoa irekita egoten. Hori da, hain zuzen, flasharen sinkronizazio-abiadura mugatzen duena.  

Flash-izpi baten abiadura, normalean, obturazio-abiadura baino askoz ere azkarragoa izan ohi da (1/50.000-raino). Sinkronizazio-abiadura maximoa baino obturazio-abiadura azkarragoetan, flasharen argia jasotzerakon momentuan bastidorearen zati bat bakarrik legoke irekita, eta gainerako zatian ez litzateke argirik sartuko. Beraz, abiadura horietan argazkiaren beste zatia beltza izango litzateke. Horrexegatik, gama altuko kamerek baxukoek baino kortina azkarragoak dituzte, eta obturazio-abiadura handiagoaz gain (1/8000 arte), sinkronizazio-abiadura handiagoa ahalbidetzen dute (1/500 arte).

Egun argitan flasha erabiltzean obturazio-abiadura moteltzera behartuta gaudenez, diafragmaren irekidurarekin edo sentsibilitatearekin  konpentsatu behar izaten da esposizio-balioa, horrek dakartzan arazoekin. Hori, ordea, beste baterako utziko dugu.

Melitea trivia eta flasharen sinkronizazio-abiadura
Hesperia comma tximeleta kameraren flasha erabiliz erretratatuta




Comments (1)

  • Eneko Aspillaga

    Eneko Aspillaga

    19 May 2012 at 10:54 |
    Benetan interesgarria, Antton! Behin baino gehiagotan galdetu izan diot neure buruari muga horren zergatia, eskerrikasko azalpen argi honengatik!

    reply

Leave a comment

Please login to leave a comment.

Objektibotik

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...