Ametza
Quercus pyrenaica

Ametza, haritzaren familiako zuhaitza da. Zuhaitz hauek, mendi garaien hegoaldeko magaletan hazten dira, euriaren hezetasunetik babesturik. Gainontzeko Quercus-etatik bereizten dituen ezaugarririk nabarmenena, hostoak estaltzen dituen ile fin zurixkaz osaturiko geruza da. Ezkurrak, bestalde, oso txorten laburretatik ateratzen dira. Maiz, ametzen oinaldeak txilarrez estalita egiten dira. Zuhaitz honek Ametzagaina mendiari ematen dio izena. 

Quercus pyrenaica

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Hamamelidae
Ordena
Fagales
Familia
Fagaceae
Deskribatzailea
Willd. (1805)
Estatusa
ne

Morfologia

Ametza, 25 metrorainoko zuhaitza da, normalean txikiagoa izaten den arren. Enborrak oso forma irregularra izaten du, oinarritik adarkatzen delarik hasieran, nahiz eta garatu ahala beherago dauden adarrak galtzen doazen. Enbor-azal leuna dute, kolore berde-grisekoa lehen bi edo hiru urteetan, baina gris ilunagoa gero. 25 urte baino gehiago dituzten ametzen azala, berriz, lodiagoa bilakatzen da, longitudinalki zartatzen hasten da eta kolorazio arrea hartzen du.

Sustrai-sistema, sustrai nagusi batez osatzen da eta honetatik aurrera sustrai lateral txikiagoak garatzen dira, lur gainazaletik hurbil hazten direnak. Estoloi hauek, garapen maila desberdinetako kimu aereoak sortzen dituzte. Enbor nagusia mozten bada, kimu hauen garapena asko azkartzen da, lur-azalera handiak bete ditzaketelarik.

Hostoak

Ametzaren adakera lobulatu edo subesferikoa da, bihurria eta bakandua.

Hostoek peziolo motza dute (25 mm-rainokoa) eta linbo pinnatifidoa edo pinnatizatitua, hau da, 4-8 pare albo-lobuluz osatua, irregular, estu eta sakonak direnak (ia erdi nerbioraino hondoratuak). Hostoek 7-16 cm luze dituzte, eta bihotz forma oinarrian. Jaiotzean kolore gorri bizia dute eta bi aldeetatik izar formako ilez estalirik egoten dira. Gainaldeko ileak, ordea, galtzeko joera dute, kolore berde biziagoa lortuz, eta kolore hauskaragoa mantenduz azpikaldean.

Ametzak hosto martzestenteak ditu, hau da, udazkenean gorritzen diren arren zuhaitzean mantentzen dira, udaberrian berriek ordezkatzen dituzten arte.

Loreak

Ametzaren loreak sexu bakarrekoak dira, eta ez oso deigarriak. Lore ar zein emeak oinarri beretik garatzen dira eta Quercus generoaren lore tipikoak dira, udaberri hasieran agertuz, lehenengo hostoak ateratzen hasi aurretik. Loreak hori edo berde argi kolorekoak dira. Lore arrak gerba motako infloreszentziatan hazten dira eta emeak, txorten luzeko multzo txikitan.

Lore ar mota hauek airearen bidezko polinizaziora moldaturik daude, 4-8 cm-ko luzera dute, forma zilindrikoa eta adarretatik zintzilik agertzen dira polena askatuz. Ametzaren lore arrak 5-8 laziniako multzotan elkartzen dira. Lore ar bakoitzak ezkata trilobulatu bat du eta honen barruko aldean txertatzen da 5-7 gingil obatu eta iletsuko perigonioa, lazinia ilegabe eta estamin luzerekin (4-10 estamin izan ditzake baina arruntena sei izatea da). Estaminek antera bilotsuak dituzte eta filamentuen tamainakoak izaten dira.

Lore emeak buruxkatan antolatzen dira (hirunaka edo launaka) eta azken urteko adartxoetatik aurrera garatzen dira. Estiloak laburrak dituzte eta oinetik dibergenteak. 4-6 lobulu bilotsuko periantoa dute. Ginezeoak estilo linear-klabiformeak ditu, oinarritik dibergenteak.

Fruituak

Haritzen fruituak ezkurrak dira, uda hasieran agertu eta iraila-urrian heltzen direnak. Ezkurra glande motako fruitua da, forma oboideokoa, 1 cm-koa eta hasieran kolore berde argia azaltzen duena, nahiz eta geroago marroixa bihurtzen den. Ametzaren ezkurrak, pedunkulu motz baten (3-4 cm) puntan hazten dira, luzangak dira (2,5 cm luze ingurukoak) eta txortenak fruituaren herena edo erdia estaltzen du, txapela moduko bat osatuz: karloa. Ametzaen karloa  8-15 x 10-20 mm-koa da, bilotsua, eta bertan ezkata latzak ageri dira.

Fruituak 1-2 ezkurreko taldetan edo banaka hazi daitezke baina beti ere pedunkulu bakarretik eratortzen direlarik. Ezkurrak elikagai-iturri garrantzitsua dira zenbait animaliarentzat.

Askotan ale helduek zezidio izeneko protuberantziak dituzte, fruitu itxura har dezaketenak baina benetan, tumore modukoak direnak, eta zuhaitzak garatzen dituenak liztorrek kimuetan txertatutako larben defentsa-mekanismo modura.

Antzeko espezieak

Quercus humilis

Ametz ilaundunarekin nahas daitezke ametzaren hostoak, bienak baitira iletsuak azpikaldetik. Hala ere, ametz ilaundunaren hostoek lobulu gutxiago dituzte eta ez horren sakonak. 


Quercus sp.

Quercus generoko espezieak erraz hibridatzen dira eta askotan zaila suertatzen da espeziea bereiztea.

Banaketa

Ametza eskualde mediterranearreko mendebaldean aurkitzen da. Iparraldean, Frantziako mendebalderaino iristen da eta aldiz, hegoaldean soilik Afrika iparraldean aurki daiteke, bereziki Marokon.  Iberiar Penintsulako barnealdean nahiko arrunta da, bereziki iparmendebaldeko mendialdeetan (hortik bere izen espezifikoa, Q. pyrenaica) eta Sierra Nevadan.

Euskal Herrian haritz kandudunarekin baso mistoak eratzen ditu eta ipar Euskal Herriko kostaldean zehar zabaltzen da, Britaniaraino iritsiz. Araban arrunta da Izkiko Parke Naturalean, Bizkaian Luzuero mendian, Gipuzkoan Jaizkibelen, Igeldon eta Itziarren eta Nafarroan Mendieder eta Ekaitza mendietan.

Quercus pyrenaica Quercus pyrenaica

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Tilia cordata
Ezki hostotxikia
Ulmus glabra
Zumar hostozabala
Cornus sanguinea
Zuhandorra
Alnus cordata
Haltz italiarra
Sorbus aucuparia
Otsalizarra
Sorbus aria
Hostazuria


Ekologia

Argitasun handi-ertaina behar duen espezia da, silizikola eta basifugoa. Lur desberdinetan hazi daiteke (kuartzitak, harearriak, mikazitak, gneisak, granitoak eta hare buztintsuak), baina ez da oso arrunta lur kalizo deskaltzifikatu edo dolomitikoetan. Tenperatura epelak behar ditu eta lur lehor edo hezeak, azidoak (pH 3,5-5,5) eta nitrogenoan txiroak.

Fenologia

Zuhaitz honen loreak apirila edo maiatzean agertzen dira normalean, nahiz eta ekaina hasieran ere ikus daitezkeen batzutan. Uda hasieran ezkurrak garatzen hasten dira baina ez dira iraila-urrirarte heltzen.

Erabilerak

Bestelako haritzek baino kalitate eskasagoko egurra du, enbor meharragoak eta irregularrakoak. Hori dela eta, trenbide-trabesak eta habeak egiteko erabili da. Hala ere, sustraietatik aurrera kimuak garatzeko ahalmena dela eta, ikatzerako dexente ustiatu den zuhaitza izan da.

Bere generoko zuhaitzek bezela, tanino kantitate handiak ditu eta larruak zurratzeko erabili izan da.

Gainera, ezkurrak abereak elikatzeko erabiltzen dira, nahiz eta arte zein artelatzarenak egokiagoak diren.

Kontserbazioa

IUCN erakundeak ez du espezie honen kontserbazio-egoera aztertu.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/01/04 | Azken eguneraketa: 2014/09/16 | Bisita-kopurua: 3814 | Argazki nagusia: Maite Lopez de Arbina

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...