Ezki hostozabala
Tilia platyphyllos

Europa erdialde zein hegoaldeko banaketa duen zuhaitz hostogalkorra da, 30 metrotako garaierak lor ditzazke eta Tilio-Acerion aliantzako zuhaitz ezaugarri bat denez, mendi sakanetako baso higrofilo eta esziofilo mistoak sortuko ditu.Ale heduen enborra zuri-grixazka koloreak ditu eta zartatua izaten da, hosto obatuak ditu punta akuminatu batekin, eta ertza zerratua dute. Gainaldea berde ilun ilegabea duten bitartean, azpikaldean ile zurixkak dituzte eta loreak zima erako infloreszentzia zintzilikarietan garatzen dira. Braktea horixka haundi bat dute infloreszentziaren pedunkuluan eta loreak usaintsuak eta zurixkak dira. Loreak infusio lasaigarriak egiteko erabiltzen direlako da batik bat ezaguna zuhaitz espezie hau, baina apaingarri bezela erabiltzen da eta zura altzariak egiteko zein zuntzak ateratzeko preziatua da ere.Udazken hasieran heltzen diren fruituei bost saihets nabarmentzen zaizkie eta iletsuak dira. Hazien bidez hazten dira baina germinazio prozesu zaila dutenez tratamendu bereziak jaso behar dituzte germinatu ahal izateko. 

Tilia platyphyllos

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Malvales
Familia
Tiliaceae
Deskribatzailea
Scop.
Estatusa
ne

Morfologia

30 metrotako altuera lor dezakeen zuhaitz hostogalkor honek enbor zurixka du eta heldutasuna lortzean longitudinalki zartatu egiten da.

Adaxka gazteak gorrixka eta iletsuak ditu, eta bertan garatzen diren kimuek  6 milimetro inguru neurtzen dute, iletsuak dira eta hiru ezkata aurkezten dituzte. Zuhaitzeren adaburua zabala eta erregularra da. 

Hostoak

6-14 zentimetroko luzeerak lortzen dituzten hostoak dituzte eta zabaleran gutxi gorabehera antzeko neurriak lortzen dituzte.

Sinpleak txandakatuak eta peziolodunak dira, oinaldea irregularra dute eta forma oboidea eta giltzurrun formaren artekoa da, punta akuminatu batean amaitzen dira. Ertz zerratua dute eta gainalde berde iluna duten bitartean, azpialdea argiagoa dute aurkezten dituzten ile txuriei esker. Ile hauek gehien bat nerbioen galtzarbetan agertzen dira, eta pèzioloetan ere agertu ohi direla ikusi da.

Loreak

Zima zintzilikari erako infloreszentziatan antolatzen diren 1-6 bitarteko lore multzoak garatzen dira. Pedunkulu luzea dute eta horren erdialdean mihi forma duen braktea haundi bat dute, 8 zentimetrorarteko luzeera eta 1,5 zentimetrorarteko zabalera lortzen dutenak, kolore berde argi-horixkakoa izaten da. Braktea hori, bere luzeeraren erdirarte gutxi gora behera pedunkuluari lotuta dago.

Lore pentameroak direnez, kaliza askeak diren bost sepaloz eta korola askeak diren beste bost petaloz osatuta dago, petalo hauek tulesdura maila txiki bat aurkezten dute eta sepaloak baino haundiagoak dira. Androzeoan, oinaldean elkartuta dauden 40 estamin aske daude ginezeoa inguratzen, eta goi ginezeoa bost karpeloz osatuta dago, estilo batean elkartzen direnak eta bost gingil aurkeztuko dituen estigman amaitzen dena. 

Fruituak

Infloreszentzietatik agertuko diren infruteszentzia zintzilikarietan antolatzen dira.

Fruituaren forma biribildua eta udarearen artekoa da eta oso iletsuak izaten dira. Bost saihets nabarmentzen zaizkie eta 10 milimetro inguru neurtzen dute. Indeisdentea da.

Barnean 1-3 hazi egongo dira gero sakabanatu eta ale berriak emango dituztenak. Hala ere, gainazal gogorra dutenez, germinazio prozesu zaila izango dute. Hori dela eta, tratamendu bereziak jaso beharko dituzte hazi hauek arrakastatsuak suertatzeko, baina behar diren prozesuak pairatzen badituzte ere, ugal arrakasta baxuko espeziea da.

Antzeko espezieak

TIlia cordata
Tilia cordata

Espezie honek hosto txikiagoak ditu (3-9 zm bitarte) eta hostoaren azpikaldeko ileak gorrixkak dira. Gainera fruituak leunak direnez ez dira saihets markatuak aurkituko eta infloreszentzia ez da zintzilikaria izango, tentea baizik.


Tilia tomentosa
Tilia tomentosa

Oso antzekoak badira ere hostoen azpikaldeko ileak zuriak direlako, espezie honen  ileak izarkaradunak direnez, hostoen azpialdean zuri ilupaduna izatea eragiten dute. Gainera, Tilia platyphyllos-en hostoen azpialdeko ileak gehien bat nerbiazioen galtzarbean agertzen dira eta leunak edo bakunak dira, hauenak ez.

Banaketa

Europa erdialde eta hegoaldean zehar hedatzen den espeziea da. Euskal Herri osoan zehar aurki daiteke hegoaldean eta Iparraldeko hainbat zonatan izan ezik.

Tilia platyphyllos Tilia platyphyllos

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Taraxacum officinale
Txikoria-belarra, Sorgin-belarra edo Mando-belarra
Ulmus laevis
Zumar dilindaria
Ulmus pumila
Siberiako zumarra
Ficus carica
Pikondoa
Ligustrum vulgare
Arbustu arrunta, Karraskiloa
Viburnum opulus
Gaukarra, Andorra
Tilia cordata
Ezki hostotxikia


Ekologia

Klima epelak ditu gustoko eta eguzkipeko zein itzalpeko baldintzetan haz daitekeen espeziea da. Lurzoru karetsu zein silizeotan hazteko gai da (baseetan aberatsak diren lurzuruak ditu nahiago) eta trokarte, arroil eta amildegietan aurkitzen da bereziki. Lurzoru lehorretan hobe hazten dira. Baso misto higrofilo eta esziofiloen espezie ezaugarria da.

Fenologia

Loraketa udaberri amaieran ta uda hasieran ematen da, hots, maiatza, ekaina ta uztaila bitartean, eta fruituak uda amaiera eta udazken hasieraren artean ateratzen dira.

Erabilerak

Bere loren propietate lasaigarriari esker oso erabilia den zuhaitza da.

Loreak oso ezaguna den tila infusioa egiteko erabiltzen dira. Horretarako loreak uda aurrera egin ahala eta udazkena ailegatu aurretiko tartean hartzen dira. Biltzen diren lore horiek hirigune eta kutsatutako lekuetatik urrun egotea izaten da betebeharretako ezaugarri bat, gero lehortzen utzi eta poteetan sartzen dira. Loreek tanino ugari eta hamar azukre desberdin baino gehiago dituztenez onak dira indigestio, espasmo, hipertentsio, artritis eta arazo diuretikoentzat. Azala toxinak ezabatzeko ere erabiltzen da eta adaxkak ikatza egiteko erabiltzen dira, ona baita digestio arazoentzat.

Kosmetikan ere erabilia da azala eta ilea zaintzeko ona baita, enborra altzariak egiteko erabiltzen da eta azala laborantzan erabiltzen da zuntzak egiteko. Apaingarri bezela jartzen da herri eta hirietako parke eta jardinetan.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Fagetalia sylvaticae ordenari eta Tilio-Acerion aliantzako espezie ezaugarria da eta baso mistoak sortzen dutu Ulmus glabra, Tilia cordata, Acer platanoides, Aruncus dioicus, eta Stachys sylvatica landareekin. Allium ursinum, Cardamine Impatiens, Carex caudata, Corydalis bulbosa, Festuca altissima, Galium odoratum, Iris foetidus, Mercurialis perennis, Paris quadrifolia eta Potentilla sterilis landareekin ere elkarrekintzetan bizi da.

Kontserbazioa

IUCN sailkapenean ez da sailkatua izan.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2012/12/12 | Azken eguneraketa: 2014/01/02 | Bisita-kopurua: 2199 | Argazki nagusia: A. Barra

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...