Zumar dilindaria
Ulmus laevis

Zumar dilindaria zuhaitz hostogalkorra da, klima epel-hezeetako urertzetan aurkitzen dena, ibai handien inguruan edo lurzoru hezeetan zehar. Gune urperatuetan, hau da, baldintza anoxikoetan bizirauteko gaitasuna duen zumar bakarretakoa da. Europa erdian eta ekialdean zehar banatzen da. Europan arrarotzat hartzen da eta uholdeak ohikoak diren guneetan babestuz aurrera egiten du. Gainontzeko zumarretatik erraz bereizten da lorek zintzilikariak eta hauen pedizeloa luzea dutelako, samararen ertzak ziliatuak dituelako eta hosto azpialde guztia ilaunduna delako. Zumar amerikarrarekin (U. americana) estuki erlazionaturik dago; alogamoak dira. Polena eta haziak haizearen bidez banatzen ditu.

Ulmus laevis

Dibisioa
Magnoliophyta
Klasea
Magnoliopsida
Subklasea
Ordena
Urticales
Familia
Ulmaceae
Deskribatzailea
Pall (1784)
Estatusa

Morfologia

30 m-rainoko zuhaitza da eta ale helduetan enborra zuzena eta azala zartatua izaten da. Enborraren diametroa bi m baino gutxiagokoa da bularraren altuera inguruan. Zumar hostozabalaren (U. glabra) antzeko altuera du, baina itxuraz ez da horren simetrikoa adarren egitura irregularragoa delako eta ez delako horren borobila. Adabegiak pitin bat ilaundunak dira. Sustrai-sistema zabala da baina ez oso sakona. Horregatik, sustraiek moldapen gisa enborraren oinean kontrahorma itxurako ohol bereizgarriak eratzen dituzte.

Hostoak

Hosto erorkorreko zuhaitza da. Hostoak suborbikularrak dira, oina nabarmenki asimetrikoa dute eta lobulua nahiko handia da, 13 mm-koa. Lobuluaren luzera pezioloarenaren berdina da gutxi gorabehera. Txandakatuak dira, akuminatuak, eliptikoak, nahiko argalak eta 6-12 cm-ko luzerakoak. Ertza bitan zerratua dute, zumar hostozabalaren moduan eta pezioloa laburra da, 12 mm-koa. Azpialde guztia ilaunduna da, ile grisaxka luze eta finekin. Nerbiazioa pinatua da, 20 nerbiotarainokoa.

Loreak

Loreak hermafroditak dira eta zintzilikariak dira, kandu luzeetan kokatuak. Zimetan biltzen dira, 15-30 loreko sortetan eta oso ugariak dira. Zumar hostozabalean bezala, periantoa monoklamideoa da ez duelako petalorik. Periantoaren lobuluak asimetrikoak dira. Pedizeloak 35 mm-rainokoak izaten dira, nabarmenki luzeak beste zumarrekin konparatzen bada. Anemofiloak dira eta udaberrian hostoak agertu baino lehen loratzen dira.

Fruituak

Samara da fruitua, hazia erdian duen fruitu obalatua. Bereizten da hegalen ertza ziliatua delako. Puntan muxarradura sakon bat du. Hazia fruituaren erdian eta muxarretik urrun kokatzen da.

Antzeko espezieak

Ulmus americana

Zumar amerikarra Ipar Amerikan jatorria duen espeziea da, zumar dilindariarekin ahaidetua dagoena. Oso zuhaitz gogorra da, -42ºC-ko tenperaturak jasan ditzakena. Heldutasun sexuala 150 urterekin garatzen du, nahiz eta gaur egun hori oso zaila izan grafiosia dela eta.


Ulmus minor
Ulmus minor

Oin asimetrikoa du eta hostoaren lobulu basala periantoa baino motzagoa delako bereizten da, baita fruitua samararen goiko lehen herenean kokatua duelako ere.


Ulmus glabra
Ulmus glabra

Zumar hostozabala Ulmus generoko hostorik handienak dituena da eta gainontzekoak baino enbor azal leunagoa du. Altitude handiagoetara igotzen da mendian bere ahaideekin konparatzen badugu, esaterako zumar hostotxikiarekin (U. minor).

Banaketa

Europa erdialdean, ekialdean eta hego-ekialdean aurkitzen da, baita Asia Txikian ere. Frantzia ipar-ekialdetik Finlandia hegoalderaino zabaltzen da, ekialdean Uraletaraino eta hego-ekialdean Bulgaria eta Crimearaino iristen da. Inguru hauetan arraroa edo galtzeko zorian dagoen espeziea da.

Orain gutxi arte,  Iberiar penintsula iparraldeko zumar dilindariaren aleak, hasiera batean landatutako aleetatik naturalizatu zirela uste zen. Duela gutxiko azterketa batzuek (Fuentes-Utrilla 2008) baieztatu dute populazioen izaera espontaneoa dela. Espeziea azken izotzaldietan zehar klima leunagoko babeslekuetan mantendu da. Beraz, Zamora, Soria, Nafarroa eta Gipuzkoako populazioak espontaneoak eta erreliktikoak kontsideratzen dira.

Euskal Herrian ipar erdiko ibai batzuen ertzetako ibar-basoetan aurkitzen da eta, populazio honek berezko banaketaren hegoaldeko muga osatzen du. Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat erreketan ezagutzen da, hala nola Urola (Zumaia eta Azpeitia udalerrien artean), Agauntza (Ataunen) eta Araxesen (Gaztelu eta Lizartza arteko gune babestuan). Populazio hauek nahiko ugariak dira, bereziki Urola errekakoa eta adin desberdinetako aleek osatzen dute. Arabako Batan ibaian erreferentzia bat dago, baina ez da espontaneoa kontsideratzen.

Ulmus laevis Ulmus laevis

Habitatak



Habitat bereko espezie gehiago

Ficus carica
Pikondoa
Acer negundo
Negundo astigarra
Ulmus pumila
Siberiako zumarra
Tilia tomentosa
Ezki zilarkara
Tilia platyphyllos
Ezki hostozabala
Ulmus glabra
Zumar hostozabala


Ekologia

Ur-bazterretako espeziea da; ibaien inguruan, aintziren ertzetan eta leku hezeetan aurki daiteke, lurzoru fresko eta sakonetan. Banaketaren erdialdean dauden baso-estepetako lurzoru lehorrak jasateko gai da. Gutxitan aurkituko dugu 400 m-ko altitudetik gora. Baldintza anoxikoak jasateko gai den zumar bakarrenetakoa da.

Fenologia

Udaberri bukaeran (apirila-maiatza) hazia heltzen da eta anemokoria ematen da. Ur bazterretako habitatetan, fruituak ur gainean geratzen direnez distantzia handiagoak koloniza ditzake.

Erabilerak

Apaingarri modura erabiltzen da bereziki eta ikerketa ugari egin dira landaketa metodologia eta banaketaren inguruan.

Espezieen arteko elkarrekintzak

Grafiosiarekiko sentibera den arren, ez da kontsideratzen gaixotasun honek asko kaltetzen duenik, banaketaren mendebaldean behintzat. Ikerketek erakutsi dute Scolytus scolytus kakalardoak, hau da grafiosi gaixotasuna eragiten duen onddoaren bektoreak, ez duela zumar dilindaria gustuko bazka gisa.

Kontserbazioa

Ez da kontsideratzen arriskuan dagoen espeziea denik, baina taxon sentibera da. Erliebe baxuko ur-bazterretan hazten denez, deforestazioaren, nekazaritzaren eta industriarako lurzoruaren drainatzearen eraginez, espezie honek habitat ugari galdu ditu. Gaur egun, populazio gehienen banaketa area txikia da eta gainera nahiko isolatuak daude. Honek, populazio naturalei izaera erreliktikoa eman die. Populazio espontaneo autoktonoetan, erosio genetikoa gertatzeko arriskua dago, naturalizatu berri diren populazioz inguratuak daudelako eta bi hauen gurutzaketa jazo daitekeelako.

Zenbat populazio dauden ez dakigunez, EAEko flora baskularraren zerrenda gorrian datu gutxiegi (DD) moduan sailkatu da.

Esteka interesgarriak

Egilea: | Sorrera: 2013/01/31 | Azken eguneraketa: 2013/03/05 | Bisita-kopurua: 1593 | Argazki nagusia: Hermann Schachner

Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...