Negundo astigarra Ipar Ameriketakoa dugu jatorriz baina Europan ornamental modura landatzen hasi zenetik izugarri hedatu da kontinente honetan ere. Oso zuhaitz erresistentea dugu, kutsatutako zonaldeetan ondo hazten dena eta beraz, maiz lehenengoetarikoa da giza-jardueraren ondorioz asaldatutako guneetan hazten dena. Zenbait lekutan, espezie inbasoretzat ere jotzen da.
Zuhaitz txikia dugu negundo astigarra, biziraupen motzekoa eta gehinez 10-20 metroko altuera eta 30-50 cm-ko diametroa lortzen duena. Adar berdeak ditu, argizari gorrizka batez estaliak gaztetan.
Beste astigar batzuk ez bezala, honek hosto pinnatuak ditu, 5 folioloekin gehienetan (3 edo 7 ere izan ditzake). Hostoek 12-25 cm-ko luzera dute eta foliolo bakoitzak 6-10 x 3-7 cm-koa. Ez dago hiru foliolo baino gehiago dituen beste astigarrik. Hostoen ertzak sakonki zerratuak daude eta simetrikoak dira hostoen oinarrialdean.
Korinbo motako infloreszentziatan pilatzen dira loreak. Korinbo hauek dilindariak dira, eta 10-20 cm-ko luzera izaten dute. Loreak txikiak dira, eta beste astigarren loreen antzekoak. Gainontzeko astigarrak ez bezala, negundo astigarrak dioikoak dira, hau da, ale ar eta emeak daude.
Samara motako fruituak ematen ditu, bikoteka batzen direnak (disamarak). Samara hauek 1-2 cm-ko luzera dute eta 2-3 cm-ko hego kurbatuak izaten dituzte.
Zuhaitz hau Ipar Amerikakoa da jatorriz baina gurean ere naturalizatu egin da eta Europa hegoaldean zehar zabalduta dago, Iberiar Penintsulatik Alemaniaraino eta Ipar Afrikatik Norbegiako hegoalderaino. Euskal Herrian batik bat ornamental modura azaltzen da.
Landare heliofitoa da eta maiz hazten da zonalde istilduetan. Asaldatutako guneetan ere maiz hazten da eta beraz, giza jarduerak mesede egiten dio maiz, landare inbasoretzat ere hartuta dagoelarik zenbait zonaldeetan.
Udaberri hasieran loratzen da eta fruituak udazken hasieran heltzen dira.
Europan zuhaitz hau ornamental modura erabiltzen da. Kalitate txarreko egurra du eta beraz, soilik asaldatutako zonaldeen birpopulazioan erabiltzen da gurean, hazkuntza azkarrekoa baita eta kutsadurarekiko erresistzentzia handia azaltzen duen espeziea.