Onddoak

Boletus aereus
Onddobeltza

Perretxiko zaleen artean estimatuena da, trofeo moduan erakusten da. Udazkeneko onddozuriaren (Boletus edulis) antza handia du, eta desberdintasun nabarmenena txapelaren kolorean dago; onddobeltzak, izenak dioen bezala, kolore ilunagoa du. Hanka lodia du eta goialdean saretxo batez estalia agertzen da. Mamia zuria eta trinkoa da, airearekin kontaktuan urdintzen ez dena. Udatik udazkenera arte hostozabalen basoetan aurkitu daiteke perretxikoa hau.
 

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Boletus aereus

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2012/02/06
Azken eguneraketa: 2012/02/13
Bisita-kopurua: 1524

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Boletales
Familia: Boletaceae
Deskribatzailea: Schaeff. (1774)
Sinonimoak
Boletus variegatus var. aureus
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Txapelak, hasieran esferaerdi forma duen arren, adinarekin ganbil formara jotzen du. itxura lodikoa da eta 8-25 cm-ko diametroa du. Kolore aldakorra izan ohi du, ia beltzetik marroi ilunera edo arre-okrera. Kutikula lehorra da, mamitik bana daitekeena. Garai lehorretan ireki egiten da mami zuria ikustaraziz. Gazteetan belusatua da eta askoz leunagoa garatuetan.

Estipea

Lodia da,  5-15 x 3-8 cm bitartekoa eta potxolo xamarra behetik. Iltze forma du eta okrearen antzeko beixa, amaieran marroi gorrixka kolorea hartzen du. Goialdean saretxo zurixka batez estalia agertzen da.

Mamia

Zuria eta trinkoa da, airearekin kontaktuan aldatzen ez dena. Burdin sulfatoarekin erreakzionatzean berde argi kolorera aldatzen da mamia. Zapore atsegina eta lurrintsua du, usaina bezalakoa.


Mikromorfologia

Esporak

Jalkinean oliba-marroiak, fusiformeak eta 12-16 x 4-4,5 μm-koak.


Ekologia

Habitata

Hosto zabalen azpian agertu ohi da, hariztietan, pagadietan, artadietan eta gaztainetan batez ere. Lur silizeoetan, pobreetan eta azidoetan hazten da, pH 4 eta 6 artean. Lur aske eta drainatze oneko edo buztin geruza duten lurzorutan agertzen da. Gutxieneko prezipitazioa 500 mm-koa da, nahiz eta oparoa den 700 mm-tik gora. 

Perretxiko-garaia

Udaratik udazkenera arte topatu daiteke onddo honen perretxikoa.

Jateko balioa

Oso jangarri ona da, eta oso preziatua gainera.

Antzeko espezieak
Boletus edulis

Txapelaren kolorea ahulagoa da, eta kutikula lingirdatsuagoa du.

Udazkeneko onddozuria ( Boletus edulis )

Boletus pinophilus

Perretxiko honen txapelak kolore arre-gorrixka du.

Kaskabeltz ( Boletus pinophilus )

Boletus reticulatus

Kolore argiagoa du eta uda hasieran ateratzen da.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...