Onddoak

Boletus appendiculatus
Onddo hankazorrotza

Onddo honen perretxikoa udaberri erdialdean agertzen da eta udazkenera arte irauten du. Hanka, poroak eta mami trinkoa hori kolorekoak dira, ebakitzerakoan berde-urdintzeko joera txikia dute, eta berehala jatorrizko kolorera bueltatzen dira. Perretxikoa jangarria da, zapore eta usain atseginak ditu; hala ere, jateko orduan hanka kentzea gomendatzen da.

Argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea
Boletus appendiculatus

Artikuluari buruz
Egilea:
Sorrera: 2012/02/03
Azken eguneraketa: 2013/03/29
Bisita-kopurua: 1084

Motzean
Taxonomia
Dibisioa: Basidiomycota
Klasea: Agaricomycetes
Ordena: Boletales
Familia: Boletaceae
Deskribatzailea: Shaeff. (1765)
Sinonimoak
Boletus radicans var. appendiculatus
Tubiporus appendiculatus
Ekologia
Mikorrizikoa
Jateko balioa
Jangarria
Perretxiko-garaia
Perretxikorik ez
Perretxikoak bai

Makromorfologia

Pileoa

Txapelak hasieran duen forma hemisferikotik, ganbil zabalera jotzen du. Normalean, 8-16 cm-ko diametrokoa da, baina batzuetan, 18 cm baino gehiago izan dezake. Ertz gaineztatua eta inkurbatua du, eta gainaldeko uhinak irregularki banaturik daude. Kutikula ilupaduna du, eta gris-okreskaren eta marroi ilunaren arteko kolorea.

Estipea

Hanka erraboilduna eta sendoa da, 6-18 x 1,5-5 cm-koa. Zahartzerakoan luzatu egiten da, eta zenbaitetan, sustraikera sendo eta nabaria izaten du. Hanka okre-horia da, baina oinaldean kolore arrearekin nahasten da. Goialdean, kolore bereko saretxoa izaten du.

Mamia

Mamia lodia eta tinkoa da, hori-zurbil kolorekoa eta ebakitzean urdinera oso gutxi aldatzen dena. Hankeko mamia gogorragoa da, kortxoaren ehunduraren antzekoa, eta mozterakoan gorrixka bihurtu daiteke. Zapore eta usain atseginak ditu, hurra zaporea eta intxaur berriaren usaina.


Mikromorfologia

Esporak

Jalkinean oliba-arreak dira, eta mikroskopiotik begiratzean kolore hori lausokoak. Lauak eta eliptikoak dira, 10-14 x 4-5 μm-koak.


Ekologia

Habitata

Hostozabalen basoetan agertzen da, nahiz eta baso mistoetan ere aurkitu izan den. Bakarka edo talde txikitan ateratzen da beti.

Perretxiko-garaia

Perretxikoak udaberriaren erdialdetik udazkenaren bukaera arte irauten du.

Jateko balioa

Jangarri bikaina da, baina hanka kentzea gomendatzen da.

Antzeko espezieak
Boletus speciosus

Honen txapela gorrixka da.


Boletus regius

Honen txapela ere gorrixka da.


Erregistra zaitez

Erregistra zaitez!

· Parte hartu edukiak hornitzen eta eztabaidatzen 
 
· Igo itzazu argazkiak, bideoak, liburuak, estekak...